Indiaren eta Pakistanen arteko tentsioa areagotuz joan da azken egunetan, apirilaren 22an talde armatu batek Indiak kontrolatzen duen Kaxmir eskualdean 26 turista hil zituenetik. Indiak Pakistani egotzi zion erasoa, eta, harrezkero, bi herrialdeek Kaxmirko su etena hautsi dute: tiroketak egotzi zizkioten elkarrri, harik eta joan den asteazken goizaldean Indiak Pakistango bederatzi «gune terrorista» bonbardatu zituen arte. Eta erantzun egin zion hark. Nazioarteak moderaziorako deia egin zien, eta herrialde bat baino gehiago prest agertu ziren Indiaren eta Pakistanen arteko elkarrizketak bideratzeko. Gaur, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bi herrialdeen arteko berehalako tregoaren berri eman du, sare sozialetan: «Zorionak bi herrialdeei zentzuz eta adimenez jokatzearren».
Bada, gutxi iraun du gaur bertan Indiak eta Pakistanek adostu duten berehalako su etenak. Arratsaldean sartu da indarrean, eta hiru orduren buruan entzun dira lehenbiziko eztandak Indiak kontrolatzen duen Kaxmir eskualdeko Jammu eta Srinagar hirietan, Reuters berri agentziak eta Al Jazeera hedabideak lekukoak aipatuz kaleratu dutenez. Era berean, Omar Abdullah Kaxmir eta Jammu eskualdeetako gobernuaren ordezkariak salatu du leherketak entzun direla Srinagar hirian: «Zer demontre gertatu da su etenarekin?». Honako bideo hau zabaldu du sare sozialetan:
This is no ceasefire. The air defence units in the middle of Srinagar just opened up. pic.twitter.com/HjRh2V3iNW
— Omar Abdullah (@OmarAbdullah) May 10, 2025
Hortik gutxira heldu da Indiaren erreakzioa: Vikram Misri Indiako Atzerri idazkariak tregoa haustea leporatu dio Pakistani, eta jakinarazi du dagoeneko Indiako armada «erantzuten» ari dela; haren arabera, bi herrialdeen arteko mugan meniaren «urraketari gogor egiteko» agindua jaso dute soldaduek. «Intrusio hau biziki gaitzesgarria da, eta Pakistanek du horren ardura guztia», erantsi du eman duen prentsaurrekoan. Islamabadek gezurtatu egin du tregoa hautsi duela. Herrialdeko Informazio ministro Attaullah Tararren arabera, Indiak ez du oinarririk akusazio horiek egiteko: «Pakistanek ezin izan du su etena urratu, ez du horri buruz pentsatu ere egin. Ospatzeko unea da honako hau, eta Pakistango nazioa garaipena ari da ospatzen gaur», esan dio Geo News kateari. Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak agerraldia egin zuen, nahiz eta ez zien erantzun Indiaren salaketei: «Herrialde arduratsua gara. Bakea nahi dugu. Nazio bakezalea gara».
Bi egunean aritu dira AEBak Indiaren eta Pakistanen artean bitartekari lanetan —Marco Rubio Estatu idazkariak eta James David Vancek bi herrialdeetako lehen ministro Narendra Modirekin eta Shehbaz Sharifekin negoziatu dute—, eta, Trumpen hitzetan, «elkarrizketa gau luze baten ondoren» heldu da guztizko menia.
Etxe Zuriko maizterrak iragarpena egin eta berehala baieztatu dute bai Indiak eta bai Pakistanek su etena erdietsi dutela. Prentsaurreko batean, Vikram Misri Indiako Atzerri idazkariak adierazi du akordioa erdietsi eta gero «lurreko, aireko eta itsasoko ekintza militar guztiak» bertan behera utzi dituztela, arratsalde honetan bertan sartu baita tregoa —Indiak 17:00ak zirenean; Euskal Herrian 13:30ean—. Haren arabera, Pakistango operazio militarretako zuzendariak Indiakoari deitu dio aurretik, elkarri eraso ez egitea adostu dute, eta jakinarazi du etzi berriro hitz egingo dutela.
Ishaq Dar Pakistango Atzerri ministroak, berriz, herrialdeko hedabideei egindako adierazpenean zehaztu du akordioa ez dela «partziala», eta «hiru dozena herrialderen» ahalegin diplomatikoek ere lagundu dutela hura ixten; Saudi Arabia eta Turkia aipatu ditu, eta eskerrak eman dizkio «bereziki» Erresuma Batuko bere homologoari, David Lammyri, «berebiziko rola» izan duelako prozesu horretan.
Azken asteotan, Indiaren eta Pakistanen arteko tentsioak kezka eragin du nazioartean, bi herrialdeek arma nuklearrak dituztelako. Lammyk esan du gatazka «arintzea guztien interesekoa» dela, eta «sekulako ongietorria» eman dio meniari. Kaja Kallas Europako Batasuneko diplomaziaburuak, berriz, azpimarratu du su etena «errespetatzeko ahal den guztia» egin behar dela, eta «bakearen eta egonkortasunaren aldeko eta terrorismoaren kontrako konpromisoa» berretsi du. Pakistango Atzerri ministroa Txinakoarekin ere harremanetan egon da, eta kaleratu duen ohar batean, esan du Txinak «tinko» egingo duela Pakistanen alde.
Indiako Defentsa Ministerioaren agerraldi batean hitz egin du itsas armadako buruzagi batek, eta, ohartarazi duenez, menia indarrean egonagatik ere, herrialdearen «subiranotasunari eusteko adi» egongo dira: «Behar dena behar dela, prest gaude gure nazioa defendatzeko». Tregoa adostu aurretik, Indiak eta Pakistanek elkarri egotzi diete egoitza militarrei eraso egin izana goizaldean: Pakistanek salatu du Indiak hiru egoitzari egin diola eraso, eta Bunyan Ul Marsoos operazioa (berunezko horma) hasi du haren kontra; izan ere, Indiako armadako bozeramailearen arabera, 26 gune bonbardatu omen ditu Pakistanek irismen luzeko armekin, droneekin eta gerra hegazkinekin, nahiz eta eraso horiek «arrakastaz neutralizatu» dituzten.
AEBetako Estatu idazkariak jakinarazi du su etena hitzartzeaz gainera «espazio neutral batean kontu sorta bati buruz» elkarrizketak abiatzea ere adostu dutela bi herrialdeek, eta horietako lehen ministroen «jakinduria, zuhurtasuna eta gobernatzeko gaitasuna» goretsi ditu «bakeranzko bidea» hartzeagatik. Indiako Gobernuak, dena den, gezurtatu egin du hori: «Ez da hitz egiteko erabakirik hartu, ez ezein gairi buruz, ez ezein lekutan».
Besteak beste, Kaxmirko tiroketaren biharamunetan Indiak erabaki zuen Indus ibaiko urak banatzeko hitzarmena bertan behera uztea —1960an sinatu zuten Indiak eta Pakistanek, eta, bien arteko gatazkak eta gerrak direla medio, indarrean iraun du orduz geroztik egun arte—. Reuters berri agentziak Indiako iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, ez dute berrezarriko hitzarmena.
Gatazka gunea
Kaxmir eskualdea Indiaren eta Pakistanen arteko gatazka iturria izan da bi herrialdeek Britainia Handiko Inperiotik independentzia lortu zutenetik 1947an. Biek ala biek eskatzen dute lurralde osoaren jabetza —Txinak ere kontrolatzen du zati bat—, eta hiru gerra abiatu dituzte gaur arte: 1947an, 1965ean eta 1999an. Gainera, Bangladeshko independentzia gerran ere (1971) elkarren kontra borrokatu ziren India eta Pakistan, eta hurrengo urteko Simlako Hitzarmenarekin ezarri zuten de facto kontrolatzen dituzten Kaxmirko eskualdeen mugarako su etena. Zenbaitetan berretsi dute su etena, nahiz eta beste hainbatetan piztu diren gatazkak bien artean.