Bi aukera zituen Schroederrek bozak aurreratzeko: dimisioa aurkeztea edo konfiantza mozioa eskatu eta galtzea. Bigarrenari heldu zion. Baina oraindik ez dago argi presidenteak bere erabakia onartuko duen. Koehlerrek ontzat eman behar ditu kantzilerraren argudioak, Legebiltzarraren erabakia onartu eta bozak aurreratzeko.Kantzilerraren arabera, egungo Gobernua ez da herrialdea zuzentzeko gai, eta beraz, Agenda 2010 izenekoa aurrera eraman ahal izateko oinarrizkoak dira bozak. Schroederrek berak aurkeztutako erreforma sorta bat da agenda hori. «Agintaldi berririk gabe ezingo dut nire programa politikoarekin aurrera egin». Baina zenbait alderdikide eta SPDrekin koalizioa osatzen duen Berdeen Alderdiko kide batzuk ez ziren bat etorri haren erabakiarekin. Zenbait adituk zalantzan jarri zuten mozioaren legezkotasuna bera ere.
Koalizioa krisian
Alderdi Sozial Demokrata eta Gobernu koalizioa krisian daude. SPDko diputatu Jelena Hoffmanek eta Alderdi Berdeko kide Werner Schulzek ohartarazi zuten konfiantza mozioak ez zuela zentzurik eta Auzitegi Konstituzionalera joko zutela, presidenteak mozioa ontzat emanez gero. Schulzen esanetan, itxurazko bozketa antolatu zuen kantzilerrak, eta beraz, «prozedura zentzugabea» bultzatu zuen. Berdeak haserre zeuden Schroederrekin, hark ez zuelako haiekin hitz egin hauteskundeak aurreratzea erabaki aurretik. Ondorioz, Berdeen Alderdiko diputatu gehienek egungo Gobernuaren alde bozkatu zuten. Bilera amaitu ostean, berriz, SPDko kideak Schroeder txalotzera altxatu zirenean, berdeen buruzagiak soilik altxatu ziren.
Eskualdeetako bozetan Ipar Renania-Westfalian galdu izanak krisia eragin zuen kantzilerraren alderdian. Ondorioz, alderdikide askok taldea utzi zuten. Beste batzuek, berriz, egin asmo zituen erreformak bertan behera uzteko eskatu zioten Schroederri, bestela alderdia utziko zutela ohartaraziz. «Kontuan hartu ditut mehatxu horiek, egunkarietan egunero irakurtzen nituelako. Renaniako porrotaren ostean, Gobernuaren gaitasunak zalantzan jarri zituzten askok», azaldu zuen kantzilerrak atzo. Haren esanetan, aurrera egiteko gaitasuna oinarrizkoa da.Eskualde horretan SDPkoek lortzen zituzten boto gehien orain arte. Baina azken hauteskundeetan CDU Kristau Demokratek lortu zuten garaipena.Angela Merkel CDUko buruak arrazoi eman zion atzo Schroederri egungo Gobernua ez zela gobernatzeko gai esaterakoan.Hiru aste ditu Koehlerrek Legebiltzarraren erabakia onartu edo atzera botatzeko. Azkenik, Schroederri karguan jarraitzeko eskatzea erabakiz gero, hark dimititzeko aukera izango du. Gauzak horrela, segur aski, SPDko buru Franz Muenteferingek hartuko du bere lekua.
Hauteskunde orokorrak
Bundestagaren erabakia onartu eta bozak aurreratuz gero, Schroeder bera aurkeztuko litzateke berriz ere kantziler kargura. Merkel izango da haren aurkari nagusia. Horrek «programa bateratua» aurkeztuko zuela eta aurrera egiteko gai izango zen gobernua osatuko zuela iragarri zuen atzo Legebiltzarrean. CDUk gehiengoa du bai Bundestagean, eta baita eskualdeetarako ganbera edo Bundestargean ere. Baina azken inkesten arabera, herritarren %40 Schroederren aldekoak dira, eta %36, berriz, Merkelen aldekoak. Hala ere, kontuan hartu behar da inkesta konfiantza mozioa baino lehen egin zela. Bozketa horretan, Schroederrek Gobernuaren gaitasunik eza onartu izanak herritarren jarrera alda dezake.
Schroederrek 2002an bozak irabazi zituenean, langabezia gutxituko zuela hitz eman zuen eta bere hitza betetzen ez bazuen ez zuela agintean jarraituko iragarri zuen. 2005eko otsailean 4,7 milioi langabetu zeuden Alemanian, Schroederrek lehen aldiz kargua hartu zuenean 1998 baino 800.000 bat gehiago.
-
Orain zer?
Presidentearen erabakia: Legebiltzarrak Gerhard Schroeder kantzilerrarengan konfiantza nahikorik ez zuela erabaki ostean, presidenteari dagokio haren erabakia errespetatuko duen ebaztea. 21 egun ditu horretarako.
Legebiltzarra: Ondoren, Parlamentua desegin eta hauteskunde berriak deituko ditu. Bozak Legebiltzarra desegin eta 60 egunera egin behar dira.
Aurreko kasuak: 1982an orduko kantziler Helmut Kohlek ere gauza bera egin zuen. Legebiltzarrean gehiengoa lortu nahi zuen eta hauteskundeak aurreratu zituen konfiantza mozioa galduz.