Batasunerako Diada

ANC Biltzar Nazional Katalanaren arabera, Generalitateak erabakiak hartu beharko ditu Bartzelonako martxa «jendetsua bada»Independentziaren aldarria indartzeak alderdiak iritzia ematera behartu ditu

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Pixkanaka indartu da azken asteotan independentziaren aldeko aldarria Katalunian. Bi udalek beren herriak «lurralde katalan aske» deklaratu dituzte, esaterako, eta Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok onartu du Kataluniaren burujabetza nazioarteko arauen arabera eztabaidatu behar dela. Motorrak berotuz joan dira independentistak gaurko Diadarako —Kataluniako Aberri Eguna—, eta ANC Biltzar Nazional Katalanak antolatuta Katalunia, Europako estatu berria lelopean egingo den manifestazioak ordezkari politikoak iritzia ematera behartu ditu.

«Historikoa» izango da gaurko eguna, Francesc Homs Generalitateko bozeramailearen arabera, eta Kataluniako herritarrei antolatutako ekitaldi guztietan parte hartzeko deia egin die. Artur Mas Genelaritateko presidenteak dagoeneko adierazi du ez duela ANCk deitutako manifestazioan parte hartuko, baina «herritarren aldarria bere bihotzean» izango duela. Homsek, berriz, ez du argitu martxan parte hartuko duen edo ez, baina herritarren parte hartzea «baketsua eta baikorra» izan dadila eskatu du.

Homsek Kataluniako Gobernuaren ordezkari modura herritarrei deia egin izanak, ordea, PPren haserrea eragin du. Kataluniako PPko presidente Alicia Sanchez-Camachok, esaterako, haren kudeaketaren «paralisia ezkutatzeko» Diada «zuribide» modura baliatzea egotzi dio Masi. Horrez gain, Camachok adierazi du gaur arratsaldeko manifestazioa Kataluniako ekonomiarentzat «kaltegarria» izango dela; haren hitzetan, Europari «mezu okerra» igorriko diolako.

Espainian ere mintzagai

Orain artean Diadaren inguruko adierazpenik egin ez badute ere, Katalunian independentziaren alde indartu den aldarriak Espainiako alderdiei ere eragin die. PPk, esaterako, adierazi du ez duela Bartzelonako martxan parte hartuko «konstituzioaren aurkakoa» delako eta Alderdi Popularrak «legea betetzen duelako». PPko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedalen arabera, Diadako manifestazioak «espainiar denek erabakitakoa» urratuko du.

PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako bozeramaile Jaume Collbonik adierazi du bere alderdiak ez duela ekitaldiarekin bat egingo. Hala ere, PSCko zenbait ordezkari katalanistek adierazi dute manifestaziora joango direla, eta Cospedali «harrigarria» iruditu zaio PSOEk bere kideei halako erabakia hartzen uztea. ANCko idazkaritza iraunkorreko buru Angels Folchek, berriz, nabarmendu du «txalotu» egin behar dela PSCko ordezkari batzuek martxarekin bat egin izana. Horrez gain, adierazi du ANCk ez duela alderdien arteko gatazkarik sustatu nahi eta gaurko martxa baketsua izan dadila desiratu du.

Halaber, PSCko katalanistek alderdiari eskatu diote Kataluniaren autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidea eztabaida politikoan txertatzeko. Eta sozialistek alderdi modura independentziaren aldeko martxari atxikimendurik eman ez badiote ere, Collbonik nabarmendu du PSCk «kontuan hartuko» duela herritarrek Diadan helaraziko duten mezua, eta are gehiago, beharrezkoa bada alderdia prest dagoela bere izaeraren inguruko barne eztabaida egiteko ere.

Etorkizuneko Katalunia

Atxikimenduak eta parte hartzea gorabehera, ANCko presidente Carme Forcadell itxaropentsu dago, eta haren hitzetan, «martxa jendetsua izanez gero, gobernuak erabakiak hartu beharko ditu». Lehengo astean herritarren babesak «aurreikuspenak gainditu» dituela adierazi bazuen ere,Vilaweb atariari eskainitako elkarrizketan azaldu du Kataluniako «ezinegona kontuan izanda», herritarrek haserre hori kanporatzeko zerbaiten beharra dutela. Hala ere, onartu du ANCk manifestaziorako deia egin zuenean ez zuela espero Bartzelonara joateko 1.000 autobusetik gora beteko zirenik.

Gaur arratsaldeko lauretan hasiko dira ANCk antolatutako ekitaldiak, eta ordurako haur txikiekin Gran Viako Pau Clarisizkinara joateko eskatu die mugimenduak herritarrei. Nazioarteari Etorkizuneko Katalunia erakusteko argazki jendetsua atera nahi dute bertan. Horrez gain, gaurko martxan independentziari «argi berdea» eman ahal izango diote Kataluniako herritarrek. Horretarako banatu ditu ANCk kartoi mehe berdeak Kataluniako egunkariekin eta eskualdeetako argitalpenekin batera, manifestazioan parte hartuko duten herritar guztiek batera altxatu ditzaten.

SI Independentziaren Aldeko Elkartasun Katalana alderdia ere baikor azaldu da Diadako martxari dagokionez. SIko idazkari nagusi Uriel Beltranek azpimarratu du «itzulerarik gabeko inflexio puntua» dela gaurko manifestazioa, eta Kataluniaren independentziaren aldeko prozesua azkartuko duela. Herritarrei mobilizazioan parte hartzeko deia egiteaz gain, azaldu du SIk estatu propioa aldarrikatzeko proposamena eramango duela parlamentura. Horrela herritarren ahotsa ez isiltzea eta parlamentuan entzunaraztea lortu nahi dute, Beltranen arabera.

Baina denak ez datoz bat aukera onena independentzia dela aldarrikatzerakoan. Izan ere, Generalitateko presidente ohi Jose Montillak adierazi du egungo autonomia estatutua «ahal bezainbat garatu» behar dela, eta esan du gainerako aukerek dakarten «arriskua» dakartela. Montillaren arabera, burujabetzaren aldeko estrategiek «Kataluniaren autogobernuari kalte egiten diote», eta gaineratu du agintarien lehentasuna «Katalunia krisitik ateratzea» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.