Bayrou eta Royalek bat egitea eskatu du Rocardek, Sarkozyri aurre egiteko

Frantziako lehen ministro ohiaren proposamena arbuiatu dute sozialistek; Bayrou prest agertu da

2007ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Presidentetzarako hauteskundeen lehen txandatik aste batera, gobernu sozialista bateko lehen ministro izandako (1988-1991) Michel Rocardek Le Monde egunkarian plazaratutako iritziak hautsak harrotu ditu Frantzian. Rocarden aburuz, boz hauetan lehiatzen diren François Bayrou zentristaren eta Segolene Royal sozialistaren artean aliantza bat hitzartu beharko litzateke, Nicolas Sarkozy eskuineko hautagaiari presidentetzarako bidea eragozteko. Rocardek horrela idatzi du Le Monde-n: «François Bayrouri eta Segolene Royali zinki eskatzen diet, frantziarren aurrean ozen esan dezaten elkartzeko prest egongo liratekeela». Bere burua «sozialista eta europazalea» duen agintari ohiak uste du, egun, funtsezko ezerk ez dituela banantzen sozialdemokratak eta demokrata sozialak, beste era batera esanda, sozialistak eta zentristak: «Bakoitzak bere alde jokatuta, ez guk [sozialistek], ez haiek [zentristek] ez dugu aukerarik Nicolas Sarkozyk eta Jean Marie Le Penek, nola edo hala, osatzen dute koalizioa gailentzeko. Berdeekin batera, ezker sozialdemokratak eta zentro demokrata sozialak, aldiz, gehiengoa osatzen dute Frantzian».

PS Alderdi Sozialistako kidearen hitz hauek zalaparta eragin dute agintari sozialisten artean. François Hollande idazkari nagusiak eta Jack Lang ministro ohiak, besteak beste, erabat arbuiatu dute Rocarden proposamena. Segolene Royalek, aldiz, jarrera argi bat hartzea saihestu du: «Gaur egun, nire kezka nagusia da frantses herritarren benetako arazoei, hala nola prekarietateari, langabeziari, osasun auziei, erosteko ahalmenari edota erretiro sari txikiei erantzunak ematea». Belfort hirian mitina eman zuen atzo.



«AURRERAZALEEN» ALIANTZA. Etorkizunari begira, baina, ez zuen atea itxi Royalek. Nicolas Sarkozy presidente izango lukeen herrialdeaz mintzatu zen: «Aurrerakuntzaren alde gauden ezkerreko emakume eta gizonezkook ezin dugu horrelakorik onartu. Azken batean, gizatasuna jardun politikoaren muinean duen herrialdea eraiki nahi dugu guk».

François Bayrouk, aldiz, pozik hartu zuen Rocarden proposamena: «Bere mezua oso argia eta ozena da: esan du beste gehiengo politiko bat eratu daitekeela». Azken inkestetan hirugarren dago hautagai zentrista eta, ildo horretan, elkarlanerako prest agertu da: «Bere izaera irmoa finkatuko lukeen zentro baten inguruan, gogo ireki bateko sozialistekin eta gaulista batzuekin elkarlana egon daitekeela erabat konbentzituta nago».

Sarkozy inkestetan behera egiten ari bada ere, botoen %28 eskuratuko lituzke datorren igandeko hauteskundeetan. Royalek, berriz, botoen %24 lortuko lituzke. Le Pen ere gora egiten ari da. Sarkozyren jatorria deitoratu zuen atzo Le Penek -Hungariako immigrante baten semea da Sarkozy-.



PROPORTZIONALTASUNAREN AUZIA. Sarkozy eta mutur eskuineko hautagaiaren artean ika-mikak ugariak badira ere, Le Peni mesede egin dakioken neurri bat proposatu du Sarkozyren gertuko batek. Brice Hortefeuxek sistema proportzionalaren alde egitea gomendatu du.

1986ko bozetan, sistema honi esker, Fronte Nazionaleko diputatu andana sartu zen Legebiltzarrean. Le Penek, baina, garrantzia kendu die Hortefeuxen adierazpenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.