Berlusconi kanporatzeko lehen pausoa eman du Italiako Senatuak

Bere burua defendatzeko eskubideari uko egin dio lehen ministro ohiak, 'Mediaset auziko' sententzia «politikoa» dela iritzitaImmunitate Batzordearen erabakia berretsi beharko du orain senatuak osoko bilkuran

Ion Orzaiz.
2013ko urriaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oin bat eta erdi senatutik kanpo ditu Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohiak, prozesu horretan beste pauso bat eman baitu senatuak. Ganbera horretako Immunitate eta Hauteskunde Batzordeak kanporatzearen alde egin zuen atzo, eta senatariek osoko bilkuran berretsi beharko dute orain erabakia.

Iaz, Mediaset auzian zerga iruzurra egiteagatik lau urteko kartzela zigorra ezarri zioten epaileek Il Cavaliereri —bakarra bete beharko du, eta etxean egin dezake—, eta aurtengo abuztuaren 1ean, zigorra berretsi zion Italiako Auzitegi Gorenak. Epai hori eta Severino legea izan dira batzordearen erabakiaren ardatz nagusiak. Izan ere, bi urte baino gehiagoko kartzelaldiarekin zigortutako pertsonak diputatu edo senatari izatea debekatzen du Mario Montiren gobernuak urtarrilean onartutako legeak.

Ordubeteko saioa nahikoa izan zuten senatariek alde bateko zein besteko argumentuak entzuteko eta horren ostean deliberatzeko. «Tesi guztiak aintzat hartu ditugu erabakia hartu aurretik. Eztabaida emankorra izan dugu», esan zuen batzordeko presidente eta SEL Ezkerra Ekologia Askatasuna alderdiko kide Dario Stefanok. Aditu ez zuten bertsio bakarra Berlusconirena izan zen, hark hala nahi izan zuelako: batzordekideen aurrean hitz egiteko eta bere burua defendatzeko aukera zuen, baina eskubide horri uko egin zion, Mediaset auziko sententzia «politikoa» eta «bidegabea» dela argudiatuta. «Errealitateari bizkarra ematen dio epaiak, eta ez dut aintzat hartuko», esan zuen PDL Askatasunaren Herria alderdiko buruak.

Horrez gainera, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzeko asmoa agertu zuen: «Estrasburgora joko dut, eta han, prozesu osoa berrikusi eta epaia baliogabe utz dezaten lortuko dut».

Mediaset enpresaren bidez, AEBetako pelikulak telebistan emateko eskubideak erosi eta horiekin zerga iruzurra egiteagatik kondenatu zuten Berlusconi 2012an, baina, lehen ministro ohiaren esanetan, ez dago delitu horren froga sendorik.

Oztopoz beteriko bidea

Ateak itxirik egin zuten bozketa Immunitate eta Hauteskunde Batzordeko kideek, eta Stefano presidenteak ez zuen argitu zenbat senatarik eman zuten aldeko botoa eta zenbatek kontrakoa. Jakina zen, ordea, Berlusconik babes eskasa izanen zuela batzordean, 23 kideetatik zortzi besterik ez baitira PDLkoak.

Gutxiengoan zegoela jakitun zen Il Cavaliere, eta, horregatik, prozesua oztopatzen saiatu da hasiera-hasieratik. Hala, Immunitate eta Hauteskunde Batzordeak auzia aztertuko zuela argitaratu eta berehala, helegitea aurkeztu zuen PDLk. Prozesua abiatu baino lehen, Auzitegi Konstituzionalak eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Severino legearen zilegitasunari buruzko txostena egin beharko luketela argudiatu zuen Berlusconik, «arauak Europako Batasuneko legedia urratzen duen jakiteko». Irailaren 18an, Italiako Senatuak atzera bota zuen helegitea.

Prozesuak aurrera eginen zuela ikusita, Enrico Lettaren gobernua eroraraziko zuela mehatxu egin zuen Berlusconik behin baino gehiagotan, eta, horrek ere eraginik izan ez zuenez, dimisioa aurkezteko agindua eman zien bere alderdiko ministroei. Gogoz kontra, hala egin zuten PDLko ministroek, baina alderdi barruko desadostasunak agerian gelditu ziren, eta gobernuaren alde egin zuten alderdi eskuindarreko dozenaka legebiltzarkidek. Gobernu krisia eragin nahian, bere hilobi politikoa sakondu besterik ez zuen egin Berlusconik.

Lehen ministo ohiak, ordea, beste helduleku bat aurkitu du, haren kontrako prozesua oztopatzen jarraitzeko. Izan ere, Immunitate eta Hauteskunde Batzordeko kide eta M5S Bost Izar Mugimenduko senatari Vito Crimik Berlusconiren kontrako adierazpenak egin zituen sare sozialetan, batzordekideak deliberatzen ari ziren bitartean. Crimik araudia urratu zuela adierazi zuen PDLko bozeramaile Renato Schiffanik. Auzia ikertuko dutela erantzun zion senatuko presidente Pietro Grassok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.