Baxar Al-Assad Siriako presidenteak lehen ministro berria izendatu du, eta, hala, amaiera eman dio joan den astelehenean publiko egin zen botere hutsuneari. Wael al-Halki da Damaskoko gobernuburu berria, orain arteko Osasun ministroa. Riad Hijab lehen ministro ohiak joan den astelehenean lagatako kargua beteko du—lau egunotan Omar Galauany lehen ministrordeak bete du behin-behinean—. Jordanian dago Hijab, baina oraindik ez da argitu zerk eragin duen haren ihesa: desertzioa izan ote den, oposizioak dioen bezala, ala Al-Assadek kargutik kendu ote zuen, gobernuak berretsi duen legez. Bi hilabete baino ez zituen egin gobernuaren gidaritza lanetan.
Hijab bezala, Al-Halki ere sunita da, eta Daraan jaioa gainera, duela hamazazpi hilabete Al-Assaden kontrako matxinada piztu zen hirian. Siriako gizartean sunitak dira gehienak (%74 inguru), eta oposizioa sunitek gidatzen dute. Izan ere, assadtarrak alauitak dira, xiismoaren adar batekoak. Hala ere, presidentearen jarraitzaile sutsua da Al-Halki; Baath alderdiko idazkari nagusia izan zen Daraa probintzian 2000tik 2004ra, eta 2010etik gidatu du Osasun Ministerioa. Horregatik, AEBek zigortutako Siriako goi kargudunen artean dago hura ere.
Bestalde, Siriako Armada Askeak aitortu du bere kideek alde egin dutela herrialdearen iparraldeko Halab hiriko Salah al-Din auzotik, «arrazoi taktikoengatik». Dena dela, armadak hiriabonbardatzen jarraitzen du. Siriako telebistak jakinarazi duenez, Salah al-Dinetik kanporatu dituzte «terroristak», baita beste hainbat auzotatik ere.
Siriako hiririk handienetan bigarrena da, eta gune ekonomiko nagusia. Gainera, Turkiako mugatik 50 kilometrotara dago, eta handik nazioarteko giza laguntza eta armak jasotzeko aukera izango luke oposizioak. Hiria kontrolpean hartu eta Damaskori erasotzeko «eremu seguru» bat sortzeko asmoz ekin zieten borrokei matxinoek duela bi aste. Baina armada ari da hiriaren kontrolaz jabetzen. Atzo, ehun lagunetik gora hil ziren Siria osoan borroketan, oposizioaren arabera.
Borroka gogorren ondorioz, milaka lagunek etxetik alde egin dute, eta Turkian hartu dute babes. Ankararen arabera, dagoeneko 50.000 errefuxiatu daude bertan. Azken bi egunetan bakarrik, 2.000 lagunek baino gehiagok gurutzatu dute muga. Halabetik ihesi gehienak. Bestalde, 160 etorkinez betetako txalupa bat iritsi da Italia hegoaldeko kostaldera, eta Siriatik abiatu direla azaldu dute. 48 ume zeuden txalupan.
Sarkozyren adierazpenak
Aire eremuaren debekuak eta nazioarteko esku hartze militarrak protagonismoa hartu dute beste behin. Etxe Zuriak adierazi du, Libian bezala, Sirian ere ez duela baztertzen aire eremua debekatzea. Barack Obama presidentearentzat «aukera guztiak» mahai gainean daudela jakinarazi du John Brennan Etxe Zuriaren «Antiterrorismo» gaietarako aholkulariak. Gainera, NBEren behatzaileak Siriatik ateratzearen aldekoa dela esan du Washingtonek, hango «muturreko indarkeriagatik».
Brennanek baino argiago berba egin du Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiak. Siriako gatazkak eta Libiakoak «parekotasun handiak» dituztela esan du, eta nazioartearen «berehalakoesku hartze militarra» eskatu du, SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko presidente Abdulbaset Siedarekin bildu ostean.
Sarkozyren adierazpenek haserrea eragin dute Frantziako gobernu sozialistan. «Harritu egin nau Sarkozyk polemika egin nahi izatea hain gai serioarekin. Beste zerbait espero zen presidente ohiarengandik», azaldu du Laurent Fabius Atzerri ministroak. Haren ustez, oso ezberdinak dira Libia eta Siria. «Lehenik, kokapen estrategikoagatik. Libano, Israel, Turkia, Jordania eta Irak baititu ondoan. Eta, bestetik, armategi handiak dituelako, kimikoenak batez ere».
2008ko uztailean Parisko Eliseo zelaietan Al-Assad presidenteari «handikeriaz betetako harrera» egin ziola gogorarazi diote sozialistek presidente ohi kontserbadoreari.
Baxar Al-Assadek Al-Halki Osasun ministroa izendatu du gobernuburu
Oposizioko Siriako Armada Askeak aitortu du Halabeko Salah al-Din auzotik alde egin dutela, «arrazoi taktikoengatik»Turkiako Gobernuak jakinarazi du dagoeneko 50.000 iheslari jaso dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu