Txina

Bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri diote Hong Kongerako Segurtasun Legearekin auzipetutako lehenari

«Terrorismoa» eta «sezesioa bultzatzea» egotzia zion epaimahaiak Tong Ying-kiti. Sentzentzia inflexio puntu bat izan daiteke hiriko sistema judizialean.

Hong Kongeko Auzitegi Gorenaren ataria. MIGUEL CANDELA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 30a
12:57
Entzun

Hong Kongen lehenengo aldiz epaitu dute herritar bat Txinak hiri horretarako onartu zuen Segurtasun Legea erabilita. Tong Ying-kit 24 urteko gaztea «terrorismoagatik» eta «sezesioa bultzatzeagatik» erruduntzat jo zuen joan den asteartean Hong Kongeko Auzitegi Gorenak, eta, gaur, haren kontrako zigorra zehaztu du: bederatzi urteko espetxealdia.

Tongi leporatu diote, iazko uztailaren 1ean, Hong Kongen izan ziren manifestazioetan, motor batekin hiru poliziaren artetik igarotzea protesta ikur batekin eta motorrarekin Poliziaren auto bat jotzea. Hain justu, Segurtasun Legearen kontrako manifestazioak izan ziren egun horretakoak.

Epaimahaiak nabarmendu zuen Tongek Hong Kong Askatu, gure garaiko iraultza zioen bandera zeramala eskuetan, eta kondenatuak bazekiela lelo horrek «esanahi sezesionista» duela. «Ez dago inolako zailtasunik ulertzeko leloa Hong Kong Txinatik banatzeari buruzkoa dela, eta beste batzuk bultza ditzake sezesiora», azaldu zuen epaimahaiko epaileetako batek, asteartean, epaia azaltzerakoan.

Hong Kongeko Segurtasun idazkariak ontzat jo du sententzia. «Auzitegiak ebatzi du leloak Hong Kongen independentzia aldarrikatzen duela. Lelo hori zabalduz gero, ondorioak zure gain hartu behar dituzu».

Ezarriko dioten zigorra zein den jakin ostean, epaituak errekurtsoak aurkeztuko dituela jakinarazi du Tongen abokatuak. Epaiaren eta zigorraren kontrako helegiteak jarriko ditu. Ez du beste adierazpenik egin nahi izan.

Bederatzi urteko espetxe zigorrak «auzipetuak bi delituetan duen erruduntasuna aski islatzen duela» adierazi dute epaimahaia osatu duten hiru epaileek. Sententziak, gainera, «gizartearen gaitzespena» eta «beharrezko disuasio eragina» sortu behar duela uste dute.

Hiru epaileak Hong Kongeko gobernuburu Carrie Lamek hautatu ditu Tongen kontrako auzirako. Segurtasun Legeak jasotzen duen salbuespen neurrietako bat da hiriko gobernuburuari halako kasuetarako epaileak aukeratzeko eskumena aitortzen diona.

Txinako Parlamentuak iazko maiatzean onartu zuen Hong Kongerako Segurtasun Legea, eta uztailaren 1ean sartu zen indarrean. Egun horretan atxilotu zuten Tong, lege horren kontrako manifestazioetan.

Segurtasun Legeak «sezesioa, altxamendua eta terrorismoa» zigortzea du helburu, baita atzerriko esku hartzearekin prestatutako «konspirazioei» jazartzea ere. Hain justu, atzerriko herrialdeek Txinaren aurka antolatutako azpijokoen tresna izatea leporatu izan die Pekinek Hong Kongeko protestak sustatu dituzten «demokraziaren aldeko» taldeei. Delitu horiengatik, legeak bizi guztiko zigorrak ezartzeko aukera jasotzen du.

Orotara, 60 lagun baino gehiago auzipetu dituzte lege horrekin, eta horietako asko espetxeratuta daude, noiz epaituko zain.

Amnesty Internationalek Tongen kontrako epaia gaitzetsi du. Elkarteak Asia-Pazifikoa eskualderako duen zuzendari Yamini Mishraren esanetan, «amaieraren hasiera dirudi adierazpen askatasunarentzat Hong Kongen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.