Astelehenean 13:30ean egin du Espainako Gobernuak Kataluniako hauteskundeen eta independentismoaren garaipenaren inguruko lehen balorazioa. Albiste agentziek hauteskunde gauean aurreratu zuten Rajoyren gobernuaren arabera Masek hauteskundeak "galdu" egin dituela, eta espero bezala, ezer berririk ez du esan Espainiako presidenteak biharamunean.
Rajoyren arabera, bakarrizketa eta alde bakarreko inposizioa izan da orain arte Kataluniako Gobernuak egin duena, eta hori aldatzea eskatu du: "haustura eta tentsioa gainditzera deitu du gobernu berria". Espainiako presidenteak azpimarratu du Katalunia "oso anitza" dela eta datorren gobernuari "kataluniar guztientzat" gobernatzeko eskatu dio.
Ixiltasuna Europako Batzordean
Europako Batzordeak ez du ezer esan nahi izan gaur Kataluniako hauteskundeen biharamunean. Margaritis Schinas bozeramaileak adierazi du Espainiaren barneko kontu bat dela, eta Europako Batzordeak ez dituela "hauteskunde erregionalak" komentatzen. "Batzordeari ez dagokio Estatu baten xedapen konstituzionalen antolaketaren inguruan iritzi bat ematea", zehaztu du.
Baieztatu du, baina, Jean-Claude Juncker Europak Batzordeko presidenteari bozen emaitzen berri eman ziotela, baina argitu du ez duela harremanik izan horrek ez Espainiako Gobernuarekin, "ezta Kataluniako gobernu erregionalarekin ere".
Aurreko astean Junckerren erantzun bat ingelesetik gaztelerera unionismoaren aldeko mezu bat gehituta itzuli izanaren inguruan "akats" bat izan zela esan du: "Erakunde honetan 35.000 pertsona bizi dira, eta horiek akatsak egiten dituzte". Zehatzu du oraingoz jakin dutenez, idazkari nagusiaren mailako akatsa izan zela".