Londresek, alabaina, ez dizkie autogobernu maila berdinak paratu Eskoziari eta Galesi; oso nabaria da hori eskualde bakoitzeko biltzarrek dauzkaten eskuduntzei erreparatuta. Eskoziako Parlamentuak legeak egiteko eskumenak dauzka, eta Galesko Batzar Nazionalak, berriz, Erresuma Batuko legeen egokitzapena eta araudi bereziak sortzea besterik ezin du egin.
Ezberdintasun hori eskualde batek eta besteak dituen autogobernu eskuduntzetan nabarmentzen da. Eskoziako Parlamentuak honako alorretan dauzka eskuduntza osoak: ekonomiaren garapena eta merkataritzan; nekazaritza eta arrantzan; garraio eta portuetan; ingurumenean; osasunean; hezkuntzan, ama-eskolatik unibertsitateraino; segurtasun eta sorospen zerbitzuetan; justizian; hirigintzan; kirola eta kulturan; eta turismoan. Eskoziako diputatuek zerga sistemaren zati bat finkatzeko eskumena daukate ere, eta egokitzen ahal ditu, halaber, tokiko beste kolektibitate publikoen antolaketak.
Galesko Batzar Nazionalak, berriz, Westminsterko Parlamentu britainiarrak onartzen dituen legeen tokiko egokitzapen bat besterik ez dezake egin. Eskuduntzak, beraz, askoz ere urriagoak dira. Osasuna eta gizarte zerbitzu gaiak; hezkuntza; garraioak eta ingurumena gaiak baino ez ditu kudeatzen. Segurtasun eta Justizia arloan, Gales Londresen menpe dago. Era berean, ez du inolako eskuduntzarik zerga sistema alorrean, eta tokiko beste kolektibitate publikoen ibileran eragiteko ere ez du legezko ahalik Galesek.
Eskoziak eta Galesek, beraz, autonomia handia badute ere, oso egoera ezberdinetan daude bata eta bestea.
1999ko erreferendumak
Eskoziako eta Galesko Legebiltzarren eraketa 1997ko irailean egin ziren erreferendumen ondorioak dira. Bi eskualdeetako herritarrei egitura horien sorrerari baiezkoa edo ezezkoa emateko eskatu zieten galdeketan. Bi kasuetan baiezkoa gailendu bazen ere, emaitzak aski ezberdinak izan ziren. Eskozian 1997ko irailaren 11an egin zen herri bozketan, boto-emaileen %73,4k baiezkoa eman zioten devolution prozesuari. Horrela, gehiengo zabalez onartu zuten 1707. urteko Batasunerako Itunaren ondorioz desagertu egin zen Eskoziako Parlamentua berriro eratzea.
Galesen, berriz, autogobernua eratzeko proposamenak babes nabarmen txikiagoa jaso zuen; izan ere, irailaren 18an egin zen herri bozketan, boto-emaileen %50,3k baino ez zioten baiezkoa eman devolution prozesuari. Parte-hartzea bera ere aski ahula izan zen, erroldatutako hautesleen erdia baino ez baitzen joan bozkalekuetara. Hargatik, ozta-ozta izan bazen ere, galesek ontzat hartu zuten eskualde biltzarraren sorrera.
Erreferendumetan baiezkoak irabazi ostean, devolution prozesuaren hurrengo urratsa Eskoziako Parlamentuaren eta Galesko Batzarraren eraketak izan ziren. Edinburgoko biltzarrean 129 kide egongo zirela finkatu zen, eta Cardiffekoan, berriz, 60. Eskoziako Parlamentuak, hasieratik, aginte erabaki hartzaile bat antolatu zuen. Galesko Batzarrak ez zuen horrelakorik egin, eta arlo jakinetan ardura zuten batzordeen esku utzi zuen botere eragilea. Gerorago, haatik, hamar kidez osatutako aginte erabakitzaile bat eratu egin da Galesen, Eskoziako modu berean.
Independentistak indartsu
Eskozian zein Galesen aginte autonomoak eratzea ez da Londresen nahikunde soilaren emaitza izan. Bi eskualde horietan, burujabetasunaren aldeko indar politikoen eraginaren ondorioa ere izan dela argi dago. Hamar urtean, gainera, independentziaren aldeko SNP Eskoziako Alderdi Nazionala lehen indar politikoa bilakatu da Edinburgoko Parlamentuan, eta Plaid Cymru alderdia bigarren lekuan da Cardiffeko Batzarrean.
2007ko maiatzaren 3an izan ziren hauteskundeetan, SNPk 47 biltzarkide lortu zituen, hots, Alderdi Laboristak baino bat gehiago. Torry Alderdi kontserbadorea hirugarren sailkatu zen, hamazazpi biltzarkiderekin, eta lehen aldiz aurrea hartu zien liberal demokratei, horiek hamasei hautetsi erdietsi zituztelarik. SNPk gora egitea oso handia eta azkarra izan da, 2003ko maiatzaren 1ean egin ziren aurreko bozekin alderatuta, hogei hautetsi gehiago lortu baititu. 1999ko maiatzaren 6an izandako lehen bozketetan, berriz, 35 jarleku lortu zituen SNPk.
Galesko Batzarreko bigarren indar politikoa bihurtu zen, berriz, Plaid Cymru, 2007ko maiatzaren 3ko bozetan. Cardiffeko Batzarreko 60 jarlekuetatik hamabost eskuratu zituen. Eskualdeko lehen indar politikoa alderdi kontserbadorea da.
Burujabetasunaren aldeko indar politikoen eragina nabaritzen da zelta herri nortasuna garatzeko ekimenetan. Hala, Eskoziako Parlamentuak, 2004ko irailetik, hizkuntza ofizialaren estatusa emana dio gaelikoari. Gales herrian, hizkuntza zeltaren aldeko politika garatuenetako bat da.