Berpizten ari den gaitza

Aspaldi ez bezalako oldarkortasunarekin ari da agertzen azken hilabeteotan dengea Latinoamerikan; klima aldaketak eta pobreziak bazka ematen diote gaitzari.

arantxa iraola
2007ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Kezka handia eragiten ari da dengea Latinoamerikako herrialde askotan. Ez da ezohiko gaitza herrialderik gehienetan, baina ezohiko oldarkortasuna erakusten ari da iragan hilabete hauetan. Paraguain, bereziki, hilabete zailak pasa dituzte. 24.000 laguni baino gehiagori erasan die gaitzak, eta gutxienez 11 lagun hil ditu. Badira oraindik ere baieztatzeko dauden kasuak.

Inguruko herrialdeak ere arduratuta daude. 1960ko hamarkadan ahalegin handia egin zen gaitzaren kontra, eta ia desagerrarazi zen Latinoamerikatik. Baina okerrera egin da; egun, soilik Txile eta Urugai dira dengerik ez duten herrialdeak. Edo ia dengerik ez dutenak. Txilek onartu behar izan du zenbait kasu agertu direla Pazko uhartean.

Martxoaren hasieran jakinarazi zituzten datuen arabera, urte hasierako lehen bi hilabeteetan 77.000 laguni erasan zien eritasunak. Leku askotan osasun zentroek, premiak eta baliabide urritasunak itota, gainezka egin zuten. Egoerak, iragan asteotan, hobera egin du zenbait tokitan, baina kezka handia da.

Denge kasuetan oraingoz Paraguaik hartu du aurrea, baina atzetik Brasil doa. Kasu ugari agertzen ari dira, batez ere Mato Grosso estatuan. Klima aldaketak eta hiri handietako pobreziak arnasa eman diote gaitzari, eta berriro jarri behar izan dituzte indarrean gaitza zabaltzen duen eltxoaren --Aedes aegypti izena du-- kontrako neurriak.

Dengeak sukarra, buruko mina eta botalarria eragiten ditu. Egun batzuetako ondoezarekin gainditzen dute eririk gehienek, baina kasurik larrienetan heriotza ere eragiten du. Gaitzaren kontrako botikarik ez da, gainera. Hilabeteotan, denge hemorragikoa ere agertzen ari da. Horrek eragin du, batez ere, kezka. Izan ere, gaitzaren aldaerarik okerrena da hemorragikoa; gibela, bihotza, birikak eta garuna hartzen ditu, eta ordu gutxiren buruan heriotza eragin dezake.



antonieta rojas de ariasEpidemien kontrolean aditua

«Gizarte arazoek zail egiten dute gaitzaren kontrako borroka»





a.i.

PAHO Panamerikako Osasunaren Erakundeko Paraguaiko ordezkaritzan lan egiten du Antonieta Roias de Arias adituak, epidemien kontrolerako neurriak sustatzen. Joan diren hilabeteotan buru-belarri aritu da dengearen kontrako plana atontzen. Arazoari behar bezala aurre egiteko, Latinoamerikako gizartean erro-erroko zenbait aldaketa egitea ezinbestekoa dela dio.

Hilabete zailak pasarazi dizkizue dengeak. Izurri zaila izan duzue...

Martxoaren amaierako datuen arabera, 23.793 kasu izan ditugu aurten, eta gaitzaren ondorioz baieztatutako heriotzak 11 izan dira. Beste batzuk baieztatzeko daude... Azken egun hauetako datuen arabera, ordea, izurria ahultzen ari dela ematen du.

Zer-nolako neurriak hartzen dituzue gaitzaren aurka?

Aedes aegypti eltxoaren bidez kutsatzen da dengea, eta, gaitzaren aurka egiteko, bereziki saiatzen gara eltxo horien haztegiak deuseztatzen. Birusaren transmisioa mozteko erarik zuzena hori da, eta egiten ditugun kanpainen ardatza hori izaten da. Oraingoan, hasierako neurriekin egoerak hobera ez zuela egiten ikusita, etxez etxe haztegiak deuseztatzeko proiektu bat jarri dugu martxan hiriburuan, Asuncionen, eta inguruetan. Bide batez jendeari prestakuntza eman zaio eltxoen haztegiak non egoten diren irakasteko. Aurten mila pertsona kontratatu ditugu propio egiteko horretarako. Medikuak ere prestatu ditugu,gaitza lehenbailehen diagnostikatzeko.

Zer kontatzen diozue jendeari?

Jendeari azaldu behar izaten zaio eltxoen haztegiak normalean ur geldietan egoten direla eta etxezuloan sartuta egoten direla. Aski izaten da, esaterako, pneumatiko zahar batzuk etxeko bazter batean gordeta edukitzea. Horietan ura pilatzen da, eta ur horretan eltxoek haztegia egiten dute. Oso ohikoa izaten da hori. Haztegien %61 pneumatikoetan aurkitu ditugu,eta etxean ura biltzen duten antzeko plastikoetan.

Paraguain ez da ohikoa hain denge oldarkorra...

Gaitz endemikoa izateari utzia zion. Zenbait kasu agertzen ziren noizean behin, baina besterik ez. Iaz hasi zen egoera aldatzen. Urte osoan agertu ziren kasuak, eta urrian orain arte iraun duen izurria hasi zen.

Klima aldaketak gaitz tropikalak ugarituko dituela diote hainbat adituk. Hori sufritzen hasi zarete zuek?

Bai, aurten El Niño fenomenoa izan dugu guk hemen, eta eragina du horrek. Beroa oso handia denean eta, gainera, euria oso maiz egiten badu, eltxoa errazago ugaltzen da hezetasunaren eraginez. Datozen hilabeteotan uholdeak-eta gerta daitezkeela pentsatzen dugu, eta neurriak hartuta ditugu ondorioak arintzeko.

Latinoamerika osoan arazo larria ari da bihurtzen dengea, ezta?

Urugai eta Txile dira egun dengerik ez duten herrialde bakarrak; beste herrialde guztietan arazo larria da. Brasilen kasu asko daude, Argentinan eta Venezuelan ere bai. Osasun publikorako arazo larria da dengea Latinoamerikan; gero eta gaiztoagoak dira izurriak. 1960ko hamarkadan ahalegin handia egin zen gaitzaren kontra egiteko, eta herrialde askok lortu zuten guztiz desagerraraztea, baina gaitza ez zen guztiz deuseztatu, eta, ondorioz, berriro zabaltzen hasi zen. Eta egun ia Latinoamerika guztian ari da berriro agertzen.

Zerk egin du kale?

Arazo larri bat baliabide falta da, ez dugu aski baliabide gaitzaren gaineko kontrola egin eta ez zabaltzeko neurriak hartzeko. Hiri askotan ematen ari den hazkunde kontrolik gabea ere, arazo larria da. Oinarrizko premiak ase gabe bizi dira herritar asko, esaterako, edateko urik gabe, eta horrek gaitza errazago zabaltzea egiten du.

Lan itzela duzue aurrez aurre. Zein da gakoa?

Oso garrantzitsua jendearen kontzientziazioan eragitea; etxe barruan egin behar da dengea kontrolatzeko lanaren %70. Jendearen parte-hartzea sustatu behar da horretarako, eta hezkuntza ezinbestekoa da. Jendeak etxe barruan zenbait jarrera saihesten ikasi behar du. Eta politika integralak gauzatu behar dira horretarako; nazio mailako politikak gauzatu behar dira, eta alor askotatik zuzenduak.

Urte batzuen buruan berriro Latinoamerikan gaitza desagerrarazteko moduan izango zaretela iruditzen zaizu?

Oso zaila izango da hori. 1960koak baino txarragoak dira orain baldintzak. Hirietan desantolaketa handiagoa dago orain. Jendea, gainera, gehiago mugitzen da batetik bestera, eta horrek ere gaitza errazago zabaltzea dakar. Eta oinarrizko premien gabezia ere gordinagoa da gaur egun. Gizarte arazoak eta pobrezia handiagoak dira gaur egun Latinoamerikan, eta horiek zaildu egiten dute gaitzaren aurkako borroka. Eta kliman gertatzen ari diren aldaketek ere ez dute batere laguntzen. Horrela zaila da gaitzaren transmisioa etetea.

Noiz jartzen dituzue martxan larrialdi planak?

Denge klasikoko kasuak ugaritzen hasi, eta denge hemorragikoa agertzen hasten denean. Lehendik norbaitek denge klasikoen aldaera bat izan badu, errazagoa izaten da hemorragikoa garatzea, eta kontu handiz ibili behar izaten da. Paraguain aspaldi ez geunden era honetako ataka batean.

 

gaixotasuna





Nola kutsatzen da?Aedes aegypti eltxoen bidez kutsatzen da. Eltxo batek gaixo dagoen pertsona bat ziztatzen badu, handik astebetera ziztatzen dituen beste pertsonak kutsatzeko ahalmena izango du. Pertsonatik pertsonara ez kutsatzen. Denge klasikoak --ez da oso larria-- lau aldaera ditu: DEN-1, DEN-2, DEN-3, DEN-4. Bada beste denge mota bat, hemorragikoa; oso arriskutsua da.

Zein sintoma ditu? Sukar altua, buruko min handia, hezur eta giltzaduretako oinazea, botalarria eta erupzioak azalean. Normalean, gaitza larriagoa izaten da pertsona helduetan haurretan baino.

Zer botikarekin tratatzen da? Ez dago, propio, gaitzaren kontrako botikarik. Eriei medikua jakinaren gainean jartzea aholkatzen zaie, atseden hartzeaeta likido asko edatea. Denge hemorragikoarekin, ezinbestekoa da medikuarengana joatea; gakoa da gaitza garaiz atzematea.

Ba al da txertorik gaitzaren aurka? Ez. Prebentzio bakarra gaitza saihestea da, alegia, gaitza kutsa daitekeen lekuetan eltxoen haztegiak deuseztatzea, eta ziztatua ez izateko neurriak hartzea.

Zer egin behar da gaitzaren izurriak saihesten saiatzeko? Gaitza dagoen lekuetan, kanpaina gehienak, eltxoen haztegien kontra egitera daude bideratuta. Bizilagunei erakusten zaie zein lekutan agertzen eta ugaltzen diren eltxoak, eta nola deuseztatu behar diren. Egun , eritasunaren kontra egiteko modu bakarra hori da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.