Austriarekin Temelin planta nuklearraren inguruan duen ika-mika izan da aurten Europako Batasunera sartzeko koska bakarretakoa Txekiarentzat. Iaz, 900.000 lagunek sinadura bidez eskatu zuten argindar planta hori ixteko. Alabaina, Pragak segurtasun neurriak zorroztuko zituela agindu eta Bruselarekin bat egiteko argi berdea jaso zuen. Zentrala proba prozesuan egongo da 2004a arte eta orduan hasiko da bete-betean lanean.
Austria eta Alemania herrialde bizilagunak haserretu zituen beste kontu bat Benes dekretua zen. Dekretu horrek Bigarren Mundu Gerra ostean 2,5 milioitik gora alemaniar eta hungariar kanporatu eta haien ondasunez jabetzea ahalbidetu zion Pragari. Txekiak uko egin dio dekretua bertan behera uzteari.Defizita da Europako Batzordeak kritikatu diona Gobernuari. Ekonomikoki ongi dago, bestelakoan, eta atzerriko inbertsio asko ditu. Finantza araudiak gardenago izan behar duela ere esan zuen Bruselak. Ijitoak baztertzea ere kezkagarria da oraindik, ordea. 300.000tik gora ijito bizi dira Txekian eta haien artean oso altua dira txirotasuna, analfabetismoa eta langabezia tasak.
Gastu publikoa murrizten
Kafkaren, Dvorak konpositorearen, Bohemiako kristalaren eta ondasun arkitektoniko garrantzitsuenetakoen herrialdeak baiezkoa eman zion ekainean Europako Batasunean sartzeari. Herritarren %77,3k hartu zuten parte erreferendumean.
Komunismoa bertan behera gerarazi zuen Belusezko Iraultzaren bultzatzaile eta idazle Vaclav Havelek eraman zuen herrialdea Eslovakiarekiko independentziara ere, 1993an. Aurten, politikagintza utzi du, literaturari berriz heltzeko. Lehen ministro ohi Vaclav Klausek (1992-1997) Alderdi Zibiko Demokratikoa ordezkatu zuen presidentetzan, otsailean. Havelekin hainbat desadostasun izan arren, Belusezko Iraultza babestu zuen Klausek ere eta komunismo osteko lehen gobernuko Finantza ministroa izan zen. Klausek euroeszeptiko ospea dauka, baina EBn bat-egitea bere agintaldiaren lehentasuna izango zela agindu zuen. Vladimir Spidla sozialdemokrata da lehen ministroa, 2002. urteko ekaineko hauteskundeez geroztik. Agintaldi hasieran ongizate estatuaren aldeko apustua egin zuen arren, gizarte eta ongizate politiketan murrizpenak egiten saiatzen ari da orain, eta zergak igotzen, defizita murrizteko. Nekazariak kexu ziren iazko abenduan, EBk arlo horretan hartutako erabakiengatik. «Txekiako nekazaritza garbitzea al da Europan sartzearen prezioa», galdetu zuten Austriarekiko eta Alemaniarekiko mugak itxi zituzten nekazariek. Beste kezketako bat etxeen prezioen egoera da. EBko kide izatean ekonomiak gora egin eta prezioek oso gora egingo dutela uste dute inbertsiogileek.
Belusa, zulo batzuekin
Europako Batasuneko kide izateko bide onean dela baina defizita handiegia duela ohartarazi dio Bruselak; ijitoen egoera ere kezkagarria da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu