Ingeniari agronomoa eta feminista da Miriam Nobre (Sao Paolo, 1965), baita Emakumeen Mundu Martxaren koordinatzaile nagusia ere. Giza eskubideen inguruan hitz egitera etorri da Donostiara Mundubat gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta, eta taldeak argitaratutako Repensar los derechos humanos desde una perspectiva de género liburu kolektiboan artikulu bat idatzi du.
Giza eskubideak genero ikuspuntutik aztertu beharra aldarrikatzen duzue. Zergatik?
Beharrezkoa iruditzen zaigu giza eskubideei ikuspegi feminista ematea, haien inguruko nazioarteko legedi guztia gizonen ikuspuntutik eginda dagoelako batez ere; gizonak dira eskubide horien abiapuntu, eta emakumeak gehigarria gara. Ez dira kontuan hartu emakumeen behar, interes eta eskaera konkretuak. Nazioarteko legedian emakumeen eskubideetan aurrera egin bada, feministen ekarpenari esker izan da, eta orain beste urrats bat egin behar da. Emakume izateagatik soilik nola urratzen zaizkigun eskubideak aztertu behar da, esparru guztiak aintzat hartuta.
Lanerako eskubidea da lehentasunetako bat zuretzat.
Eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak banaezinak direla ikusten dugu. Eta, gure ustez, emakumeok hasi behar dugu planteamendua egiten gure alternatibetatik, emakumeon eskubideak eskubideen zerrenda batera gehitu beharrean. Latinoamerikako hainbat esperientzia aztertu ditugu hori baieztatzeko, eta zanpatuen dauden emakumeentzat egitura alternatiboak osatzeko argibideak ematen dituzte.
Ekonomia solidarioaz ari zara.
Bai. Jarduera ekonomikoetan parte hartze politikoa lortzen dela ikusi dugu, komunitateetako arazoak gainditzeko lan kolektiboa. Emakumeak presente daude ekonomia solidarioaren eremuko hainbat esperientziatan, eta merkatuaren logikarekin bat egiteko arazoak eta mugak dauden arren, muga horiek gutxitu edota gaindi daitezke beste mugimendu sozial batzuekin elkarlana bultzatuta, eta elkarrekin estatuari presio egin diezaiokegu hobekuntzak lortzeko.
Zer ekarpen egiten dio ekonomia solidarioak giza eskubideen ikerketa feministari?
Oro har, lan produktiboa gizonen lanari lotuta dago, espazio publikoari, eta emakumeen lana, berriz, ugalketa lanari eta eremu pribatuari. Nahiz eta mundu osoan hedatzen ari den emakumeen soldatapeko lana, baita Latinoamerikan ere, gizonek talde sozial gisara etxeko eginbeharretan ezer gutxi handitu dute euren konpromisoa, eta emakume askok etxera mugatu behar izaten dute. Zenbaitetan, biak uztartuz emakumeari aukerak zabaltzen dizkio ekonomia solidarioak.
Adibide konkretuak jartzen hasita, Argentinako jantokiena da aipatzen duzunetako bat. Zertan datza?
Krisi ekonomiko larriaren testuinguruan sortutako esperientzia izan zen, behartsuenei jatekoa emateko politika publikoaren eskaerari emaniko erantzuna. Hor lanean zeuden emakumeentzat euren kargu zituztenei jaten emateaz gain, garrantzitsua zen ordainsaria, baina batez ere garrantzitsuena emakumeen parte hartze politiko kolektiboa sortzea izan zen krisi garai batean, eta irtenbidea topatzea komunitateei begira. Arazo larriei aurre egiteko guneak bilakatu ziren.
Tradizionalki emakumeak lan egin duen esparruetan bakarrik sortzen al dira horrelako esperientziak?
Ez. Hain zuzen, berreraikitzeko lan publikoetan egin den lana aztertu dugu, eta birziklatzean. Baina, adibidez, Brasilen sukalde kolektiboak egiten hasi ziren, eta gero haren inguruan sortu ziren ekimen sozialak. Horiek ezinbesteko gertatu ziren beste jarduera batzuk gauzatzeko, eta emakume horiek sukaldean ez ezik beste eginbehar batzuetan sartzeko aukera eman zuten. Emakumeak dauden guneei argia jartzen saiatzen gara, eta guri tradizionalki egitea tokatu zaiguna emakumeok bakarrik egin nahi ez dugula erakusteaz gain, guk egiten dugun lanaren garrantzia gizarterako ezinbestekoa da.
Emakumea lan munduan egonda ere, etxeko lanen eta ume edo helduen zaintzaren banaketan ezer gutxi aldatu da, eta hori orokorra da.
Hor ikusten da agenda feminista berdina dela Euskal Herrian edota Brasilen, eskaerak berdinak direlako. Gizarte garatuetan saldu dutelako berdintasun forma bat ez dena benetakoa, eta, gainera, diskurtso feminista bereganatzen ari da forma hori, leunagoa bilakatzen ari da. Proposamen feministek gure gizartean zentzurik izango ez balute bezala da.
Krisi ekonomikoa baliatzen ari dira langileen egoera txartzeko, oro har, eta zer esanik ez emakumeena.
Atzera egiten ari gara. Eta krisiak erabaki politiko kontserbadoreak ekartzen ditu. Kontziliazio politika guztiak emakumearen ugalketa rola bultzatzera bideratuta daude, partekatzea begiratu beharrean. Langabezia gogorra da, baina lan baldintza asko oso gogorrak dira, lan asko eta diru gutxi. Horregatik, askotan etxean geratzen dira. Sistemak hori baliatzen du. Zailtasunak daude ikusteko emakumeen langabezia estrategikoa dela, eta ezinbestekoa da.
Politikariek emakumeen aldeko legeak onartzea ere asko kostatzen da; zergatik?
Urratsak egin dira, baina hainbat lekutan fundamentalismo setatsuan ere asko egin da aurrera, batez ere eskubide sexualen inguruan. El Salvadorren, adibidez, berdintasunaren inguruko lege bat onartu dute, eta hor lan handia egin dute hango feministek. Lortu dute ateratzea, baina artikulu batzuk ez dira atera, batez ere, emakumeek euren gorputzaren inguruan erabakitzeko eskubideari buruz.
Brasilen ikusi zen Rousseff presidenteak berak atzera egin zuela abortuaren inguruan, kanpainan Eliza katolikoak izandako eraginagatik.
Harrigarria da, bai. Inoiz ez dugu ikusi Eliza katolikoa kanpaina zuzenak horrela egiten, eta abortuaren gaia planteatzeko egoera askoz zailagoan gaude. Baina gizartera zabaldu behar dugu gaia, ez dugu lortuko presidentearen eragin mailarekin soilik. Emakume feministek orain askoz beldur handiagoarekin egiten dute abortua legeztatzearen alde. Gainditu ditugula pentsatzen genuen gauzak berriz datoz atzera orain.
Emakumeen borroka kriminalitzatzen da, oro har.
Emakumeen borrokan dagoen kriminalizazioa ere aztertu dugu, eta izugarria da, buruzagiei jazarri eta hiltzeraino. Emakumeen kontrako indarkeria egoera ez aldatzeko erabiltzen da. Edozein auzitan emakumeak dira galtzaile handienak. Eta, horregatik, egoerak aldatzeko eta indarrak hartzeko, garrantzitsua da gure artean dagoen elkartasuna eta berdintasuna.
Miriam Nobre. Brasilgo ekintzaile feminista
«Beharrezkoa da giza eskubideei ikuspuntu feminista ematea»
Ekonomia solidarioaz azterketak egin ditu; emakumeentzat lan aukera ez ezik politikan eta gizartean parte hartzeko modua dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu