Bazter utzitako herria

Hmong etniako herritarrak gobernuaren aurka altxatu dira Vietnamen. Hanoik armada bidali du manifestariak isiltzera, eta liskarretan hainbat lagun hil dituztela salatu dute.

2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Vietnamgo Dien Bien eskualdean, Laos eta Txinatik gertu, hmong etniako milaka lagun gobernuaren aurka altxatu dira. Landa erreforma kritikatu dute, eta legez kanpoko zuhaitzen mozketa salatu dute, erlijio askatasuna exijitzearekin batera.

Apirilaren 30ean Nam Ke hirian egin zuten lehen manifestazioa. Ondorengo egunetan Dien Bien eskualdeko hainbat herritara hedatu ziren protestak, eta maiatzaren 4an eta 5ean, militarrek batzordeak eta bilkurak indarrez desegin zituztenean, liskarrak piztu ziren. AEBetako hmongen babeserako hainbat erakunderen arabera, orduz geroztik 63 lagun hil ditu armadak.

Lekukoen arabera, 7.000 hmong inguru elkartu ziren hainbat egunetan protesta egiteko. Hanoik indarkerizaz erantzun zuen. Izan ere, protesta eremua inguratu zuten, eta elektrizitate hornidura eta telekomunikazio sistemak moztu zizkieten, manifestariak erabat isolatuz.

Hori horrela, zaila da Vietnam iparraldeko eremu menditsuetan jazo denaren berri izatea. Phan Thanhn Binh apaiza izan da gertakarien lekukoetako bat. Apaizak azaldu du lehen egunetan gobernuak negoziatzera bidali zuen funtzionarioa bahitu zutela matxinatuek. Armadak, berriz, «indarrez erantzun zuela» jakinarazi du, «arazoa hedatzea saihesteko».

Lekuko agintariek adierazi dute ez dutela egoera ulertzen, ez dakitela zer dela-eta altxatu diren, ez eta hmongen eskariak zeintzuk diren ere. Armadako buruzagiek, berriz, eskualderako autonomia handiagoa eskatzen aritu direla diote.

HRW Human Rights Watch erakundeak gertakariak ikertzeko eskatu dio Vietnamgo Gobernuari, eta errepresioa salatu du. Izan ere, dozenaka lagun hil edo zauritu dituztela uste dute. «Gobernuak ezin dezake egin ezer gertatu izan ez balitz bezala», salatu du Phil Robertson HRWko Asiarako zuzendariordeak. Era berean, gaineratu du gobernuaren sinesgarritasuna bermatzeko bertara joaten utzi behar diela kazetariei eta ikuskatzaileei, militarrek ez baitiete utzi kanpotarrei liskarrak gertatu diren eremuan sartzen.

Hmongak Vietnam, Txina, Laos eta Thailandiako inguru menditsuetan bizi dira gaur egun. Vietnamen eta Laosen, batik bat, jazarrita bizi dira. Izan ere, eskualdean aspalditik dator hmongen aurkako gorrotoa, Vietnamgo gerra garaitik, hain justu, komunisten aurka borrokatu zirelako AEB Ameriketako Estatu Batuekin bat eginda.

AEBen aldeko armada

AEBek arma gisa erabili zituzten hmongak, komunismoa Laosera eta inguruko herrialdeetara hedatzea saihesteko helburuarekin. 60ko hamarkadaren hasieran, Genevako Ituna eta, ondorioz, Vietnamgo auzian Laosen neutraltasuna hautsiz, AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak hmong indigenak biltzeari eta entrenatzeari ekin zion. Armak eta ordainsari oparoak eman zizkieten, euren alde borrokatu zitezen.

Hori horrela, AEBek 20.000 gizoneko armada eratzea lortu zuten, Vang Pao jeneralaren agindupean. Komunisten Vietcong armadak Laosen zituen ekintzaileen aurka borrokatu behar izan zuten hmongek. Era berean, komunisten hornidura bideak moztu behar zituzten, baita mugaz gaindi lurra jotzen zuten AEBetako hegazkinetako pilotuak erreskatatu ere.

1975ean AEBek Vietnamgo gerra galduta eskualdetik alde egin zutenean, ordea, bazterrean utzi zituzten gerran aliatu izan ziren indigenak. Laosko isileko gerra hartan eta ondorengo urteetan 120.000 eta 150.000 hmong artean hil zituztela uste da —etnia horretako biztanleen %10—.

Bizirik irautea lortu zutenetatik asko AEBetara edo Thailandiara ihes egiten saiatu ziren, Laos komunisten esku geratu baitzen orduan. Beste askok, ordea, Laosko iparraldeko mendietara jo zuten. Oraindik han bizi dira hmong ugari, ezkutatuta. Vietnamgo gerra amaitu zenetik erabat isolatuta egon dira azken horiek, Laosko armadaren erasoen beldur.

Estatu propio eske

Hainbat herrialdetan barreiatuta bizi dira gaur egun. 2008an, dena den, Hmong Herriaren Mundu Batzarrean estatu propioa izateko eskubidea aldarrikatu zuten, lehen aldiz. Horretarako, Laos bitan banatzea proposatu zuten: iparraldeko zatian Hmong Estatua sortuko lukete, eta hegoaldekoa, berriz, aurrerantzean ere Laos izango litzateke.

Nazioarteak ez zuen proposamena aintzat hartu. Dena den, hmongek Laosko Gobernuaren aurkako hainbat konplot saio egin dituzte. 2007an, hain justu, Kalifornian bizi zen Vang Pao jenerala erbestetik hmongen altxamendu bat prestatzen ari zela jakinarazi zuen AEBetako Poliziak. Jenerala atxilotu egin zuten, eta ustez Laosera bidaltzekoa zen arma kargamentua atzeman zioten. CIAren babesari esker, baina, aurki aske utzi zuten.

Konplot saio hura ezerezean geratu zen. Are gehiago aurtengo otsailean Vang Pao jenerala hil ostean. Baina asmoen berri jakin zuenean, Laosko Gobernuak are gehiago gogortu zuen jada gogorra zen hmongen aurkako jarrera. Besteak beste, Thailandian bizi ziren errefuxiatuak aberriratzeko akordioa sinatu zuen Bangkokekin. Nazioarteak bi herrialdeei gogorarazi zien errefuxiatuak ezin direla aberriratu euren borondatearen aurka. Hala ere, hmongak aberriratu zituzten; izan ere, Thailandiak ez zien errefuxiatu estatusa aitortzen.

HRWek aurkariari emandako babesaren mendekuz, hmong etniako kideak atxilotu, torturatu, bortxatu eta exekutatu egin dituztela salatu du hainbatetan. Vietnamgo gerran egin zuten hautua ez baitiete barkatu komunistek. AEBekin egin zuten aliantza garesti ordaindu dute, eta oraindik akordio horren ondorioak pairatzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.