Belgikak hiru eskualde federatu ditu: Flandes, Walonia eta Brusela. Flandesek, iparraldean, sei milioi hiztun flandestar ditu eta Waloniak, hegoaldean, 3,4 milioi frantses hiztun. Bi eskualde federatuetan beste gutxiengo nazional horietako biztanleak ere badaude eta, horrez gain, Walonian alemanez mintzo diren 70.000 biztanle daude. Bruselan, aldiz, waloniarrak dira nagusi, baina haiek zein flandestarrek hizkuntz eskubideak aitortuta dituzte. Kontua zera da, Bruselatik inguruko hiri eta herrietara Brabant eskualdera gero eta gehiago aldatu direla frantses hiztunak. Brabant flandestarra eta Brabant waloniarra daude, baina arazoak eremu flandestarrean sortu dira. Eremu bakoitzean, oro har, dagokion nazionalitateko alderdiak soilik aurkez daitezke. Baina Brusela hegoaldeko Hal hirian (nahiz eta flandestarra izan) lehiatzeko eskubidea dute orain arte alderdi waloniarrek. Halek, Brusela eta Vilvoorde hiriekin batera osatzen du hautes barrutia eta flandestarrek ez dute batere ondo ikusten frantses hiztunen alderdien presentzia. Hala, barruti osoa flandestarrentzat soilik izateko eskatu dute berriki. Flandestarrak Belgikako biztanleen %60 izaki, beren ordezkaritza politikoak Flandesko Gobernuan ez ezik Belgikakoan ere krisia pizteko arriskua dago.Waloniarrek, ordea, Brusela hiriburuaren eskualdea hedatzea Walonia Bruselarekin lotzeko, besteak beste eta frantses hiztunak dauden hiriak (tartean Hal) hartzea nahi dute.
Krisia eragotzi nahian
Auzitegi Gorenak Auzitegi Konstituzionalik gorena berriki ebatzi du Brusela-Hal-Vilvoorde hautes barrutia zatitu behar dela. Halere, hauteskunde erreformaren hainbat xedapen baliogabetu ditu.
Joan den astelehenean instituzioetako auziez eztabaidatzeko bildutako konferentziak aho batez erabaki zuen hautes barrutiaren erreforma eta Auzitegi Gorenaren ebazpena aztertzeko lan talde bat eratzea. Hala, sei diputatu flandestarrek eta beste sei waloniarrek osatu dute lan taldea. Erabakia heldu diren asteotan hartzekoak dira.
-
Asteko kronika
larunbata
Flandes: Liberaal Appel alderdiko sortzaile eta presidente Ward Beysenen gorpua aurkitu zuten Anberesko Unibertsitate ondoko aintzira batean. Anberesko Fiskaltzak jakinarazi zuenez, buruzagi liberalak bere buruaz beste egin zuen. VLD alderdi liberal demokratatik aterata sortua zuen 2003an LA alderdia.
igandea
Gales: Alun Pugh Galesko Kultura ministroak Londresko gobernuari eskatu zion irudi eta ikur naziak publikoan agertzea museoetan izan ezik debekatzeko.
astelehena
Galizia: BNG Bloke Nazionalista Galiziarrean nagusi den UPG Union do Povo Galego (Herri Galiziarraren Batasuna) alderdiak XI. kongresua bukatu zuen. BNGko idazkari nagusi Anxo Quintanari Galiziako Xuntarako presidentetzarako babesa eman zion UPGk.
asteartea
Korsika: Frantziako Poliziak Clandestini Corsi talde armatuaz egiten ari den ikerketari jarraiki, beste hiru pertsona atxilotu eta galdekatu zituen Bastian. Azken hileotan guztira 14 pertsona itaundu dituzte taldearekin lotura dutelakoan.
asteazkena
Herrialde Katalanak: Perpinyako (Ipar Katalunia) eta Korsikako prefet izandako Bernard Bonneti Frantziako estatuak ematen dituen ohorezko bi domina nagusiak ez dizkiola emango iragarri zuen aldizkari ofizialean Parisko gobernuak. Hizkuntza eta kultura katalanaren aldeko zeinahi ekimen boikotatzen aritu zen Bonnet 1993 eta 1998 artean, Perpinyako prefeta zelarik.
osteguna
Korsika: Dirua desbideratzeaz eta FLNC erakunde armatuaren ekintzak egiteko bideratzeaz akusatuta dagoen Charles Pieri enpresaburuaren eta beste 21 pertsonaren epaiketaren data finkatu zuen Frantziak. Martxoaren 10etik apirilaren 15a bitartean epaituko dituzte. Auzipetuen artean Jean-Guy Talamoni diputatu abertzalea dago.
ostirala
Eskozia: SSP Eskoziako Alderdi Sozialistako diputatu Carolyn Leckiek egun beteko kartzela zigorra bete ondoren aske utzi zuten. Erresuma Batuko Itsas Armadak Faslanen (Eskozia) duen basean atxilotu zuten 2004ko abuztuan, eta isuna ordaintzeari uko egiteagatik espetxeratu dute aste honetan.