Belgikako bitartekariak lanari eutsiko dio, erregeak ez baitio onartu dimisioa

Krisiari irtenbide bat emateko eskatu dio erregeak Vande Lanotteri; N-VAko eta PSko alderdiburuekin batera ariko da bitartekariaEgoera ekonomiko kezkagarria eragin du zazpi hilabeteko hutsune politikoak

2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Johan Vande Lanotte flandriar senatari sozialistak bere lanari eutsiko dio. Belgikako krisi politikoari irtenbide bat aurkitzeko eskatu dio erregeak, haren dimisioa baztertuta. Joan den astean dimisioa aurkeztu zion bitartekariak erregeari, baina harekin hitz egin ondoren, herrialdeak ekainaz geroztik duen egoeratik ateratzeko ahaleginetan jarraitzea onartu du. Betebehar horretan, haatik, ekaineko hauteskundeetan garaile irten ziren N-VA indar politiko flandriar independentistako eta frantses hiztunen PS alderdi sozialistako buruak izango ditu laguntzaile.

N-VAko eta PSko buruak, Bart de Wever eta Elio Di Rupo, hain zuzen, bitartekariaren aurretik hartu zituen atzo Albert II.ak. Laekenko jauregian erregeak hiru mintzakide horiekin izan zituen solasaldien edukiaz informazioa zabaldu ez bada ere, politika adituek uste dute bitartekariak iragan astean alderdiei aurkeztu zien proposamena moldatzeko lanean aritzea adostu dutela bitartekariak eta bi alderdietako buruzagiek. VandeLanottek txostenean jasotako planteamenduetatik abiatuta, elkarrizketei berriro ekitea onartu zuten PSk eta CDH (kristaudemokratak) eta Ecolo alderdi waloniarrek; N-VAk, ostera, «funtsezko ohartarazpenak» egiteko zituela erantzun zuen. CD&V kristaudemokratak flandriarrek ere txostenari «aldaketa nabariak» egin beharraz mintzatu ziren. Horiek hala, senatari sozialistak bitartekari lanari utziko ziola jakinarazi zuen.

Belgikak zazpi hilabete daramatza exekutiborik gabe, eta krisi politikoaz arduratu da erregea. «Vande Lanotte jaunari beharrezko irudituko zitzaizkion ekimen guztiak hartzeko eskatu dio erregeak, herrialdeko alderdi handieneko presidenteekiko elkarrizketa etengabean aritzeko». Albert II.a erregeak plazaratutako agiriak ez zuen besterik zehazten. Pentsatzekoa da, haatik, bitartekariak aurretik eginiko lanetik abiatu dela krisia politikoari azkenean irtenbide bat emateko ahalegina.

Waloniarrenjarrera

Beti legez, bi komunitateen arteko krisia atzetik dator. Eskualdeen autogobernu maila handitzea, Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiaren auzia eta hiriburuaren finantzaketa dira alderdi flandriar eta waloniarren arteko ezadostasunak. Vande Lanotteren proposamenaren inguruan hitz egiteko prest agertuz, frantses hiztunek urrats handiak egin dituzte jada, baina gehiago egiteko prest daudela adierazi du PSko kide eta Belgikako Osasun Publiko eta Giza Arazoetako ministro Laurette Onkelinxek: «Frantses hiztunok urrats handiak egiteko prest gaude, zeren eta akordiorik izan ezean, etorkizun oso iluna baitu herrialdeak». Ikusteko dago kristaudemokratak eta MR Alderdi Erreformatzailea jarrera malgu horrekin bat egiteko prest dauden. MRk bereziki gogor salatu ditu beti flandriar alderdien «exijentzia onartezinak».

MRko kide da, hain zuzen, Belgikako Finantza ministro Didier Reynders, eta kargu horretan argi ikusten du marka guztiak hautsi dituen krisia politikoak—212 egun gobernurik gabe —herrialdearen ekonomiari kalte egiten diola. Izan ere, 2009ko hauteskundeez geroztik eguneroko kontuak baino kudeatzen ez dituen Yves Letermeren gobernuak nekeak ditu finantza egoera neketsuari aurre egiteko neurriak hartzeko. Hala eta guztiz ere, amaitu berri den urteari dagokionez, defizita aurreikusitakoa baino apur bat txikiagoa izan da, barne produktu gordinaren %4,6. Haatik, epe laburrean gobernu egonkorrik ez bada martxan jartzen egoera ekonomikoa larriagotuko dela ohartarazi dute adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.