Belgikako Jusitiziaren aurrean aurkeztu dira Toni Comin, Meritxel Serret eta Lluis Puig, gaur goizean. Bruselan, Kontseilu Ganbarako lehen instantziako epaitegian deklaratu dute, Espainiako Auzitegi Gorenak haien aurkako euroagindua aurkeztu duela eta. Fiskaltzak Pablo Llarena epailearen Espainiaratze galdea baztertzeko eskatu du, Llarenaren eskariak forma akats larriak dituela argudiatuta, eta epaitegiak arrazoia eman dio fiskaltzari.
Epaitegitik irtetean Cominek adierazi duenez, Belgikako Justiziaren erabakiak agerian utzi du Espainiako Justiziaren "ospe txarra" eta Llarena epailea zigor kodearekin egiten ari den "abusua". "Orain epaileek diote, epaitegi batek adierazi du euroagindua ez dela ezarriko ez dituelako beharrezko baldintzak betetzen".
Cominek nabarmendu duenez, auziaren muinean dagoena da "ez dagoela deliturik" jazar daitekeenik. Haren esanetan, ez da forma kontu bat bakarrik, Espainiako Justiziaren jokabidea "guztiz okerra" dela ziurtatu du.
Cominen eta Serreten abokatu Gonzalo Boyek Belgikako Justiziak haien alde egin zezakeela eman du aditzera, gaur, epaitegiko saioaren aurretik. "Gaur egun handia izango da... Eta ez dut ezer gehiago esango", adierazi du.
Hoy va a ser un buen día... y ahí lo dejo
— Gonzalo Boye (@boye_g) 2018(e)ko maiatzaren 16(a)
Europako Batasuneko Justizia Epaitegiaren doktrinak jasotzen duen aurrekari batean oinarritu du defentsak euroagindua baztertzeko eskatzeko argudioa. Doktrina horrek jasotzen du euroagindua onartu ahal izateko ezinbestekoa dela eskaria igorri aurretik herrialde eskatzaileak tokiko atxilotze agindu bat ematea. Niculaie Aurel Bob-Dogi kamioilari errumaniarraren kontrako kasuan, euroagindua ukatu zion Europako Batasuneko Justizia Epaitegiak Errumaniari arrazoi horrengatik.
Comin, Serret eta Puigen kontrako estradizio eskarian ez da ageri haien kontrako atxilotze agindurik Espainiako lurralderako, eta, beraz, Llarenaren eskariak ez du beharrezko baldintza bete. Fiskaltzak Llarenarekin izan duen dokumentazio trukean, euroagindua zertan oinarritzen duen galdetu dionean, auzipetze autoan oinarritzen duela erantzun dio hark.
Comin, Serret eta Puigek badute haien kontrako atxilotze agindu bat Espainian —baita Clara Ponsati kontseilari kargugabetuak eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak ere—, baina agindu hori Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak emanikoa da. Agindu horretan oinarritu zen ondoren Llarenak erretiratzea erabaki zuen estradizio eskaria.
Belgikako Justiziaren erabakiak atzetik antzeko beste batzuk ere ekar ditzakeela eman du ulertzera Boye abokatuak, epategiaren erabakiaren ostean.
#Bob-Dogi ... y ahí lo dejo
— Gonzalo Boye (@boye_g) 2018(e)ko maiatzaren 16(a)
https://t.co/qwsjXErvOA
Izan ere, Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuaren abokatuek argudio berbera erabiliko dute Schleswig-Holstein landerreko Lurralde Auzitegiaren aurrean, eta Belgikako Justiziaren erabakia aurkeztuko diote Alemaniako Justiziari. Horrez gain, Generalitateko diru publikoa urriaren 1eko erreferenduma finantzatzeko erabili zenik ukatzen duen Espainiako Ogasunaren txostena baliatuko dute, Puigdemontek diru publikoa bidegabe erabili zuela gezurtatzeko.
Matxinada delitua
Matxinada delitua da Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako auzian auziperatutakoei leporatzen zaien delituetako bat, eta delitu hori moldatu egin behar dela adierazi du, gaur, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak. Zigor Kodea "eguneratu" egin nahi du PSOEk, "haien karguak ordena konstituzionala iraultzeko erabiltzen dituzten arduradun politikoak" zigortu ahal izateko. Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak iragarri du Espainiako Gobernuak legedia norabide horretan aldatzeko neurririk proposatuko balu egitasmoa babestuko duela bere alderdiak. Mariano Rajoyren gobernuak halako urratsik egiteko borondaterik ez balu, berriz, PSOEk proposamen bat aurkeztuko du Espainiako Kongresuan eztabaidatzeko.
Sanchezek adierazi du matxinada delitua egun Zigor Kodean jasota dagoen moduan kolpe militarrak zigortzeko pentsatua dagoela soilik, eta, haren iritziz, beste egoera batzuetan ere ezarri ahal izateko moldatu behar da, "konstituzioaren gisako ondare juridiko bat" babesteko. PSOEko buruak argudiatu du Kataluniako independentistek "duela zenbait urte irudikaezinak ziren gertaerak" sustatu dituztela.