Okzitaniako behin-behineko gobernuaren aurkezpenarekin Europako estaturik gabeko nazioen mahaian arreta deia egin nahi izan dute Okzitaniako sektore independentistek. Europako estaturik gabeko nazioen artean handiena da Okzitania, eta, hain justu ere, beren herrialdearen garapena eta antzeko egoeran dauden beste batzuena sustatu nahi dute Europako Batasunaren barrenean. Aste honetan egin dute beren behin-behineko kabinetearen eta errepublika proiektuaren aurkezpena, Bartzelonan (Herrialde Katalanak). Behin-behineko lehen ministro Laurenç Revestek azaldu duenez, Okzitaniako Errepublika Federal Demokratikoa eratzea dute helburu, hizkuntza eta kultura okzitanoa babestu eta bultzatzeko, eta nazioarteko erakundeetan berezko ahotsa izateko.
Revestek eredutzat jarri du Aran haranak (Lleida, Herrialde Katalanak) Kataluniako Estatutuaren barruan administrazio, ekonomia, gizarte eta hizkuntza alorrak kudeatzeko duen autonomia. Haren hitzetan, Aran haranaren onarpen juridiko berezia «ordain historikoko ekintza» da. «Lurrik gabeko herria ginen, eta Aran haranaren onarpen juridikoak erbestea ez den beste bide bat ikustea ahalbidetzen digu». Lleidako haran horren autonomia abiapuntu, Okzitania osorako eskubide historikoak berreskuratu nahi ditu behin-behineko gobernuak. «Batasun okzitanoak gizakien oroimenean existitzen du, bere hizkuntza eta kulturaren bidez. Nazio okzitanoa ukatzeak ia ukazio delitua adierazten du».
«Biharko Okzitaniaren argia da Aran harana. Aran haranari boterea ematea zeharka Frantzia eta Italiako okzitanoei laguntzea da», azaldu du Revestek.
Behin-behineko gobernuak, lehen ministroaz gain, presidentea -Miqueu Aguilera- eta beste zazpi ministro ditu, tartean katalan bat, Xavier Bada, baita arlokako hainbat idazkaritza ere. Xavier Bada Justizia auzietaz eta Kataluniarako enbaxadore lanetaz arduratuko da.
Revestek nabarmendu duenez, «errazagoa» litzateke Okzitania gobernatzen duten estatu-nazioen aldetik ordain historikoko ekintza itxaroten jarraitzea, baina abertzale okzitanoek nahiago izan duteurrats ausarta egin. «Geure lotsak gainditu behar izan ditugu, baita Okzitanian nagusi den mendekotasun espiritua ere, eta abentura honetan sartu gara eta argi aldarrikatzen dugu Okzitania autonomoa izan daitekeela eta izan behar duela herrien Europan».
Europako azken hauteskundeetan Pais Nostre, PNO Nazio Okzitanoaren Alderdia, PO Alderdi Okzitanoa ERC Esquerra Republicana de Catalunya eta UC Unitat Catalanak lortutako 20.000 botoen sostengua nabarmendu du Revestek, baina zehaztu du beren ekimena ez dela politikoa, soziala baizik. Horiez gain, PRC Partit Republica Catala, EC Estat Catala eta ACO Elkarte Katalan-Okzitanoaren babesa dutela jakinarazi du.
HEDADURA ETA HISTORIA ZABALA. Okzitaniak arrunt hedadura zabala du, ia 150.000 kilometro koadro, nahiz eta Euskal Herriko hiri bat -Baiona- beren mapetan sartzen duten, hala, orotara, 190.000 kilometro koadro osatuta. Frantziako estatuko hego-mendebaldetik (Ipar Euskal Herria salbu) hego-ekialderaino -Ipar Katalunia salbu baina Monaco printzerria ere barne hartuta-eta Italiako Estatu barruraino iristen da. Halaber, egun Espainiako Estatuan, Herrialde Katalanen zati batean dagoen Aran harana ere hartzen du.
Italia ipar-mendebaldeko Piamonte eskualdeko eta Alpeetako 12 bailara -Valadas Occitanas deituak- ere barnean sartzen dira.
Halere, Frantziako eskualde desokzitanizatuak deituak (Peitau, Santonge eta Engolmes) Okzitaniako lurralde eta kultura definiziotik kanpo «boluntarioki bereiztuak» bezala jotzen dituzte.
Okzitaniak zazpi eskualde historiko ditu -Italiako Valadas bailarekin zortzi-, eta gehienetan okzitanieraren dialekturen bat hitz egiten dute. Gaskonia eta Guyana mendebaldean; Limousin eta Auvernia iparraldean; Dauphine eta Proventza ekialdean, eta Languedoc al hegoaldean.
Okzitania terminoa Erdi Arotik dator, 1290tik. Lehenago, 1271ean Frantziako Felipe III.ak Okzitaniako herrialdeak kontrolpean hartu zituen, Poitierseko Alfontso hil ondoren. Okzitaniera edo lengadoc-ek Oc hizkuntzari egiten dio erreferentzia -bai esan nahi du oc hitzak-, eta bai adierazteko iparralderago, egungo Frantzian, erabiltzen zuten oil hizkuntzarekiko ezberdina da, nahiz eta biak -baita frantsesa eta beste erromantzeak ere- latinetik eratorri.
Terminoak Frantziako Iraultza arte (1789) iraun zuen indarrean. XIX. mendean Felibrigeko literatur elkarteak berriz aldarrikatu eta bultzada eman zion, eta hainbat elkarte eta taldek nazionalismoari eta kulturari bultzada berria eman zioten 1960ko hamarkadatik aurrera.
Gaur egun, okzitanierak soilik Aran Haranean dauka ofizialtasun estatusa (katalana eta gaztelaniarekin batera), han aranesa mintzatzen baita, gaskoieraren azpidialektuetako bat.
OKZITANIERA EUSKAL HERRIAN. Okzitaniako nazionalistek Baiona ere sartu izan dute beren mapetan, Lapurdiko hiriburuan gaurdaino gaskoieraz ere hitz egiten delako eta gaskoien presentzia dagoelako.
Gaskoierarekin segituta, Euskal Herriko beste hiri eta herri batzuetan presentzia nabarmena izan zuen XX. mendea arte, besteak beste Donostia, Pasaia eta Hondarribian. Gaur egun, Hego Euskal Herrian gaskoiera bizia galdu bada ere, toponimia eta kale izen batzuk (Urgull, Morlans, Enbeltran, Narrika, Molinao, Panpinot, Jamotenea... ) geratzen dira horren oroigarri.
«Nazio okzitanoaukatzeak ia ukazio delituaadierazten du»
laurenç revest
okzitaniako behin-behineko gobernuko burua
Behin-behineko gobernua osatu dute Okzitaniako independentistek
Parisi, Erromari eta Madrili nazio historikoa onartzeko eskatu diote; EBn berezko ahotsa eduki nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu