Izuak astinduta oheratu dira milakalagun bart. Bai Japonian, baita Euskal Herrian ere. Inoiz ikusi duten lurrikararik bortitzenak beren inguruan zer-nolako ondorioak eragin dituen ikusita batzuk. Urruti dituzten senide eta lagunen egoeraz kezkatuta besteak.
Manuela Segurola urrestildarra Tokion bizi da 1953az geroztik, eta kalean harrapatu du lurrikarak. «Izozkia erostera atera naiz, eta bat-batean sekulako dardara sentitu dut. Babes toki batera joan naiz, eta orduan konturatu naiz oso handia zela. Auto asko nola irauli diren ikusi dut, eraikin asko nola puskatu diren… Izugarria izan da».
Segurola moja da, eta 500 ume inguru dituen kolegio batean egiten du lan. Bere komentura itzultzea lortu du. «Gure egoitzan ez dago kalterik. Gasa kendu digute, baina argindarra badugu». Toki askotan argindarrik gabe daudela kontatu du, ordea, eta telefono lineak ez dabiltzala. «Atzerrira dei dezakegu, Euskal Herrikoekin hitz egiteko modua dugu, baina hemen bertakoen artean ez». Ondorioz, bere auzoaz haratago egoera zein den jakiterik ez du, oraingoz.
Lurrikararen bat egongo zela espero zuten Japonian, baina halako neurrikorik ez. «Azken egunotan dardara ugari izan da inguruetan, eta agintariek abisua emanda zuten Tokion bertan zerbait izango zela».
Japonian oso ohikoak izaten dira lurrikarak, eta ohituta daude horrelako abisuetara. Hain zuzen ere, eraikinak edozein lur mugimenduri aurre egiteko daude eginak, eta gobernuak lurrikara egoeretarako aholkuak ematen dituzten eskuliburuak argitaratzen ditu tartean behin, japonieraz eta ingelesez. Lurrikaretarako poltsa berezi bat ere prestatzen dute, zerbait gertatzen denean erabiltzeko. Eta bezperan poltsa hori prestatzen jardun zuela azaldu du Segurolak: «Poltsa horretan pijama eta toalla sartzen aritu nintzen atzo gauean, pentsa..». Baina «inondik ere» ez zuten espero halako tamainakoa izatea: «Kalean 90 urteko gizon batek esan dit lurrikara mordoa bizi izan dituela baina horrelakorik ez duela sekula sentitu. Azken ehun urteetako gogorrenetakoa izango zen…».
Une honetan nahasmena eta informazio eskasia nagusi direla kontatu du Segurolak, eta etxe barruan daudela. Supermerkatuak eta bestelako egoitzak itxi egin dituzte, «eraikin asko apurtuta eta erortzeko arriskuan daudelako».
Kaosa garraioan
Arratsaldean izua eta urduritasuna izan dira nagusi Tokion. Pertsona asko eta asko hiriaren erdigunetik mugitu ezinik gelditu da. Ez dago taxirik, metroa ez dabileta autobusen geltokietan ilara amaiezinak daude. Haur eskoletan ere milaka ume daude gurasoen zain.«Gure kolegioan 500 bat haur daude, eta guraso asko eta asko ez dira etorri umeen bila, eta horrek kezka eta ezinegon handia sortu digu», dio Segurolak. Kaosa da nagusi hirian. «Telefonorik ez dabil, eta jendea noraezean dabil gertukoen bila. Autoa hartu dute askok, eta horrek sekulako zirkulazio arazoak eragin ditu».
Lurrikara handiena izan denetik iluntzera bitartean hamabi erreplika zenbatu ditu Segurolak: «Abisua pasatu dute gehiago egongo direla, arrisku handia dagoela, eta alertan gaude». Prebentzio neurriak hartzeko eskatu dute agintariek, eta horretan ari ziren ohera joan aurretik: «Lurrikaretarako poltsa berezia prestatu dugu, eta, tira, etortzen denaren zain geldituko gara orain».
Lurrikara txikiei ohitua egonagatik ere, Shinohara Gacujik «ikara, izugarrizko ikara» sentitu du oin azpian lurra mugitzen sentitu duenean. «Hilero-edo izaten ditugu astindu txiki batzuk, baina halakorik ez dut nik inoiz sentitu. Beldurgarria izan da».
Bost urtez Euskal Herrian bizi izan zen Gacuji, azkenekoz Beizaman (Gipuzkoa), eta urtero etortzen da, udazken inguruan. Euskara garbian mintzo da. «Badakit hango jende bat kezkatuta egon dela lurrikararen berri izan duenean». Gacuji Yokohaman bizi da, Tokiotik hegoaldera. Kilometro gutxira. Eta han, lurraren mugimendua «handia» izan arren, ez da suntsiketa handirik izan. «Etxean nengoen, eta liburuak hasi dira apaletatik erortzen. Armairuetako ateak irekitzen. Baina ezer hautsi gabe. Arratsaldeko hiruretan izan da, eta kalera atera naiz ziztu bizian. Ikaratuta».
Etxetik irtenda ere ez zaio beldurra pasa. Oinpean lurra mugitzen zitzaion, nahiz eta suntsiketa handirik ez duen ikusi: «Baina zutik egoteko ere arazoak izan ditut», adierazi du. «Lurrikararen mugimendua ez da oso bizia izan. Motela ere izan da. Baina oso handia izan da. Ezker-eskuin mugitu da dena».
Lurrikarak gogorren jo duen «bost minutuak» igaro ondoren, lasaitu egin da Gacuji, «nahiz eta egun osoan lurra mugitzen ari zela sentitu», eta hortik aurrera, arreta komunikabideetan jarrita izan du. «Hasieran oso informazio nahasia eman dute, baina gauerako hasi dira hildakoen kopuruaz mintzatzen».
Haizea eta elurra
Munduan izaten diren Richter eskalako 6 gradutik gorako lurrikara guztien %20 Japonian gertatzen dira. Ohituak ere badaude, Jesus Zegamak (Zudairi, Nafarroa, 1940) dioenez. «Hemen asko izaten dira, eta prestatuak ere bagaude. Baina halakorik...». Eskolapioa da Zegama, eta 51 urte daramatza bizitzen Japonian. Azken urteetan Tokion. Eta beldurra sentitu du. «Gure etxea oso zaharra da, egurrezkoa, eta lurra mugitzen hasi denean, ikaratu egin gara». Baina ezer gutxi gertatu da etxean bertan. «Apal batzuk erori dira;gauza handirik ez. Bortitza izan da lurrikara, baina, zorionez, ez zaigu ezer gertatu». Kalera atera da bere kongregazioko kideekin batera, eta jendea izututa ikusi du. «Sutan zegoen etxe bat, emakume eta gizonak korrika. Gero jakin dugu garraiobideak ez zebiltzala. Dena geldirik zegoela, eta geltokietan milaka lagun zeudela harrapatuta. Ezin mugituta». Hiru aldiz irten da etxetik, lurraren mugimenduek bultzatuta. «Ez dakit zenbat izan diren lurrikarak, baina arratsalde osoan izan dira».
Iluntzerako haizea modu bortitzean hasi da jotzen, eta elur maluta batzuk ere hasi da botatzen, Zegamak dioenez. Eta herritar asko tenplu sintoistetan babesten hasi da. Horietan onigirisa (arrozez beteriko algak) prestatzen dute guztientzat.
Dena dela, iparraldean gertatutakoak izutu du Zegama. Hango irudiek: «Tsunamiak aurrean zuen dena nola eraman duen ikusi dugu. Ikaragarria izan da. Eta bihar are ikaragarriagoa izango da. Hildakoak eta desagertuak zenbat diren jakiten dugunean».
Japoniak bizi duen lurrikara inoizko gogorrena izan da. 1923an Tokio ingurua astindu zuena 7,9 gradukoa izan zen Richter eskalan. Eta, hala ere, hark 140.000 pertsona hil zituen. Inazio Oregi (Soraluze, Gipuzkoa, 1930) jesulagunak 50 urte daramatza Japonian bizitzen, eta badaki atzokoa beste lekuren batean gertatu izan balitz askoz larriagoa zatekeela. «Hemen ikastaroak egiten dira lurrikarei aurre egiteko, entrenamenduak. Eta eraikinak segurtasun handikoak dira. Munduko beste edozein lekutan askoz hildako gehiago eragingo luke. Askoz tragikoagoa litzateke».
Berak urrutitik bizi izan du lurrikara, epizentrotik 1.000 kilometrotara. Hiroshimatik gertu. Eta ez du ezer igarri. Mugimendu txikiena ere ez. «Hego-mendebala da hau, eta askoz lasaiagoa da alderdi sismikotik». Telefonoaren bestaldetik dio Euskal Herrian adinako informazioa duela berak. Hedabideen bitartez jasotzen duena. «Hori bai, hori beldurgarria da. Guk hemen bi haurtzaindegi ditugu, eta haurren gurasoak oso kezkatuta ikusi ditugu. Askok dute senideren bat iparralderago, eta batzuek joan nahi dute. Baina esan diegu ez mugitzeko». Lotarako dagoela hitz egin du, hurrengo egunean zer informazio jasoko duen beldur. «Hor esango dutenak ematen dit ikara».
Japonia. Lurrikara
«Beldurgarria izan da»
Euskal herritar ugari harrapatu ditu lurrikarak Japonian. Baita Euskal Herriarekin harreman oso estua duten japoniarrak ere. Guztiek bertatik bertara ikusi dute Asiako herrialdea astindu duen lur mugimendua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu