Ingurumena

Bero «jasanezinaz» eta lurpeko uren agortzeaz ohartarazi du NBEk

Munduak bizi duen krisi ekologikoak ekar ditzakeen sei arrisku katastrofiko zerrendatu dituzte Nazio Batuen Erakundearen Unibertsitateak egindako txosten batean.

Lehorte gogorrak arrain asko hil ditu aurten Amazonian. Irudian, Rio Negro, Brasilen. RAPHAEL ALVES / EFE
inaki petxarroman
2023ko urriaren 26a
13:39
Entzun

Gizakiarentzat «bero jasanezina» agertzea, lurpeko urak agortzea eta espezieak bizkor desagertzea dira Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Unibertsitatearen txosten batek identifikatu dituen atzera-bueltarik gabeko sei puntuetatik hiru. Hauek dira beste hirurak: mendiko glaziarrak desagertzea, espazioko kutsadura eta hondamendien maiztasunaren dela-eta aseguru sistema kolapsatzea. Horiei aurre egiteko, egungo krisi ekosoziala eragiten duten arrazoiei kasu egiteko eskatu du NBEk, eta ez bakarrik egokitzeari.

NBEko Unibertsitateko Ingurumen eta Giza Segurtasuneko Institutuak argitaratutako txostenean azaldu dutenez, ekosistemak, elikadura sistemak eta sistema hidrikoak hondatzen direnean, «prozesua ez da erraza eta aurreikusteko modukoa izaten. Aitzitik, ezegonkortasuna poliki-poliki handitzen da, bat-batean atzera-bueltarik gabeko puntu bat gainditzen den arte, eta sistema funtsean aldatzen da, edo kolapsatu egiten du, eta inpaktu katastrofikoak ekarri».

Honela definitzen ditu gertaera horiek: «sistema sozioekologiko bat jada ez da gai arriskuak arintzeko eta aurreikusitako funtzioak emateko, eta, horren ondorioz, inpaktu katastrofikoak izateko arriskua nabarmen handitzen da».

Txostenak ohartarazi du atzera-bueltarik gabeko puntuak edo puntu kritikoak gainditzea klimaren, ekosistemen, gizartearen edo teknologiaren eremu indibidualetatik harago doala. Dioenez, horiek elkarri lotuta daude berez, eta lotura estua dute giza jarduerekin eta irauteko baliabideekin.

Puntu kritikoaren adibide bat da lurpeko uraren agortzea, eta gogorarazi du akuiferoak funtsezko ur iturria direla mundu osoan, 2.000 milioi pertsonak baino gehiagok erabiltzen baitituzte. «Lurpeko uraren % 70 inguru nekazaritzan erabiltzen da, sarritan azaleko iturrietan nahikoa ur ez dagoelako. Gaur egun, lehorteek nekazaritzan eragindako galeren erdiak arintzen laguntzen dute akuiferoek, eta fenomeno hori etorkizunean handitzea baino ez da espero, klima aldaketaren ondorioz».

Txostenak ohartarazi du munduko akuiferorik handienen erdiak baino gehiago agortzen ari direla naturalki leheneratu baino azkarrago. «Geruza freatikoa egungo putzuen mailaren azpitik jaisten bada, nekazariak urik gabe gera daitezke bat-batean». Herrialde batzuek –hala nola Saudi Arabiak– puntu kritiko hori gainditu dutela ondorioztatu dute txostenean; eta beste batzuk –India, kasurako– hortik gertu daudela.

Bero jasanezinarena da azterketan aipatu dituzten arriskuetako beste bat. Gero eta bolada gehiago eta gogorragoak izanik, arriskua dago giza gorputzak jasan ezin izango lukeen beroa gainditzeko. Ontzat jo dute hori eragozteko sistema aringarriak bilatzea, baina gaineratu dute irtenbide horiek berez ez dutela sakoneko arazoa konponduko.

Horri dagokionez, NBEko adituek adierazi dute aire girotuko aparatuak instalatzea dela arrisku hori «atzeratzen» duen ohiko irtenbidea. Gaineratu dutenez, benetako irtenbide gisa «sistema iraunkorragoa eta sendoagoa» ezarri beharko litzateke, halakorik gerta ez dadin. Hain zuzen ere, eraldaketa handia behar da egungo sisteman, eta txostenaren egileek salatu dute ondorioak atzeratzeko tresnak jartzea lehenetsi dutela gaur-gaurkoz, sisteman beharrezko aldaketak egitea baino gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.