Alemaniako Legebiltzarrerako bozak egin zituzten atzo, baina Berlingo biztanleek bazuten beste gai bat botoen bidez ebazteko, erreferendumean, eta baietz bozkatu dute: funts handien 240.000 etxebizitza desjabetzeko proposamenaren alde egin dute gehienek.
Berlindarren %56,4k baietz esan diote Desjabetu Deutsche Wohnen & Co egitasmoari, eta %39k aurka bozkatu dute. Horren bitartez, Senatuari eskatuko diote lege bat egin dezala 3.000 etxebizitza baino gehiago dituzten «irabazi asmoko higiezin enpresa handien» 240.000 etxebizitza desjabetzeko, eta horiek jabego publikora pasatzeko. Berlingo etxebizitzen %15 inguru dira horiek.
Ez dute esan zenbat herritarrek bozkatu duten galdeketan, baina, bozketa baliokotzat jotzeko, botoa emateko eskubidea duten herritarren gutxienez %25en parte hartzea behar zen, eta hori lortu dela adierazi du hauteskunde batzordeak. Hau da, milioi bat pertsonak baino gehiagok bozkatu du galdeketan. Hiriko hamabi barrutietatik hamarretan irabazi du ekinaldi horren aldeko jarrerak, erdialdean zein kanpoaldean. Steglitz-Zehlendorf eta Reinickendorf barrutietan bakarrik irabazi du aurkako bozak. Ostera, azken urteotan alokairu igoera handienak pairatu dituzten erdialdeko auzoetan oso argi irabazi du. Esaterako, Friedrichshain eta Kreuzberg auzoak biltzen dituen barrutian %72,4k bozkatu dute desjabetzearen alde.
Noski, enpresei konpentsazio bat eman beharko liekete, eta, kalkulatu dutenez, horiek 13.700 milioi euro inguru balioko lukete.
Erreferendumaren emaitza ez da loteslea, ekinaldi baten ingurukoa delako, ez aurrez idatzitako egitasmo bati buruzkoa. Gaur arratsaldean jakinaraziko dituzte datu ofizialak, baina gaur goizerako zenbatuta zeuden barruti ia guztiak. Egitasmoa martxan jarri zutenen ustez, erreferendumaren emaitzak presio egingo die Berlingo agintariei, gaiari heltzeko, eta alokairuaren prezioak merkatzeko.
«Eredu neoliberalaren amaiera eskura dago lehenbiziko aldiz», idatzi dute Berlingo Die Tageszeitung egunkariaren editorialean. Egunkariak nabarmendu du kanpainak arrakasta eduki duela ez delako «ideologia batetik planteatu», eta ez delako «dogmatikoki argudiatu».
2019ko apirilean abiatu zuten Desjabetu Deutsche Wohnen & Co kanpaina. Rouzbeh Taherik sustatu du, 45 urteko enpresari eta aktibista berlindar batek. Deutsche Wohnen Berlingo higiezinen konpainiarik handiena da, eta 110.000 etxebizitzatik gora dauzka alokairuan. Burtsan kotizatzen du. AEBetako BlackRock inbertsio funtsak horren akzioen %10,2 ditu.
Vonovia da Alemaniako higiezinen konpainiarik handiena, eta hark 40.000 etxebizitza dauzka alokairuan Berlinen. BlackRockek horren akzioen %8,6 ditu. Norvegiako Gobernuaren Pentsio Funtsak beste %6,9 dauzka. Handietan hirugarrena ADO Properties Luxenburgoko konpainia da: 24.000 etxebizitza ditu. AEBetako Vanguard inbertsio funtsak horren akzioen %2,14 ditu.
Taheriren mugimenduak argudiatu du etxejabe erraldoi horiek ari direla alokairuaren prezioa puzten, eta erantzun erradikal bat eman behar zaiola egoerari.
Alemaniako Gobernu Federalak alokairu errentaren prezioa mugatzeko arau bat egin zuen 2015ean, urtetik urtera prezioa %10 baino gehiago ez hazteko, baina ez du eraginik izan.