GREZIA

Batzartuta daude Tsipras eta Putin, EBren ezinegona gorabehera

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa Moskun da, baina ez du argitu hitz egingo duten Errusiak Grezia finantzatzeaz. Tsiprasek Errusiara egindako lehenbiziko bidaia ofizialak urduri jarri du EB, Atenastik nabarmendu duten arren topaketa arrunta izango dela.

Alexis Tsipras eta Vladimir Putin. ALEXANDER ZEMLIANICHENKO/POOL
Samara Velte-Jon Olano
2015eko apirilaren 8a
07:24
Entzun 00:00:0000:00:00

Erraldoien artean jauzika dabil Greziako gobernu berria. Alexis Tsipras lehen ministroak gaur du lehenbiziko bisita ofiziala Errusiara. Bilerara sartu aurretik, Putinek adierazi du "oso egokia" dela batzarra: "Garai bateko elkar truke komertziala berreskuratzeko moduaz hitz egin behar dugu". Putinek gogorarazi du 2009 eta 2013 artean bi herrialdeen arteko merkataritza bikoiztu egin zela, baina iaz, ordea, %40 murriztu.

Lore eskaintza bat egin du soldadu ezezagunaren oroitarrian Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batzartu aurretik. Greziako gobernuburuak Twitter bidez azaldu duenez, "faxismoari aurre egin eta azpiratu zuten" Soviet Batasuneko soldaduak omendu ditu horrela.

Tsiprasen bisitaz hitz egin du Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak. Esan duenez, Europako herrialdeek beren interes nazionalen arabera jokatu behar dute, eta ez "elkartasun printzipio faltsuengatik, guztiak arditegi antierrusiarrean mantentzeko". Tsiprasek Moskura eginiko bisitaren harira Europako estatu kideetako hainbat ordezkarik eginiko adierazpenak kritikatu ditu horrela Lavrovek.

Atenasek eta Moskuk propio nabarmendu dute agintarien arteko topaketa arrunta izango dela; bi herrialdeek askotariko harremanak izan dituztela historian, eta arlo guztiei buruz hitz egingo dutela. Baina alferrik: Bruselak luparekin behatzen du Tsiprasen keinu bakoitza, eta Vladimir Putin Errusiako presidentearekin biltzeko asmoak are gehiago puztu du EB Europako Batasunaren errezeloa.

Syriza ezkerreko alderdia agintera helduz geroztik, zurrumurru ugari hedatu dira Tsiprasek Errusiarekin egin ditzakeen itunen inguruan; zenbait hedabidek ere iradoki dute isilpeko erreskate bat negoziatzen ari direla, Greziako aurreko gobernuak troikarekin hitzartutakoari izkin egin ahal izateko. Errusiako Kommersant egunkariak argitaratutako informazioak are gehiago aztoratu ditu bazterrak: haren arabera, Mosku prest legoke Atenasi zeharkako bideetatik babes ekonomikoa emateko.

Gianis Varufakis Greziako Finantza ministroak kategorikoki ukatu du Errusiari laguntza ekonomikoa eskatzeko asmoa dutela, eta nabarmendu du krisi ekonomikoa Europako Batasunaren barruan konpondu beharreko arazoa dela. Errusiatik batez ere bi gai zaizkio interesgarri Greziari. Alde batetik, gasa: Gazprom Errusiako estatuko enpresak Greziako merkatuaren %65 inguru kontrolatzen du jada, eta Errusiatik Turkiara doan hodi berria ere bertatik igaroko dela iragarri dute. Trukean, gas salmenten prezioa jaisteko prest legoke Mosku; hala azaldu dio Kommersant-i iturri ofizial baina anonimo batek. Panaiotis Lafazanis Greziako Energia ministroa Gazpromeko buruarekin elkartu da dagoeneko, eta iragarri dute Errusiako hainbat enpresak ere parte hartzeko asmoa dutela Greziako kostaldeko gas eta petrolio ustiapenetan.

Blokeoa eta zigorrak

Bien artean lehenbailehen ebatzi nahi duten beste auzia elikagaien blokeoa da. Ukrainako gatazka dela-eta jarri dizkioten zigor ekonomikoei erantzuteko, Moskuk ere mugak ipini dizkie EBko produktu batzuei. Iazko abuztutik blokeatuta daude nekazaritza eta elikadura arloko inportazioak, eta Grezia da neurri horrek gogorren jo dituen herrialdeetako bat. Ordura arte, Errusia izan ohi zen haren merkataritza kide nagusia EBtik kanpo; frutei eta kontserbei ipinitako enbargoaren erruz, Greziako ekoizleek 178 milioi euro inguru galdu dituzte urtebetean.

Errusiaren aurkako zigor ekonomikoek EBko estatu guztien babesa behar izaten dute. Aski litzateke herrialde batek betoa ipintzea —Greziak, adibidez— haiek eragozteko. Atenasko aurreko gobernuak zigorren alde egin zuen, baina Tsiprasek gogor kritikatu ditu: gerra ekonomikoa «inora ez doan bidea» dela adierazi berri dio Itar-Tass agentziari, eta Europako «segurtasun egitura berriek» Errusia ere barne hartu behar luketela.

Bruselarentzat ezten mingarria da Atenas eta Mosku euren kabuz elkartzen ikustea. Alemaniatik ohiz kanpoko minberakeriaz kritikatu dute bi agintarien arteko bilera. Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak «onartezina» dela esan du, eta «Europak Errusiarekiko daukan batasun politikoa» arriskuan jartzea egotzi dio Greziari. Sigmar Gabriel Alemaniako kantzilerordeak «jokotxoak alde batera» uzteko eskatu dio: «Inork ezin lezake serioski proposatu Europari bizkarra ematea eta Errusiaren besoetara gerturatzea».

Alferrik gogorarazi diete Atenastik ez dutela Moskuren satelite bihurtzeko asmorik: Bruselari zauria eta gatza elkartu zaizkio, eta, arriskua txikia izanagatik ere, erasoa sentitu da. EBko goi bulegoetan jakin badakite sinpatia gutxi dietela Atenasen, eta lehen ere gertatu izan zaie ekonomikoki estutu dituzten herrialdeek bizkarra ematea, Ukraina kasu.

Greziak sarri begiratu izan du Errusiara mendebaldetik babesa falta izan zaionean, eta oraingoan ere ate bat zabalik utzi nahi du. Nolanahi ere, keinuaren helburua gehiago da Brusela eta Berlin izutzea, Errusiarekiko aliantza estuegia bilatzea baino. «Badira bi aldeentzako abantailak elkarrengana hurbiltze horretan», adierazi du Kostas Iordanides analista politikoak: «Baldin eta elkarrengana gerturatzen badira, baina ez gehiegi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.