BELGIKA. LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. Koalizio iraunkor baten bila

Lehen ministro kargua valoniarren esku uzteko prest agertu da N-VAko burua, estatu erreforma bermatzearen truke

arantxa elizegi egilegor
/ Ixiar Zubiaurre.
2010eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Flandriako independentistek bezperako ospakizunek eragindako ajea astintzen duten bitartean, Valonia aldean inor ez da ausartzen Belgikaren etorkizunari buruzko iragarpenik egitera. Izan ere, N-VA Flandriako Aliantza Berriaren igandeko garaipenak -27 diputatu izango ditu Legebiltzarrean- aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Eta alderdiko buru Bart de Weverrek argi utzi du ez duela aukera hau alferrik galtzen utziko. «Dena da posible, benetan nahi izanez gero», esan zien herenegun Bruselako erdigunean bildutako ehunka jarraitzaileei, baina baita ohartarazi ere ezer lortzekotan zubiak eraiki beharko dituztela.

Estatu federalari eutsiko dioten egitura horietako lehena hegoaldean garaile irten den Alderdi Sozialistaren laguntzarekin eraiki nahi du De Weverrek -26 diputatu lortu dituzte-. Atzera botatzen zaila den eskaintza egin die, gainera, abertzale flandriarrak; onartuz gero, 30 urtean lehen aldiz valoniar bat izango litzateke gobernuburu. Trukean, sozialistek estatu erreforma egiteko beharrezko bermea eman beharko liokete N-VAri. «Arazoak konpontzea eta aurrera egiteko bidea emango digun egitura bat eraiki behar dugu. Belgikako instituzioak bi demokrazien errealitatera egokitu behar ditugu», nabarmendu du buruzagi flandriarrak. Baina abisua ere helarazi die sozialistei, ohartaraziz eskaintza baztertzen badute ondorioei aurre egin beharko dietela.

Valonia aldean, aldiz, ezinegona da nagusi. Alderdi Sozialistako buru Elio di Rupok aitortu du flandriar gehienek aurrera egiteko borondatea agertu dutela, eta ezin zaiola aldarri horri entzungor egin. Horiek hala, bere esku dagoen guztia egiteko prest agertu da, «akordio orekatua» lortze aldera. Alderdiak Bruselan duen zerrendaburu Laurette Onkelinxek, ordea, mugak jarri dizkio elkarlanari, nabarmenduz ez dutela lehen ministro kargua onartuko, horrek frantses hiztunen eskubideak ahulduko baditu.

Akordioa udazkenerako

Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiak krisi bat baino gehiago eragin ditu Begikako Gobernuan azken urteetan; horren gaineko akordiorik ez lortzea izan zen, hain zuzen ere, Yves Leterme gobernuburuak dimisioa emateko arrazoietako bat. Orain, De Weverren lehentasunetako bat da hark erdietsi ez zuena lortzea, alegia, Flandriaren autonomia handitzearekin batera, BHV barrutia banatzea, flandriar gehiengoa duten Halle eta Vilvoorderen estatus berezia indargabetuz-egun, BHVko frantses hiztunek aukera dute alderdi valoniarrei bozkatzeko-. Valoniarrek, ordea, ez dute banaketaz hitz egin nahi; eta diote hori egitea frantses hiztunen eskubideak urratzea litzatekeela.

Horiek hala, badirudi gutxienez udazkenera arte luzatuko direla koalizio gobernua osatzeko negoziazioak. De Weverrek, dena den, argi utzi du lehenik Flandriako alderdiekin bilduko dela, eta han beharrezko sostengua lortu ostean joko duela valoniarrengana. Elkarrizketa horietatik kanpo geratuko direnetako bi izango dira ziurrenik Open VLD liberala eta eskuin muturreko Vlaams Belang. Lehenak izan ziren koalizio gobernua hautsi eta Leterme bozak aurreratzera derrigortu zutenak. Bigarrenak, berriz, valoniarrekin negoziatzearen aurkakoak dira.

Valonia aldean ere galtzaileen artean sailkatu behar dira liberalak, bost diputatu gutxiagorekin. Porrotaren ondorioz, MRko buru Didier Reyndersek dimisioa eman du, baina aurretik mezu argia bidali die Di Ruporen sozialistei: «N-VAren garaipena arazo bat da. Valonian benetan kezkatuta gaude, eta lehenbailehen jakin nahi dugu zein den De Weverren asmoa, herrialdea erreformatzea edo banatzea».

Gobernu berriak legealdi zaila izango du. Krisiak jotako Europako Batasunaren presidentetza hartuko du Belgikak uztailean; etxean ere ekonomia arazo larriei egin beharko die aurre, Greziaren zulo berean erori nahi ez badu-2011rako BPGaren %100a gaindituko du zor publikoak-; azkenik, lanik zailena, duela hiru urtetik geldirik dagoen estatu erreforma bultzatzea.



Soslaia

Bart de Weber

Sintoma eskizofrenikoa

Belgikarrak etorkinak dira Belgikan, baldin eta valoniarrak izanda, Flandrian bizi badira. Estatu eskizofreniko batean bizi da Bart de Weber (Mortsel, Amberes, 1970). «Flandrian ez dago frantses hiztuna den gutxiengorik. Ezinbestean egokitu beharko duten etorkinak dira denak. Hala egiteko eskatzen diegu marokoarrei eta turkiarrei; ez diegu honako hau esaten: 'Asko zarete, hortaz, hizkuntza ofizial bihurtuko dugu arabiarra'. Erokeria hutsa litzateke hori». N-VA Flandriako Aliantza Berria alderdiko buruzagiak ez ezik, komunitate horretako politikariek defendatzen duten tesia da hori; eta hizkuntza eskubideen defentsatik harago, bitan bizi den estatu baten sintoma dirudi. De Weberren garaipenak ere halako zerbait izan behar du.

Garaipenak, izan ere, nahi ez duen horretan bihurtu duN-VAko buruzagia: Belgikako lehen ministro; maite ez duen herrialde bateko buru, esan nahi baita -lehenago, baina, koalizio gobernua eratu beharko du valoniarrekin-. Eta argazkiak, horregatik, asko du surrealismotik: Flandriako independentista bat Belgika ordezkatzen ageri da, alboan valoniarrak, atzerritarrak, dituela.

Parlamentu federalerako hauteskundeak irabazi aurretik, politikari abilaren ospea zuen De Weberrek. Ez du alferrik ezkutatu hauteskunde kanpainan N-VAko alderik xenofobo eta erradikalena. Haatik, hauteskundeak irabazi eta gero ere, independentzia gerorako uztea erabaki du. Estatu konfederal bat lortzeko egin du hori.

De Weberrek historia ikasketak egin zituen Lovainako Unibertsitatean (flandriarra). 2001ean sartu zen politikan, Volks Unie bitan zatitu zenean. Gutxira, flandriar nazionalismoko adarrik erradikaleneko buruzagi izendatu zuten: ordutik, N-VAko buru da.

Kontserbadorea, liberala, errepublikanoa, ateoa eta eskuin muturrekoa da. Eta nazien okupazioa zurituz egin dituenadierazpen polemikoengatik kritika bat baino gehiago jaso du bere ibilbide politikoan.

Egun, ezkonduta dago, eta lau seme-alaba ditu. Aitak egin zuennazionalista; izan ere, hark afiliatu zuen Volks Unien.I.Z.





Flandriako nazionalisten ordezkariak

Belgikaren lehen urteetako frantses hiztunen eliteei aurre egiteko sortu ziren alderdi nazionalistak. Gerora, Alemania naziarekin harremanak izan zituzten, horrek independentziarako bidea erraztuko zielakoan.

Volksunie. 1954an sortu zuten alderdi nazionalista hori. Urte batzuk geroago, 1970ean, bi bloketan banatu zen, bata federalista eta bestea independentista.

Vlaams Blok. 2004an desegin zuten, arrazakeria eta xenofobia bultzatzeagatik. Ondoren, Vlaams Belang sortu zuten. Hamabi diputatu lortu ditu aurten.

Flandriako Aliantza Berria. Volksunieko kide izandakoek sortu zuten 2001ean. Berak irabazi ditu aurtengo Legebiltzarrerako bozak.





BHV barrutiak eragindako gobernu krisiak

2007ko ekaina. Yves Leterme flandriarraren CD&V demokristauek irabazi zituzten Legebiltzarrerako hauteskundeak.

2007ko abendua. Letermek bigarren aldiz dimisioa eman ostean, Guy Verhofstadt liberalak behin-behineko gobernua osatzea lortu zuen. Flandriako eta Valoniako bost alderdik osatzen zuten koalizioa. 2008ko martxoan Letermek hartu zuen gobernuko buruzagitza.

2008ko uztaila. Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiaren gaineko negoziazioak blokeatuta geratu ziren, eta Letermek dimisioa eman zuen beste behin. Erregeak ez zion dimisioa onartu, eta bitartekariak izendatu zituen elkarrizketak bultzatzeko.

2008ko abendua. Letermek huts egin zuen azkenean, eta Herman van Rompuy alderdikideak ordezkatu zuen.

2009ko azaroa. EBko Kontseiluko presidente izendatu zuten Van Rompuy, eta Leterme agintera itzuli zen. Baina apirilean koalizioa bertan behera geratu zen, eta bozak aurreratu zituzten.

2010eko ekaina. N-VAko independentistek irabazi zituzten bozak.





Flandriarrek eta valoniarrek gutxi dute komunean, eta gero eta nabarmenagoa da elkar ezagutzen ez dutela; gaur egun Belgikako ekonomiaren motorrak, Bruselak, eusten dio banatuta ageri den estatuari.

Belgikan ez da belgikarrik

Ixiar Zubiaurre.

Independentziara artekoak poliki egingo dituela agindu du Bart de Weberrek. Estatu federaletik abiatu eta herrialde konfederala eratu nahi du lehendabizi. Gero, gerokoak. «Ez dut iraultza nahi; egitura hobeak lortzeko, garapen atsegina baizik», adierazi du NV-A Flandriako Aliantza Berria alderdiko buruzagiak. Independentista izanagatik, kontuz ahoratzen du independentzia De Weberrek. Belgikan, baina, Estatuaren porrotak aurpegi denak erakutsi dituela aintzat hartuz gero, gehiegizkoak dirudite independentismo moderatuaren aldeko diskurtsoek.

Erci Corijn Bruselako Unibertsitate Libreko Gizarte Geografiako irakaslea ez da uste horretakoa, baina. Bitan bizi den Belgikak, bizikidetzaz harago estatu izaten jarraitzeko beste arrazoirik baduela uste du horrek: «Belgikak eztanda egingo du, baina ez da zatiketarik gertatuko. Izan ere, ez da estatu independenteak eratzeko inolako proiekturik. Horregatik ez du De Weberrek herrialdearen zatiketa aipatzen».

Brusela eurekin ez bada, ez Flandriak ez Valoniak ez dute Belgika zatitzearen alde egingo. «Bere mapa imajinarioan Belgika bi estatutan banatzeko gai ikusiko du bere burua De Weberrek, baina praktikan, bestela dira gauzak. Besteak beste, arrazoi ekonomikoengatik», adierazi du Corijnek. Eurostatek argitara emandako azken datuen arabera, Belgikako aberastasunaren %20 Bruselan sortzen da. Ekonomiaren motorra izaki, horregatik, ez flandriarrek ez valoniarrek ez diote uko egingo Bruselari, eta, hortaz, Belgikako estatuari.

Betidanik hiriburu flandriarra izan bada ere, Bruselan gaur egun gehiago dira frantses hiztunak flandriarrak baino; are gehiago, dagoeneko gehiago dira atzerriko hizkuntza darabiltenak frantsesez mintzo direnak baino -Bruselako biztanleen %56 atzerrian jaiotakoa dira-. «Hazten ari den metropoli bat da, sustraietatik aldentzen ari dena», azaldu du irakasle flandriarrak.

Bat, bitan

2006ko abenduan RTBF telebista kateak -frantses hiztunen telebista publikoa- flandriarrak independentzia aitortzen agertzen zituen gezurrezko dokumentala eman zuenean, ikus-entzuleen gehiengoari sartu zioten ziria. Independentziaz serio ez arituagatik, izan ere, Belgikan ia denak bata bestearengandik bereizita bizi dira. Komunitate bakoitzak du bere hizkuntza ofiziala, bere kultura, bere alderdia -alderdi nazionalak debekatuta daude Belgikan-, bere geografia, bere historia, eta Belgikak bere ez duen guztia.

Rick Torfs Lovainako irakasleak aise luzatuko luke aurreko zerrenda hori. Horren ustez, bi komunitateen «ezaxolakeriak» amaituko du Belgika; izan ere, kontua ez da flandriarrak eta valoniarrak elkar gorrotatzen duten; kontua da, irakaslearen hitzetan, ez dutela ezer komunean. Belgikarrek ez dutela elkar ezagutzen, alegia.

Horixe bera aitortu zion, 1912an, Jules Destree politikari valoniarrak Alberto I.a erregeari: «Belgikan flandriarrak eta valoniarrak daude, sir. Eta ez belgikarrak». Mende bat igaro da ordutik; Belgika bost aldiz erreformatu dute ordutik. Estatua egokitu behar izan duten bakoitzean, gainera, federalismoaren alde egiteko izan da.

Egindako erreformak, haatik, ez dira aski izan, herritarren gehiengoak autonomia gehiago eskatzen baitu. «Nazio bat hiltzen ari gara ikusten», azaldu du Philipe van Parijs Filosofia eta Ekonomiako irakasleak. «Belgikako nazioa iraganeko kontua da, baina Belgikako Estatuak bizirik jarraituko du gu guztiok hil eta gero ere. Han egongo da bihar, eta etzi, eta hurrengo mendean», nabarmendu du Lovainako Unibertsitatean eta Harvarden eskolak ematen dituen irakasleak.

«Tentsioa ez da handia. 1970eko hamarkadako giroarekin zer ikustekorik ez du egungoak. Aldi hartan, 100.000 lagun inguru irteten ziren manifestazioan». Kalera irtendako jendetza hark eragin zuen estatu federalaren aldeko erreformarik handiena. Aste honetan, berriz, 2.000 bat lagun irten dira kalera, batasun nazionalaren alde.

Belgikan, 1964an ezarri zituzten hizkuntza mugak; Valonian frantsesa eta Flandrian nederlandera bihurtu zituzten hizkuntza ofizial bakarrak. Eta, ordutik, herrialdeko politika are eta konplexuago bihurtu da: gaur egun zazpi parlamentu daude; Bruselan, hemeretzi alkate dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.