Oldenburgen egindako batzarra Berdeen historiako laburrenetako bat izan zen: ordezkariek lau orduz eztabaidatu zuten alderdiaren egoera berria. Hori oso denbora laburra da, kontuan hartuta Gobernua uztear daudela, agintean zazpi urte eman ondoren. Gainera, Legebiltzarrean talde txikiena da eta protagonismo gutxiko garaiak datoz berarentzat. Gauza asko zituzten eztabaidatzeko. Alabaina, ez zituzten galdera nagusiak egin: zein bide hartu behar dugu etorkizunean? Zeintzuek izan behar dute geure aliatu berriak? Zergatik egin du huts egitasmo gorri-berdeak, ez bakarrik gobernu federalean, baita lander-etan ere? Larunbateko batzarra ez zen Berdeen historiako laburrena izan bakarrik, baita Joschka Fischer buruzagia gabe egindako lehenengoa ere. Beren aitabitxiak asteburua beste nonbait igarotzea erabaki zuen. Bild egunkariak honela deskribatu zuen egoera: «Larunbat goiza Berlinen. Joschka Fischer eraikin zahar batean duen apartamentuko balkoira atera da. Plastikozko ureztontzi berde batekin bere landareak ureztatu ditu. Oraindik kantziler orde dena, erretiratu politiko funtzio berrian. Berdeak Oldenburgon alderdi ekologistaren etorkizuna eztabaidatzen ari diren bitartean, Aitabitxi ohiak ez du batzarrean parte hartu, lehen aldiz».
Erretiroa
Han bildutako 700 kideetako asko nahigabetuta zeuden Fischerrek azken batzarrean parte hartzeari uko egin ziolako. Reinhard Buetikofer alderdiburu berriak erreakzio epela eragin zuen Fischerrentzat txaloak eskatu zituenean hauteskunde kanpainan egindako «lan eskergagatik». Minutu eta erdiko txaloak besterik ez zituen jaso.
Jarduneko Atzerri ministroaren erretiratzea galera handia da alderdiarentzat. Hauteskundeetako emaitzak ezagutu eta berehala iragarri zuen Fischerrek ez zuela Berdeen oposizioko talde parlamentarioa zuzenduko. «Duela hogei urte, nire askatasun pertsonala aginteagatik aldatu nuen. Orain, berriz ere aske izan nahi dut», adierazi zuen Fischerrek. Tageszeitung egunkariari ondoko arrazoiak eman zizkion: «Berdeak ez dira Fischerren alderdia, nahiz eta nik eragin nabarmena izan dudan. Baina orain aro berri bat hasi da. Nire belaunaldiak idatzitako kapitulu gorri-berdea aldaezinezko amaierara iritsi da. Gazteek kapitulu berri bat idatzi behar dute».Azken zazpi urteetan SPD Alderdi Sozialdemokratako kantziler Gerhard Schroederri herrialdea zuzentzen lagundu ondoren, Berdeek etorkizun ezberdina izango dute orain. Irailaren 18ko hauteskundeetan alemaniarrek agintetik kendu zuten koalizio gobernua. Alderdiak berak behera egin zuen, hiru eserleku galdu baitzituen Legebiltzarrean. FDP Alderdi Demokratiko Askearen (liberala) eta Ezkerreko Alderdiaren atzean geratu zen, bosgarren. Alderdiko talde batzuk Batasun Kristau-Demokratarekin eta FDPrekin hiruko gobernua osatzen ahalegindu ziren arren, kide gehienek hainbat hamarkadatan izandako rolera, oposiziora, itzultzea erabaki zuten. «Berdeok urrats berri bat egiteko garaia da, oposizioan urrats berri bat egiteko garaia», esan zuen Legebiltzarreko Berdeen taldeko buru berri Renate Kuenastek.
Harreman agenda zabalik
Berdeek bide berriak bilatuko dituzte Gobernutik kanpo geratu ondoren. Epe ertainera, ez dute mugatu behar SPDrekin koalizioak egitera edo oposizioan jarraitzera; aliantza berriak egiteko aukera landu behar dute, larunbateko batzarrean gehiengo zabalak erabaki zuenez. Berdeek sendotu egin nahi dute esparru kontserbadore eta ezkertiarretan, hauteskunde alternatibatzat jo ditzaten. Alde batetik, sindikatuen eta liberalen ikuspuntu ekonomikoetatik gertu daude; eta, bestetik, SPDren, Ezkerreko Alderdiaren eta liberalen ikuspuntu soziopolitiko eta kulturaletik gertu. Aditu politikoen arabera, Berdeek goiz edo berandu koalizioa egingo dute CDUrekin 16 lander-etakoren batean. Batzarrean, Renate Kuenastek nabarmendu zuen gobernu gorri-berdea osatzea dagoeneko ez dela alderdiaren alternatiba bakarra. Halere, koalizio kide berriak bilatzeko goizegi zela argitu zuen: «Ez gara iragarki bat egiten ari. Ez gara egunero koalizio bati buruz hitz egiteko kidea bilatzen ari».
Aurretik, oposizio irmo eta eraikitzailea egiteko konpromisoa hartu du alderdiak. Oposizioko buru izatea lortu nahi du, liberalen eta Ezkerreko Alderdiaren gainetik, erreforma sozial-ekologikoak eta eskubide zein askatasun zibilak defendatuz. Heinrich Boell fundazioko buru eta Berdeen aholkulari Ralf Fuecksek bakarrik jarduteko garaia dela esan du: «CDUrekin koalizioa egitea, semaforo koalizioa (SPDrekin eta liberalekin) edo koalizio jamaikarra (kontserbadoreekin eta liberalekin), zeinak zeresan handia eman zuten bozen ondoren, baztertu egin behar dira. Orain, independentzia iragarri dute Berdeek».
Legebiltzarra osatu dute, eta CDUko Lammert presidente hautatu
erredakzioA
Irailaren 18ko bozekin Alemaniako panorama politikoa aldatu ondoren, legegintzaldi berrirako urratsak egiten segitzen dute bi alderdi nagusiek. Herenegun gobernuko kideak izendatzen bukatu bazuten ere, karguak hartzea geratzen da eta hori nola egin negoziatzen ari dira CDU-CSU eta SPD alderdiak. Nolanahi ere, atzo Legebiltzarra osatu zuten diputatuek. Hain justu, CDU Batasun Kristau Demokratako Norbert Lammert hautatu zuten ganberako presidente.
Bozetan 226 diputatu eskuratu zituen CDU-CSU (kristau-demokratak eta sozial-kristauak) koalizioak zortzi kide izango ditu, 222 diputatu lortu zituen SPDk bezalatsu. Bi alderdiok Gobernuan izango diren bitartean, FDP alderdi liberala, Ezkerreko Alderdia (Linkspartei) eta Berdeak oposizioan ariko dira.Legebiltzarreko arauei jarraiki, talde parlamentario bakoitzari gutxienez presidenteordetza bat dagokio. SPDk ez du kontserbadoreekiko negoziazioetan berak presidentea izendatzea lortu; bai, ordea, bi presidenteorde. Oposizioak hori kritikatu zuen.Bitartean, Legebiltzarreko presidente berriak Gobernuarekiko «jarrera kritikoa» izatera gonbidatu zituen diputatuak. «Demokraziaren ezaugarria ez da gobernu baten existentzia, Legebiltzarrarena baizik», nabarmendu zuen Lammertek.
Azaroa arte negoziatzen
Herenegun publiko egin zuten gobernuko postuen banaketa, baina koalizioak gobernu programa hitzartu arte ministroek ezingo dituzte beren karguak hartu. Hala, Angela Merkelek (CDU) postua hartu arte orain arteko kantzilerrak, Gerhard Schroederrek (SPD Alderdi Sozialdemokrata) segituko du karguan. Koalizioko kideak programan adosteko negoziazioek gutxienez azaroa arte iraungo dutela aurreikusten da.