egipto

Berretsi egin dute Port Said estadioko sarraskiagatik auzipetutako 11 lagunen kontrako heriotza zigorra

2012ko otsaileko liskarretan 74 lagun hil ziren, eta 136 zauritu. 

2015eko ekainaren 9a
08:25
Entzun

Egiptoko auzitegi batek berretsi egin du 2012ko otsailean Port Saideko estadioan izaniko liskarrengatik auzipeturiko 11 lagunen kontrako heriotza zigorra. Horrela, apirilaren 19an emaniko sententzia berresten du.

Orotara, 73 lagun auzipetu zituzten auzi honekin lotuta, eta 21 zigortu egin zituzten. Haietako 11ri ezarri diete heriotza zigorra. 

Egiptoko ipar-ekialdeko Port Said hirian, Al Masry eta Al Ahlyren arteko Ligako partidaren bukaeran izan ziren liskarretan 74 lagun hil ziren, eta beste 136 zauritu egin ziren. Lekukoen arabera, partida hasi aurretik ez zen izan istilu aipagarririk, baina behin neurketa hasita, giroa berotzen joan zen pixkanaka-pixkanaka. Horrela, Al Masryk, etxeko taldeak, gol bat sartzen zuen bakoitzeko, bere zaleak zelaira salto egiten hasi ziren. Horrek Al Ahlyko jarraitzaileen haserrea eragin zuen —Deabru Gorriak Al Ahlyren muturreko taldeko kideak zeuden harmailetan—, eta haiek ere istiluak sortzen hasi ziren.

Larriena, baina, iristeko zegoen, epaileak partidaren amaiera adierazi bezain laster Al Masryko milaka zale sartu baitziren zelaira, Al Ahlyko jokalari eta entrenatzaileei eraso egiteko. Al Ahlyko kideak nola edo hala iritsi ziren aldageletara, estadioan zeuden poliziek ezer gutxi egiteko aukera izan baitzuten harmailetatik zetozen milaka lagunen aurrean. Jende erauntsi horrek, hain zuzen ere, eragin zituen hildako gehienak, pilaketa izugarria gertatu baitzen, eta lagun asko itota hil ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.