Yves Leterme Belgikako lehen ministroak kargua hartu eta bost hilabetera dimisioa aurkeztu zion atzo Albert II.a erregeari. Letermek dimisioa ematen duen hirugarren aldia da. Open VLD Alderdi Liberal flandiarrak gobernu federaleko koalizioa utzi izanak behartu du oraingoan lehen ministroaren dimisioa. Beste behin ere, Brusela-Hall-Vilvoorde (BHV) barrutiaren auzi minberak piztu du krisi politikoa Belgika federalean. Alta bada, auzian flandriarren eta frantses hiztunen artean adostasuna lortzeko xedean, elkarrizketak hasiak ziren, aste honen hasieratik. Flandriarren eta frantses hiztunen alderdietako ordezkariek astelehenean abiatu zieten elkarrizketei, Belgikako lehen ministro ohi Jean-Luc Dehaene bitartekari zela. Alabaina, negoziazio horietan aurrerapausorik eman ez dela argudiatuta, Open VLD alderdiak erabaki du aginte federaletik alde egitea. Flandriarren eta frantse hiztunen indar politikoen arteko oreka zehatz batean oinarritua den gobernu koalizioa eten ondoren, dimisioa eman du Letermek.
Dimisioa, baina, ez zuen onartua atzo iluntzean behintzat, Belgikako errege Albert II.ak. «Erregeak oraindik ez duela erabakirik hartuko iragarri dute haren gertukoek plazaratutako agiriak: «Erregeak ondo daki krisi politiko batekzelako ondorio txarrak izango lituzkeen gaur egun, herritarren bizikidetza eta ongizaterako, batetik, eta Belgikak Europako esparruan dauzkan betebeharretarako, bestetik». Europako Batasuneko txandakako presidentetzari erreferentzia egiten diote azken hitz horiek; Belgikak, izan ere, datorren uztailean hartzen dutxandakako presidentetza.
Albert II.ak, haatik, bi aukera baino ez ditu krisi politikoari aurre egiteko. Letermeren dimisioa onartzekotan, CDV Alderdi Kristaudemokrata flandriarreko burukideari berari edo beste agintari politiko bati eskatu liezaieke gobernu koalizio berri bat osatzen ahalegintzea. Hori ezinezkoa bada, Legebiltzar federala desegitea eta hauteskundeak aurreratzea izango litzateke irtenbide bakarra. Belgikako hauteskunde federalak 2007ko ekainaren 10ean egin ziren, eta lau urtetik behin egitekoak dira, ontsalaz. Azken bozketa horiez geroztik, baina,instituzio federalek ez dute egonkortasun egoera iraunkorrik izan.
35 udalerri, auziaren muinean
Beste behin ere, beraz, BHV auziak du gatazka piztu eta Belgika federalaren egonkortasuna kolokan jarri. Bruselako hemeretzi udalerrik eta Hall-Vilvoordeko 35 herrik osatzen dute BHV barrutia. Eta azken horien inguruko auziak eragin du beste behin polemika. Flandriako indar politikoek barrutia berez desagerdadin nahi dute -ez soilik herrialdearen burujabetasuna aldarrikatzen dutenek-. Horien ikuspuntutik, Hall-Vilvoordeko 35 udalerriak Flandriako Eskualdearen legedi etaagindupean jarri behar dira.
Haatik, hori gertatzean, herri horietan bizi diren frantses hiztunek orain dauzkaten eskubide batzuk gal ditzakete, hala nola Flandriako lurraldean egoteagatik frantses hiztunen hautagai politikoen alde bozkatu ahal izateko aukera. Flandriako Gobernuaren manupean egonda ere, flandrieraren mesederako hizkuntza legearen pean jartzera behartuak izango lirateke 35 udalerri horietan bizi diren frantses hiztunak. Eta horrelakorik ez dute entzun nahi ere egin frantses hiztunen alderdi politikoek; horien iritzian «bazterketa politikoa»indarrean jartzea litzateke. Frantses hiztunekin elkarrizketak antzuak izateaz nardatuta daude flandriar indar politikoak, eta Flandriako Legebiltzarrak ohartarazi du esparru federalean soluzio bat adostu ezean, berak erabakiko duela BHV barrutia zatitzea eta 35 udalerri flandriarrak Flandriako Eskualdearen agindupean jartzea.
Legebiltzar federalean, baina,gehiengoan dira indar politiko flandriarrak. Flandria burujabe baten alde daudenak gutxiengoan dira oraingoz, N-VA indar sozialdemokratak eta Vlaams Belang eskuin muturreko alderdiak baino ez baitute zehatz hori aldarrikatzen.
Haatik, estatu federalaren etengabeko egonkortasun faltak eraginda, Flandria independente baten alde daudenak gero eta gehiago lirateke. Azken inkestek nabarmendu dute Flandria burujabe baten alde direla eskualdeko herritarren %40 inguru. Belgikako Gobernuaren egoitza aurrean, hain zuzen, hainbat lagun elkarretaratu ziren atzo independentzia aldarrikatzeko. «Belgika izorra dadila», oihukatu zuten.
Autonomia gehiago
Eta denek independentziaren helburuasostengatzen ez badute ere, Flandriako indar politiko guztiek eskualde honek autonomia handiagoa izan dezan gura dute. Hala, autonomia fiskal osoa lortu nahi dute flandriarrek, honen hariragizarte segurantza sistema propioa garatzeko eskuduntza izango luketelako. Hori ez dute batere begi onez ikusten indar politiko frantses-hiztunek, horien iritzian, estatu federal baten oinarri den elkartasun araua bertan behera uztea bailitzateke.
Belgikako estatu federalaren egonkortasunaz zalantzak dauzkatenak, dena den, egunetik egunera gehiago dira. Hala, Monseko Unibertsitatean irakasle Pierre Vercaute politika adituaren esanetan, egoera benetan larria da: «Belgikak epe ertain edo luzean irauteari gero eta gutxiagok sinesten diote». Letermeren dimisioa ezinbestekoa zela nabarmendu du, aldiz, Belgikako Finantza ministro Didier Reyndersek. MR Erreformetarako Mugimendua indar politiko frantses-hiztuneko buruak gaineratu du ahalegin guztiak egin behar direla krisia ez dadin atzeraezineko egoera batera iritsi; «alabaina, esan behar da oso zaila dela flandriarrekin ados jartzea, bereziki nazionalistak direlarik».
Albert II.a erregeak Yves Letermeren dimisioa onartzearen kasuan, hori izango litzateke agintari kristaudemokrata flandriarraren hirugarren kargu uztea. Flandriarren eta frantses hiztunen indar politikoen arteko kalapiten ondorioz betiere, 2008ko uztailean eman zuen aurreneko dimisioa, baina erregeak karguan jarraitzea eskatu eta onartu egin zuen. Urte horren amaieran, baina, kargua utzi zuen Fortis bankuaren hondoratzeak piztutako eskandaluagatik. Haatik, iazko azaroan, agintera berriz deitu zuen Albert II.ak, Europako Kontseiluaren presidente kargura izendatutako Herman Van Rompuy Belgikako lehen ministroa ordezkatzeko gisan.
Belgikan dimisioa eman du lehen ministroak, koalizioa hautsi ostean
BHV auziak piztu du krisi politikoa berriz; Open VLD alderdi flandriarra negoziazioen porrotagatik atera da gobernutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu