Bertze bultzada bat bakeari

Kolonbiako Gobernuak eta ELN gerrillak bake negoziazioak hasiko dituzte Ekuadorren.Santos presidenteak erran du FARCekiko «prozesu ezberdina» izanen dela, baina, konponbidea, «bakarra»

Frank Pearl Kolonbiako Gobernuko ordezkaria eta Antonio Garcia ELNko negoziatzaileen burua, atzo, Caracasen. MANAURE QUINTERO / EFE.
mikel rodriguez
2016ko martxoaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bortz hamarkadatako gatazka armatua bukatzeko bertze aurrerapauso handi bat egin dute Kolonbian. Gobernua eta FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armada behin betiko bake akordioa noiz sinatuko erabakitzen ari diren bitartean, ELN Nazioa Askatzeko Armada bertze gerrillak bake negoziazioak hasiko ditu gobernuarekin. «ELN eta FARC-EP hagitz erakunde ezberdinak dira; bertzelako ezaugarriak dituzte. Prozesu ezberdinak izanen dira, baina gatazkaren bukaera bakarra da», adierazi du Juan Manuel Santos presidenteak. Ekuadorren hasiko dituzte elkarrizketak, sei puntuko agenda propio batekin, baina Habanako mahaian erabakitakoak eraginen dio Quitokoari. Erabakiaren garrantzi historikoa nabarmendu nahi izan du Santosek, erran baitu, Kolonbian ez ezik, «Latinoamerika osoan gerrillen bukaera» ekarriko duela prozesuak. Dena den, Frank Pearl gobernuko negoziatzaile buruak gerrillen kezka nagusietako bat ere gogora ekarri du: «Helburua da gatazka armatua bukatzea, paramilitarismoaren fenomenoa bukatzeko, errepikatu ez dadin».

Gobernuaren eta ELNren negoziatzaileek prentsaurreko batean eman dute bake elkarrizketen hasieraren berri, Caracasen. Bi urte egin dituzte prozesua hasteko aukera aztertzeko elkarrizketekin. Ekuadorren, Brasilen eta Venezuelan elkartu dira, eta herrialde horiek izan dira harremanen «bermatzaileak», Kubarekin eta Norvegiarekin batera. Hala, «jendaurreko negoziazioen mahaia» Ekuadorren ezarriko dute, baina Latinoamerikako bertze herrialde horietan ere elkartuko dira. Sei puntuko agenda bat izanen dute eztabaidagai: gizartearen parte hartzea, bakerako demokrazia, biktimak, bakerako erreformak, bakerako segurtasuna eta armak uztea, eta politikan jarduteko bermeak. Eliecer Erlinto Chamorro Antonio Garcia ELNko negoziazio taldeko buruak adierazi du seigarren puntua eztabaidatzerakoan «Habanako mahaiarekin sinkronizazioa» eginen dutela.

Hain zuzen, Santosek adierazi du ELNrekin aparteko negoziazio bat eginen badute ere Habanan FARCekin hitzartutako egitura berberak erabiliko dituztela—Justizia Trantsizionalerako Auzitegia, adibidez—. Su-etenik ez dute ezarri, eta auzi hori ere negoziazio mahaian konpondu beharko dute.

Hala ere, elkarrizketak ofizialki hasteko azken baldintza bat paratu du Santosek. «Gobernuak ezin du onartu ELNrekin solasean hastea bahituak dauzkan bitartean». Hilabete honetan bertan gerrillak soldadu bat eta funtzionario bat askatu ditu, orain uste denez prozesua abiarazteko. Urtarrilean gobernuak ere keinu bat egin zion ELNri, agindu baitzuen Camilo Torres apaizaren gorpuzkiak bilatzeko. ELNren kide historiko bat da, eta otsailean bete ziren 50 urte armadak hil eta ezagutzen ez den toki batean lurperatu zuenetik. 1964an sortu zen ELN,FARCen urte berean, eta egungo buruzagi Nicolas Rodriguez Gabino sorreratik da gerrillako kide —14 urterekin sartu zen—.

FARCen poza

FARCek erabat babestu du gobernuak ELNrekin ere elkarrizketak hastea. Luciano Marin Arango Ivan Marquez FARCeko negoziatzaile buruak «egun historiko» deitu dio atzokoari, eta adierazi du bi gerrillek batera lortu nahi dutela «bakea justizia sozialarekin». Twitter sare sozialean zenbait mezu idatzi zituen #DosMesasUnSoloProceso traolarekin (Bi mahai prozesu bakarra, gaztelaniaz).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.