Ekaitza baretu zenean eta prentsaren aurrean elkarrekin agertu zirenean, batuta daudelako irudia eman nahi izan zuten Eduard Pujolek eta Sergi Sabriak, JxC Junts Per Catalunyako eta ERC Esquerra Republicanako talde parlamentarioetako bozeramaileek. Baina Kataluniako Gobernuak batasun hauskorraren irudia eman zuen atzo, beste behin. Ustez adostuta zeukaten auzi batek, diputatu kargugabetuen boto delegazioaren tramitazioak, kontu erretoriko batek, eragin zuen Generalitateko bi bazkideen arteko hamaikagarren tirabira. Zenbait orduz JxCren eta ERCren arteko gobernu akordioa kolokan zegoela zirudien. Ezohiko bilera batera ere deitu zuten arazoa konpontzeko. Bulego batean bildu ziren bi indar subiranista nagusietako parlamentari nabarmenenak, eta, hiru ordu pasaren ondoren, akordio bat lortu zuten, eta, bide batez, ganberan gehiengo subiranistari eustea bermatu. Pujolek eta Sabriak nabarmendu zutenez, gobernuaren «egonkortasuna» bermatuta dago. Egunak luze jo zuen, ordea, akordio hori ez baitzuten ontzat jo parlamentuko letradunek, eta, oposizioko alderdien kexen eta desadostasunen ondoren, politika orokorrari buruzko osoko bilkura atzeratzea erabaki zuten.
Berez, formalismo batek eragin zuen bat ez etortzea. JxC eta ERCk adostutako ebazpen bat onartu zuen legebiltzarrak joan den asteartean. Horren arabera, prozesu subiranistaren kontrako kausa judizialaren ondorioz Auzitegi Gorenak duela ia hiru hilabete kargutik kendutako sei diputatuek beren botoa delegatzen jarraitu ahal izango dute, horretarako beren talde parlamentarioko pertsona bat izendatuta.
ERCk kartzelatuak dituen bi diputatuek, Oriol Junquerasek eta Raul Romevak, herenegun egin zuten horretarako tramitea, bakoitzak dokumentu bat aurkeztuta, eta Sabria izendatu zuten beren eskubide politikoak gauzatzeko. Atzo goizean, baina, Carles Puigdemont erbesteratuaren eta Jordi Turull, Jordi Sanchez eta Josep Rull espetxeratuen idazkiak falta ziren; JxCkoenak, alegia. Osoko bilkura hasi aurretik, Albert Batetek (JxC) parlamentuko mahaiko bilerara jo zuen idazki batekin, eta maiatzean lau parlamentari horiek botoa delegatzeko egindako tramitazioa gehitu zuen. Kataluniako zenbait hedabidek iturri parlamentarioak aipatuz kaleratu zutenez, Roger Torrent parlamentuko presidenteak (ERC) adierazi zion lau diputatuek banakako dokumentuak aurkeztu behar zituztela. Ganberako legelariek ohartarazi zuten, gainera, hala egin ezean haien boto delegatuak ezingo zirela ontzat hartu. Eta kasu horretan, independentismoak gehiengoa galduko luke legebiltzarrean.
Horrek ezohiko bilera bat eragin zuen. JxCren aldetik, Quim Torra Generalitateko presidenteak, Elsa Artadi Presidentetza kontseilariak, Josep Costa Mahaiko lehen presidenteordeak, Batetek eta Pujolek parte hartu zuten; ERCren aldetik, Pere Aragones Kataluniako Gobernuko presidenteordeak, Ernest Maragall Atzerri kontseilariak, Sabriak eta Torrentek. Puigdemont ere bilera gelan egon zen, telematikoki. Goizean, krisia azaleratu zenean, presidente kargugabetuak Twitter bidez esan zuen parlamentua «burujabea» dela.
17:30ean, agerraldia egin zuten Pujolek eta Sabriak. Ia-ia justifikatu egin zuten gertatutakoa, azpimarratuz egoera «ezohiko bat» bizi duela parlamentuak, «erbesteratzeen eta kartzelatzeen ondorioz». Sabriaren esanetan, horrek beren jarduna baldintzatzen du. Pujolentzat, uneoro «presiopean» dagoen legebiltzar batek ezin du bere lana «normaltasunez» egin. ERCkoaren ustez, diputatuak ez daude kargutik kenduta, asteartean kargugabetzeen kontrako ebazpen bat onartu zuelako parlamentuak. Pujolek, berriz, egoera bere osotasunean hartuta «ulerkorrak» izan daitezela eskatu zien herritarrei, eta berretsi zuen U-1ean herritarrek emandako «agindua» betetzeko «erantzukizuna» dutela.
Abokatuak, kontra
Ganberako letradunen ustez, akordioak ez ditu Batetek aurkeztutako agirien «akatsak konpontzen», baina mahaiak hori kontuan ez hartzea erabaki zuen. Erreakzio soka luze bat eragin zuen horrek: oposizioak kexak aurkeztu zituen, eta auzitara jotzeko mehatxua ere egin zuen. En Comuk, asteartean ERCrekin eta JxCrekin batera akordioa egin zuen indarrak, sinatutakoa ez betetzea leporatu zion JxCri. Azkenerako, gauean, Torrentek erabaki zuen osoko bilkura atzeratzea.
Batasun hauskorraren irudia
Diputatu kargugabetuen boto delegazioaren tramitazioak kolokan jarri du JxCren eta ERCren arteko gobernu akordioa. Ezohiko bilera baten ondoren ados jarri dira, eta «egonkortasuna» bermatu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu