Baxar al-Assad: «Siriarra naiz, Sirian hazi naiz; Sirian bizi eta hil behar dut»

Nazioarteko Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, kaltetuei laguntza emateko gero eta zailtasun gehiago du

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Errusia du aliatu nagusietako bat, Errusiakoa da RT telebista katea, hedabide horri eskaini dio Baxar al-Assadek elkarrizketa esklusiboa. «Ez naiz Mendebaldearen txotxongiloa, sartaldera edo beste norabait abiatzeko. Ni siriarra naiz, Sirian hazi naiz; eta Sirian bizi eta hil behar dut». Erbestera bidali nahi duten atzerriko —David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak asteon esan du Al-Assadi «irteera segurua» eskaintzeko prest legokeela— eta etxeko ikus-entzuleei eskainitako erantzunak,berriz, Muammar Gaddafiren «ez naiz Libiatik joango; martiri baten gisan hilko naiz» hura dakar akordura. Gaddafi hil zuten; Al-Assadek esan gabe dio, bera hiltzekotan, Sirian hil beharko dutela.

RT kateak gaur emango du Al-Assadi egindako elkarrizketa osoa. Siria inbaditzeko aukerei buruz mintzo da: «Esku hartzea, gertatuko balitz, garestiegia litzateke munduarentzat. Siria da laizismoaren, egonkortasunaren eta elkarbizitza baketsuaren azken gotorlekua munduko bazter honetan». Sirian arazoak hasiz gero, lehen ministroak azpimarratu duenez, «herrialde guztiei» eragingo dien erantzun kate bat sortuko da, «Atlantikotik Ozeano Bareraino eta mundu osoraino». Horregatik, ez du uste Mendebaldeak inbasioaren bidea hartuko duenik. «Hala ere etorriko balitz, inork ezingo du aurrikusi ondoren gertatuko dena».

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak, berriz, Sirian dagoeneko gertatzen ari denaren ondorioak ekarri zituen gogora atzo. «Giza egoera txartu egin da, gatazka gaiztotu ahala, eta, gero eta jende gehiagorengana heltzen garen arren, ez gara gauza denei laguntzeko», adierazi zuen Peter Maurer erakundeko presidenteak. Gatazkaren kalteen erritmoari eutsi ezinda ei daude gerra hedatzen ari den bitartean. Horrela, bi aldiz dira biktima siriar zibilak, «murrizketa burokratiko, militar eta estrategikoen» ondorioz. Murrizketa horien adierazle, Homs hirira duela egun gutxi batzuk sartu ahal izan zutela. «Bi orduz bakarrik egon ginen han, baina lorpen izugarria izan zen, han gertatzen ari denaz eta beste hainbat tokitan gerta daitekeenaz jabetzen lagundu digulako».

Giza korridorerik ez

NBE Nazio Batuen Erakundetik ere giza korridore bat irekitzea eskatu izan duten arren, Gurutze Gorriko presidentea «eszeptiko» ageri da halako bat irekitzeak izan ditzakeen ondorioei buruz, «operazio militarrak giza operazioekin nahasten» lagundu ohi dutelako, haren ustez. «Herrialde baten aire eremua edo lurraldea militarki okupatu nahi duzula esatea hobe da. Asmo horri giza operazio deitzeak arazoak sortzen dizkit».

Erbesteko siriar mediku elkarteren baten salaketei erantzunez, herrialdeko Ilargi Erdi Gorriarekiko «erabateko konfiantza» daukala nabarmendu zuen Maurerrek, nahiz eta onartu «giza laguntzako operazio jakinen bat» oker aritzeko aukerarik egon badagoela.

Maurer Damaskon izan zen irail hasieran, eta Al-Assaden gobernuak Gurutze Gorriaren ordezkariei espetxeak bisitatzeko aukera izango zutela agindu ziela esanez joan zen Siriatik. Atzo jakinarazi zuenez, ez da aurrerapausorik egin horretan. Siriako armadako goi kargudun batekin harreman zuzena edukitzea ere agindu ei zion Damaskok irailean, operazio militarren berri edukitzeko, baina «duela pare bat egun arte» ez omen dira harreman horiek izaten hasi.

Oposizioko indar armatuek atxilotutako militarren egoerari buruz ere, ez omen dute aurrera egiterik lortu. Aginte bateratu bat ez egoteak «zail» egiten ei du harremanetarako zubi egokiak aurkitzea.

Gurutze Gorria herrialde barruko oposizioarekin elkarrizketa lortzeko zailtasunez aritu bitartean, atzerritik Al-Assadi oposizioa egiten ari den SNC Siriako Kontseilu Nazionala presidentea, idazkaritza nagusia eta batzorde eragilea aukeratzen ari da Qatarreko hiriburuan, Dohan. 420 kideko Batzar Nagusia osatu dute, 32 gazte erakunde eta 24 talde politiko bilduta.

Turkiaren misilak

Turkiarekiko mugetatik oso gertu, Kurdistango lurraldeetan, Damaskoko gobernuaren indarren eta matxinoen arteko borroka gogorrak gertatu ziren atzo. Hori dela eta, Turkiako presidente Abdullah Gulek atzo bertan baieztatu zuenez, NATOrekin «eztabaidatzen» ari dira Patriot misilak erabiltzeko aukerak. Misil horiek Siriarekiko mugan jartzea litzateke Turkiaren asmoa. Erdogan lehen ministroak herenegun ezeztatu zuen hori, baina Gulek atzo nabarmendu zuenez, «Siriaren mehatxuei» aurre egiteko «edozein arma» erabiltzeko eskubidea daukate turkiarrek. «Siriarekiko gerra bat hastea» ez ei dago mahai gainean, hala ere.

Eztabaidak eztabaida, Armeniatik Siriara zihoan hegazkin bat lurreratzera behartu zuten turkiarrek atzo. Joan den hilean hegazkin bera geldiarazi zuten. Hiru ordu eta erdiko miaketa egin eta gero, giza laguntza bakarrik zeramala jakinarazi zuten orduan.

Kurdistango Ceylanpinar herrian, berriz, ikastetxeak itxiarazi zituzten turkiar agintariek. Siriarekiko mugatik oso gertu dago herria, eta mugaz bestaldeko borrokek ikasleak arriskuan jar ditzakeela adierazi zuen hango gobernadoreak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.