Hildakoen kopuruak gora egiten du orduek aurrera egin ahala Nepalen. Sushil Koirala lehen ministroak Reuters berria agentziari esan dioenez, 10.000 baino gehiago izan daitezke. Orain arteko datu ofizialen arabera, 5.000 hildako eragin ditu lurrikarak. Zaurituak, berriz, 10.000 baino gehiago dira azken datuen arabera. Lurrikarak 450.000 lagunen desplazamendua eragin duela ere kalkulatu dute.
«Dendak, arropak, mantak, koltxoiak eta 80 botika klase». Larunbateko lurrikarak behar gorrian utzi du Nepal. «Ez dauzkagu ez beharrezko helikopteroak, ezta harrapatutako jendea aurkitzeko adituak ere», jakinarazi dio Lila Mani Poudyal gobernuko idazkariak Erresuma Batuko BBC kateari. Agintarien lehentasuna da suntsipenari aurre egin eta oinarrizko azpiegiturak berriz ere funtzionamenduan paratzea. Katmandun, milaka lagun kale gorrian daude inprobisatutako kanpamentuetan, anitz etxerik gabe gelditu direlako, eta bertze anitz beldur direlako eraikinetan sartzeko, errepliken ondorioz eroriko ote diren. Atzoko azken balantze ofizialaren arabera, 4.000 baino gehiago dira lurrikararen ondorioz hildakoak.
Richter eskalan 7,8 gradu izan zituen astinaldiak, eta erreplika bat 6,7raino ailegatu da. Barne Ministerioak atzo emandako datuen arabera, Sindhupalchwok barrutian hil da jende gehien: gutxienez, 944; ekialdean dago, eta Tibetekin muga egiten du. Ondoren, Katmandu hiriburuan izan dira hildako gehien: bederen, 913. Barne Ministerioak herrialde osoan 4.252 hildako zenbatu ditu, baina aitzineko egunetan bezala kopurua igo litekeela ohartarazi du, oraindik gorpuak egon litezkeelako hondakinetan harrapatuta, eta zauritu gehiago hil litezkeelako. 7.000 zauritu baino gehiago zenbatu ditu.
Hain zuzen, gobernuaren lehentasuna da, batetik, zaurituak artatzea eta nora ezean gelditutako herritarren beharrizanak betetzea, eta, bertzetik, lehenbailehen azpiegiturak konpontzea bizi-baldintzak gehiago okertu ez daitezen. Iturri ofizial batek AP agentziari erran dionez, armadako 100.000 soldaduetatik %90 mobilizatu dituzte erreskate eta laguntza lanetarako. Poudyal gobernuko idazkariaren arabera, berriz, argindar azpiegitura osoaren %75 martxan paratzea lortu zuten atzo, eta Hondamendi Naturaletarako Erreskateak Koordinatzeko Batzordeak erabaki du ahalegin berezia egitea merkatuak eta elikagai saltokiak irekitzeko, ahal den neurrian herritarrei hornigaia bermatzeko. Lurrikarak epizentroa izan zuen eremuan bi milioi biztanle inguru bizi dira, eta 1,4 milioik daukate elikagaiak jasotzeko beharra, Nepalen Arriskuak Murrizteko Partzuergoaren arabera.
Nepalgo agintariek lehenbiziko egunetik adierazi dute atzerriko laguntzaren beharra dutela, eta egunero errepikatu dute dei hori. Laguntza ematen lehenbizikoak bere bi bizilagun erraldoiak izan dira, India eta Txina. Materialki ez ezik, lurrikaren aurkako esperientziarengatik da garrantzitsua herrialde horien laguntza, batez ere Txinarena. Lurrikaretan esperientzia duten herrialde gehiagok ere bidali dituzte taldeak, Pakistanek, Japoniak eta Turkiak, erraterako. EB Europako Batasuneko hamalau herrialdek ere bidali dute laguntza materiala.
Komunikazio zailtasunak
Baina nazioarteko laguntza jasotzeko edo barrenean banatzeko komunikazio zailtasunak dauzka Nepalek. Errepide azpiegitura egokirik ez dauka, eta horri lurrikarak kalte handiak eragin dizkio. «Ez zaio inor laguntzen ari herrietako jendeari. Hantxe bertan hiltzen ari dira», adierazi dio Reuters agentziari Ab Gurung soldaduak Dhading barrutitik, herrialdearen erdian. Katmanduko nazioarteko aireportua, berriz, ia kolapsatuta dagoela jakinarazi dute berri agentziek, eta hegazkin batzuk ezin izan dira lurreratu, eta Indiara desbideratu dituzte. Telekomunikazioek ere kalte handia jasan dute. Igandean telefono mugikorrak nazioartera ezin deitu gelditu ziren. Nazio Batuen Erakundeak erran du telekomunikazioak bermatzeko hornigaiak eramanen dituela.
Indiak eta Txinak laguntza eman diote Nepali, baina haiek ere jasan dituzte lurrikararen kalteak, neurri txikiagoan izan bada ere. Indian, gutxienez 72 dira hildakoak, gobernuaren arabera. Horietako 52 Bihar estatuan hil dira. Nepalek iparraldean Tibetekin egiten du muga, eta hor hildakoak gutxienez 25 dira, Txinako agintariek jakinarazi dutenez.