mundua

Belgika, urtebete gobernurik gabe

Flandriarrek eta valoniarrek ez dute lortzen estatuaren erreformari buruzko akordiorik. N-VA Flandriako alderdi independentista izan zen irabazle hauteskundeetan.

2011ko apirilaren 23a
22:11
Entzun

Duela urtebete aurkeztu zuen dimisioa Yves Leterme Belgikako lehen ministroak eta harrezkero, iazko ekainaren 13an legebiltzarrerako hauteskundeak egin zituzten arren, herrialdeak ez du gobernurik. N-VA Flandriako alderdi independentista izan zen irabazle bozetan; 150 diputatuetatik 27 lortu zituen (%17). Valoniako alderdi sozialista geratu zen bigarren, 26rekin.

Bart de Wever N-VAko buruak "Belgikako Estatuaren erreforma" eskatu zuen bozen hurrengo egunean bertan, eta hori "lehenbailehen" egin behar dela zioen. "Inork ez du interesik herrialdea blokatzeko. Funtzionatzen duen egitura jarri behar da abian, arazoak konpontzeko eta aurrera egiteko". Ez dute lortu, baina, estatua "funtzionatzen" jartzea. Flandrian Belgikako biztanleriaren %60 inguru bizi da eta N-VAk hango botoen %29 eskuratu zituen.

Zazpi alderdi ari dira Belgikako erreformari buruz hizketan. Alberto II.a erregeak hainbat bitartekari jarri izan du jarrerak hurbiltzeko asmoz, baina ezer ez. Estatua krisi betean egon arren, 2010eko bigarren seihilekoan Europa Batasuneko presidentzia hartu zuen. Azkeneko hilabeteetan egoera politikoari buruzko protestak egin dituzte Belgikan; Bruselan behin 30.000 lagun bildu ziren manifestazio batean.

Zer eragin zuen krisia?

BHV Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiko auziak eragin zuen duela urtebeteko krisia. Flandriako nazionalistek barrutia banatzea aldarrikatzen dute; bertako udalerri gehienetan frantses hiztunek —valoniarrak— bozetan parte hartzeko aukera daukate eta hori nederlanderaz mintzo direnekiko —flandriarrak— bazterketa dela salatzen dute. Flandrian eta Valonian ez bezala, barruti horretan bi komunitateetako alderdiak aurkez daitezke bozetara, nahiz eta flandriarrak nagusi izan.

Bruselako eskualde federala zabaldu eta euren arteko lotura sendotzeko egitura bat sortzea nahi dute, bestetik, frantsez hiztunek. Brusela-Halle-Vilvoordek orotara 54 udalerri ditu; Brusela eskualdea osatzen dute horietako hemeretzik —elebidunak— eta gainontzeko 35etan flandriarrak dira nagusi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.