Beldurraren botere mugagabea

Mexikoko Coahuila estatuan hamazazpi lagun hil dituzte tiroketa batean, urtebetetze festa bat ospatzen ari zirela. Urtero, droga trafikoarekin lotutako taldeen ekintzek 14.000 hildako eragiten dituzte herrialdean.

Ane Urrutikoetxea.
2010eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Okerreko lekuan jaiotakoek zailtasun eta ezbehar ugari pairatu ohi dituzte. Horregatik, ahal dutenek behintzat, zorte hobea eduki dutenen lurraldera egiten dute ihes. Mexikoko biztanleek urte luzez jasan dute droga trafikoak eragindako indarkeria oldea eta ezegonkortasun ekonomikoa. Horregatik, indarrak bildu, eta AEBetako amets amerikarraren bila doaz asko. Baina AEBetako biztanleek beldurrez begiratzen dute etorkinen exodoa, eta askok ez diete ongietorririk egiten. Horren froga da Arizonan hilaren 29an onartu nahi duten SB1070 legea, zeinak, besteak beste, paperik gabeko etorkinak atxilotzea eta susmagarri direnei galdeketak egitea baimentzen duen.

Barack Obama AEBetako presidentearen gobernuak legearen aurkako helegitea aurkeztu du Konstituzioaren aurkakoa dela argudiatuz, eta Mexikok ere errekurtsoa jarri du argudio bera erabiliz. Arizonako agintariek, baina, legearekin aurrera jarraituko dutela adierazi dute, neurriak «gaizkileen» aurka egiten lagunduko duela esanez.

Mugaz bestalde, Mexikon, urtero mafia eta mara taldeen (talde kriminalen) ekintzek 14.000 hildako eragiten dituzte. Taldeek AEBen eta Mexikoren arteko muga kontrolatzen dute droga trafikoaren eta pertsonen trafikoaren bidez. Bestalde, droga trafikoaren aurkako borrokan herrialdeko BPG barne produktu gordinaren %8 gastatzen du gobernuak. Abuztuan, AEBek 1.200 soldadu bidaliko dituzte bi herrialdeen arteko mugara, Mexikori borrokan laguntzeko.

Mafiek guztia kontrolatzen dute. Diruak zerikusi handia duen arren, beldurra da duten tresnarik boteretsuena. Horren adibide dira Mexiko iparraldeko hirietan etengabe gertatzen diren sarraskiak. Igandean, esate baterako, urtebetetze festa batean hamazazpi lagun hil eta hemezortzi zauritu zituzten tiroz, Coahuilako Torreon hirian. Ikertzaileek ez dakite zergatik egin zuten sarraskia, ezta hiltzaileak zeintzuk diren ere. Dena den, Coahuila Golkoko kartelak (talde kriminalak) mendean hartutako estatua da.

Antzeko krimenak gertatu dira ia egunero herrialde guztian zehar. Festetan, tabernetan eta kliniketan egindako erasoak ohikoak bihurtu dira Mexikon azken urteetan. Lehengo astean, Torreon hiriko sarraskia gertatu aurretik, kartelek bonba-auto bat jarri zuten Ciudad Juarezen, eta hiru hildako eta bederatzi zauritu eragin zituzten. Droga trafikatzaileek halakorik egiten duten lehen aldia da.

Urteko sarraskirik larriena urtarrilean gertatu zen, Chihuahua estatuan. Bertako osasun egoitza bati egindako erasoan hemeretzi lagun hil ziren. Hilabete horretan bertan, Ciudad Juarez hiriaren eta Texasen arteko mugan hamabost lagun hil zituzten, gehienak unibertsitateko ikasleak.

Aurten, droga trafikoak 5.400 hildako eragin ditu Mexikon. Herrialdean, 30 pertsona hiltzen dira egunero batez beste. Estatistika datuen arabera, urtea bukatu baino lehenago, hildakoen kopuruak erraz gaindituko ditu iazko 7.500 hildakoak. Guztira, droga trafikoaren aurkako borrokak 25.000 hildako eragin ditu 2007. urtetik.

Bitartean, AEBek kontrolatzerik ez dagoen indarkeria oldea nola edo hala gelditu nahi dute. Baina arazoaren jatorria ikertu eta konpontzen saiatu ordez, askok nahiago dute harresi baten bidez hura estali. Harresi hitza erabili zuen, esate baterako, John McCain senatari errepublikanoak: «Eraiki ezazue harresi madarikatua». Haren hitzek kontrako erantzuna eragin ordez, amerikar askoren onespena dute, eta ez bakarrik alderdikoen artean.

Obamarentzat ez dira onuragarriak halako adierazpenak. Izan ere, nahiz eta jatorri latinoamerikarreko biztanle askoren babesa izan, Arizonako legeak arrakasta handia du AEBetako herritarren artean. Azken inkesten arabera, %57 Arizonako legearen alde daude, eta beren estatuan halako bat jartzea nahi lukete.

Etorkinen exodoak, baina, askok uste dutena baino gehiago aldatu ditu AEBak. Arizonak 6,5 milioi biztanle ditu, eta horietatik milioi bat atzerritarrak dira. Gainera, atzerritar horien %93 mexikarrak dira, eta estatuko biztanleen %66 osatzen dute. AEBetan hamabi milioi mexikar bizi dira, eta erdiek ez dute paperik. Carlos Pascual AEBetako enbaxadorea da Mexikon, eta Arizonako legea «apartheid-a» bultzatzeko modua dela salatu du: «Giza eskubideen aurkakoa da». Bitartean, etorkinen aukerak bi dira: beldurrak mendean hartutako herrialdean hala-hola bizi, hala AEBetan bizilagunen beldurrak jasan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.