Belgikako lehen ministroaren hirugarren dimisioa urte batean

Estatu federalean erreformak egiteko flandiar eta waloniarren arteko akordioa lortzea ezinezkotzat jo du gobernuburuak

arantxa elizegi egilegor
2008ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Krisia lehertu da beste behin Europaren bihotzean, eta urte batean hirugarren aldiz dimisioa eman du Belgikako lehen ministro Yves Letermek. Flandiar eta waloniarren arteko negoziazioen gaineko blokeoak eragin du gobernuburuaren erabakia. Dena den, dimisioa ez da behin betikoa. Izan ere, Alberto II.a erregeak berretsi behar du indarrean sartuko bada, eta hark, oraingoz, erabakia airean utziko duela iragarri du. Denbora nahi du. Denbora, duela urte bat baino gehiago piztutako krisiari irtenbidea aurkitzeko.

«Badirudi gure estatuan aldaketak egiteko komunitate flandiar eta waloniarren ikuspegiak bateraezinak direla», azaldu zuen Letermek atzo goizaldean, kargua uztea erabaki zuela iragarri zuenean. Hiru hilabete eskas daramatza buruzagi kristau-demokratak agintean, eta tarte horretan ez da gai izan estatu federala erreformatzeko akordioa lortzeko. Horrek eta CD&V Flandriako Alderdi Kristau Demokrata negoziazioekin jarraitzearen aurka agertu izanak bultzatu dute Leterme kargua uztera. «Negoziazioak bertan behera geratu izanak erakusten du egungo estatu federala azkenetan dela; eta akordiorik lortuko bada, erreformak egitea beharrezkoa da», nabarmendu du gobernuburuak.

Letermek berak jarri zuen uztailaren 15eko muga akordioa lortzeko, eta haren alderdiak ohartarazi zion ez zuela luzapenik onartuko. Ordurako waloniarrekin akordiorik lortu ezean elkarrizketak bertan behera geratuko ziren. Eta halaxe gertatu da. Flandriako bi alderdik eta Waloniako hiruk osatzen dute Gobernua. Lehenek eskatzen dute Flandriako Gobernuari eskumen gehiago emateko eta, aldi berean, Brusela-Halle-Vilvoorde barrutia banatzeko. Waloniarrek, ordea, ez dute halakorik onartzen, beldur dira eskatutakoa emanez gero, beren kalterako izango ote den.

Bi oztopo nagusiak

BHV Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiarena aspalditik datorren arazoa da. Orotara, 54 udalerrik osatzen dute barrutia. Horietatik 19 -Brusela osatzen dutenak- elebidunak dira, eta 35ean, berriz, flandriera da nagusi. Bestalde, Flandria eta Walonian ez bezala, BHVn bi aldeetako alderdiak aurkez daitezke bozetara, eta hori da flandiarren haserrea eragin duena. Horien arabera, barrutiko gehiengoa diren 35 udalerritan frantses hiztunei bozetan parte-hartzeko aukera ematea beraiek baztertzea da. Ondorioz, barrutia banatzeko eskatzen dute nazionalista flandiarrek.

Aldiz, waloniarrek Brusela eskualdea -elebiduna- zabaltzeko, eta Waloniaren eta haren arteko nolabaiteko lotura eratzeko eskatzen dute. Horiek hala, nazio mailako komunikabide edo alderdirik ez dagoen herrialdean zaila dirudi bi aldeak batuko dituen akordioa lortzea.

BHV barrutiaren auzia ez da, hala ere, negoziazioak etetea eragin duen auzi bakarra. Horretaz gain, orain arte gobernu federalaren esku egon diren hainbat eskumen eskualdeen gain uztea galdegin du Flandriak. Besteak beste, ekonomiaren gaineko erabakiak. Kontuan izanda, iparraldean ez bezala, hegoaldeko Walonia eskualdean langabezia tasa nahikoa handia dela, eta ekonomikoki ere arazoak dituztela, ez da harritzekoa frantses hiztunak proposamenaren aurka egotea. Izan ere, flandiar asko dira uste dutenak beraiek ez dietela zertan diruz lagundu waloniarrei.

Urrats txikiak

Azken asteetan bazirudien gobernu berriak arrakasta izango zuela; izan ere, hainbat hitzarmen lortu ditu. Besteak beste, 2008rako aurrekontuen gainekoa edo 2009 eta 2011 tarterako akordio sozio-ekonomikoa.

Waloniako Didier Reynders diputatu liberala atsekabetuta agertu da Letermeren erabakiaren berri jakin duenean. «Gizarte eta ekonomia arloetan abiatutako lana kolokan geratu da. Are eta tamalgarriagoa da lehen ministroaren erabakia, frantses hiztunek komunitateen arteko elkarrizketa onartu dugunean».



Badirudi komunitate flandiar eta waloniarren ikuspegiak bateraezinak direla»

«Bi aldeen arteko akordiorik lortuko bada, erreformak egitea beharrezkoa da»

Yves Leterme
Belgikako jarduneko lehen ministroa




Herbehereeneta Flandriaren arteko batasuna hizpide

Ives Leterme lehen ministroaren dimisioarekin Belgikako Gobernuan piztutako krisia une egokia da, eskuin muturraren iritziz, Belgikatik banatzeko aukerari buruzko erreferenduma egiteko. Flandriako Vlaams Belang alderdi nazionalistako buru Bruno Valkeniersen esanetan, oraingoa «aukera paregabea» da Flandriaren independentzia lortzeko.

Badira pauso bat gehiago eman dutenak ere. Herbehereetako diputatu Geert Wilder eskuindarrak Flandria eta Herbehereek bat egitea proposatu du, argudiatuta, Belgika «estatu artifiziala» dela. «Herbehereen eta Belgikaren arteko muga artifiziala da». Haren esanetan, hiru herbeheretarretatik bi batzearen alde daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.