BESTE BATASUNA. Argi berdea kornubiera batuari

Ingalaterraren menpeko Kornualles herrialdeko hizkuntzari bultzada eman diote forma batua berretsiz

2008ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Kornuallesko hizkuntza zeltari, kornubierari, bultzada handia eman diote hil honetan, idatzizko modu estandarra berretsi baitu Kornuallesko Hizkuntzaren Elkarteak. Hala, orain arteko idatzizko lau formak bateratu, eta modu zabalagoan irakatsi eta gizarteratu ahal izango dute, baita Europako Batasuneko diru laguntzak eskuratu ere. «Iraganeko zatiketek hizkuntzaren aldeko mugimenduaren garapena trabatu dute, eta haren sinesgarritasun publikoari kalte egin diote. Orain, idatzizko modu estandarra onartuta, elkarrekin aurrera egin dezakegu», azaldu du Kowethas an Yeth Kernewek (Kornubieraren Laguntasuna) elkarteko ordezkari Laurence Rulek. Behiala burujabea izan zen herrialdea berez Ingalaterraren menpeko dukerria da gaur egun, nahiz eta Londresek konderri gisa izendatzen duen.

Europako ipar-mendebaldeko seigarren herrialde zelta deitu izan zaio Kornuallesi, eta kornubieraren kasuan halako berpizkundea gertatzen ari da. XVIII. mende bukaerarako hiztunik gabe geratua -egile batzuen arabera, baliteke XIX. mendean oraindik hiztun bakanen bat geratzea, bakartuta-, XX. mende hasieran ekin zioten berriz ikasteari eta zabaltzeari.

Kornubiera, galesa eta bretoia jatorri berekoak dira, eta harreman estua daukate beraien artean, eta Irlanda eta Eskoziako gaelikoen eta Man uharteko maneraren lehengusu txikia da. Egon, gertuago dago bretoitik galesetik baino: oinarrizko hiztegiaren %80 eta %75, hurrenez hurren, datoz bat.

Mendeetan etengabe atzera joan zen ahozko kornubiera, harik eta desagertu zen arte. 1050. urtean kornuallestarren %95 ziren kornubieradunak, eta 1200. inguruan 39.000 hiztun (%86), Ken George adituaren ustez. Kopuruek behera egin zuten urteen joanarekin, agintariek ingelesa ezarri zutelako eta batzuetan herritarrek beraiek kornubiera baztertu zutelako: 1300. urtean %73 ziren; 1400ean %61, 1500ean %48, 1600ean %26, 1700ean %5, eta 1800ean %0,5.

XIX. mendearen amaieran ikerketagai bihurtu zen, eta hainbat hitzaldi eta liburuxkaren ardatz izan zen, baina ingelesez. Halere, XX. mendearen hasieran kornubiera berpizteko lehen saio arrakastatsua egin zuten Henry Jenner eta Robert Morton Nancek. Jennerrek Kornuallesko hizkuntzaren eskuliburua (1904) eta Nancek Kornubiera denentzat (1929) argitaratu zituzten. Hainbat lagunek, hizkuntza beren kasa ikasi ondoren, idazlan batzuk atondu zituzten.

1980ko hamarkadatik hona, hogei urte baino gehiago aritu dira kornubiera hiztunak idatzizko lau forma erabiltzen. Hizkuntzaren komunitatean eginiko ikerketa lan mardularen lekuko izan dira lau forma horiek, baina hizkuntzaren erabileraren hazkundeak-bere xumetasunean garrantzitsua- forma bateratua eskatzen zuen, eta horixe da orain lortu dutena. Hizkuntzalariak eta hizkuntzaren elkarteek bi urteko negoziazio prozesua behar izan dute kornubiera batua hitzartzeko.

Berpizkundeari esker, egun 3.500 hiztun ditu kornubierak, populazioaren %0,6. Horietatik 300ek menperatzen dute hizkuntza erabat. Lehen hezkuntzako hamabi eskolatan irakatsi, eta noizean behin ekitaldi erlijioso eta politikoetan erabiltzen dute. Gutxienez hiru aldizkari daude kornubieraz, eta tokiko egunkari batzuek kornubieraz idatzitako artikuluak plazaratzen dituzte. Era berean, BBC Radio Cornwall eta Pirate FM irratiek hainbat saiotan baliatzen dute kornubiera.

Kornuallesko Hizkuntzaren Elkarteari bi urteko negoziazioetan lagundu dion Benjamin Bruch hizkuntzalariak kornubiera batuaren garrantzia nabarmendu du: «Hizkuntzaren historian une garrantzitsu eta oso zirraragarria da. Azken hamar urteetan hizkuntzarekiko kontzientzia eta jarrera aldaketa izugarria gertatu da». Haren iritziz, nortasun nazional kontua da ere bai: «Hizkuntzarik ez baduzu, ez duzu herririk. Jende askok bere nortasunaren, bere ondarearen zati dela sentitzen du».

Londresko gobernuak 2002an hizkuntza gutxitu gisa onartu zuen, eta 2005etik diru laguntzak ematen dizkio kornubierari.



KORNUALLESEN HISTORIA. Batzuen ustez, erromatarrak iritsi aurretik Dumnonia erresuman bilduta bizi izan ziren gerora Kornualles izango zeneko eta inguruko lurraldeetako herritarrak. VI. menderako Kornuallesko Erresuma sortu zuten, dumnoniar eta kornubiar tribuak barnean hartuta. Alta, Deorhamgo Batailaren ondotik (577. urte inguruan) gerora Gales izango zenetik hizkuntza aldetik bereizia geratu zen protokornubiera. Egungo Kornuallesen ez ezik, Ingalaterrako Somerset, Dorset eta Devon eskualdeetako zati batzuetan ere hitz egin izan zen kornubiera, baina anglosaxoiek britoiarrak -herri zelta- mendebalderantz bultzatu ahala, lurralde zeltak eta haien hizkuntzak hedaduran murrizten joan ziren.

Ingalaterrako Koroak Kornualles mendean hartu bazuen ere, ez dago anexioaren inolako agiririk. 1066an William Konkistatzaileakbere anaia Robert Kornuallesko jaun izendatu zuen. Halere, 1120ko kronika batean Ingalaterratik ezberdina den naziotzat jo zuten Kornualles.

Kornuallestarrak bi bider matxinatu ziren 1497an ingelesen aurka. 1549an berriz matxinatu ziren, Londresek ingelesaren erabilera -Otoitz komunen liburua-ren bidez- ezarri nahi izan zuenean. Oposizio armatua odoletan ito zuen berriro Londresek.

1977an Ingalaterrako lord kantzelari Elwyn Jonesek «lege britainiarraren arabera zilegi» iritzi zion Kornuallesek bere legebiltzar subiranoa izateko eskubideari.

Gaur egun Mebyon Kernow (zentro-ezkerrekoa) eta CNP/PKK (zentro-eskuinekoa) alderdi nazionalistak Kornuallesen burujabetzaren alde lan egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.