Katalunia

Behatzaileek eskubide urraketak antzeman dituzte U-1aren epaian

International Trial Watchek epaiketari buruzko txosten bat aurkeztu du. Plataformak dio sententziak Kataluniako gatazkaren konponbide politikoa ordezkatu nahi duela

Bassa, Carme Forcadell eta Cuixart Auzitegi Gorenean, aurtengo otsailean. EMILIO NARANJO / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun

«Epaia kontzeptu tekniko edo juridikoekin aztertzeko edozein saiakera alferrikakoa da; ziurrenik, Kataluniako gatazkari eman beharreko konponbide politikoa ordezkatzeko asmoa duelako». Horrela amaitzen da ITW International Trial Watch plataformak atzo goizean Madrilen aurkeztu zuen txostena, zuzenbidean adituak diren hainbat eragilek osatu eta sinatu dutena. Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiaren balorazio juridiko bat egin dute bertan.

Txostenak banan-banan azaltzen ditu Espainiako Auzitegi Gorenak epai horretan hautsi zituen printzipioak eta eskubideak. Sedizio delitua egotzita, bederatzi eta hamahiru urte bitarteko zigorrak ezartzeak legea urratzen duela ebatzi dute, eta legea ezartzeko moduak sinesgarritasunik ez duela azpimarratu.

Auzitegiaren akusazio nagusia zera da: auzipetuek irailaren 20an eta urriaren 1ean antolatu eta sustatutako mobilizazioek eragotzi egin zutela legeak aplikatzea eta zerbitzu publikoek funtzionatzea. ITWko abokatuen arabera, epaileek «altxamendua bilkura baketsuarekin» nahastu zuten. Diotenez, irailaren 20an Kataluniako Ekonomia Kontseilaritzan eginiko atxiloketek erakusten dute egun hartan funtzio publikoak arazorik gabe egin ahal izan zirela. Urriaren 1ari dagokionez, berriz, egun hartan eginiko bozketak «balio sinbolikoa» zuela argudiatzen du txostenak, Auzitegi Konstituzionalak aurretiaz ukatu baitzion izan zezakeen legezko balioa. Botoa ematea «adierazpen ideologiko bat besterik ez» zela izan dio ITWk.

Bestetik, epaileek Espainiako Gobernuaren jokabidea aztertu dute: «Epaiak dioen moduan bi altxamendu jarraian egin baziren, ez dugu ulertzen Estatuak zergatik ez zituen halako egoeretarako diren tresna juridikoak erabili (salbuespen egoera, adibidez)».

Buruzagi subiranisten epaiketan zehar izandako eskubideen urraketa ere kritikatzen du testuak. Legearen arabera, epaiketa Kataluniako Auzitegi Gorenean egin beharko litzatekeela argudiatu dute abokatuek, eta Manuel Marchena epaimahaiko presidentearen «inpartzialtasuna» ere kritikatu dute, besteak beste.

Joan den urriaren 14an eman zuen jakitera epaia Espainiako Auzitegi Gorenak: Kataluniako gobernuko kideak, parlamentuko presidentea eta gizarte zibileko bi buruzagi zigortu zituen. Hamaika auzipetuetatik bederatziri hamahiru eta bederatzi urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri zizkien, sedizioa eta diru publikoaren erabilera desegokia egotzita.

Guztira, 29 dira plataformaren ondorioei atxikipena erakutsi dieten eragileak. Kataluniakoez gain, nazioarteko hainbat erakundek sinatu dute, baita bi euskaldunek ere: Erabakizaleak eta Salhaketa Nafarroak.

Cuixart eta Bassa

Bestetik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalari buruzagi subiranisten aurkako ebazpena indargabetzeko eskatu zion atzo Jordi Cuixartek, Omnium Culturaleko presidenteak. Ziurtzat eman daiteke Konstituzionalaren ezezkoa, baina eskaera hori egitea ezinbestekoa da etorkizunean Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo ahal izateko. Izapide horiek egin dituen bigarren auzipetua izan zen, Dolors Bassa Kataluniako Enplegu kontseilari ohiaren ostean.

Cuixarten abokatuak azaldu zuen haren ustez epaiak zer «oker» dituen; zati batzuetan, «oinarririk gabeko sorkuntza judizialak» daudela esan zuen. Beste auzipetuei bezala, auzitegiak irailaren 20ko eta urriaren 1eko mobilizazioak sustatzea egozten dio Cuixarti. Defentsaren arabera, ondorio horiek ez dute «zimendu sendorik», ezta epaiketan zehar aurkeztutako frogekin loturarik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.