Belgika ezer bada, ibilera nekeza eta korapilatuta izan duen estatu federal bat da. XIX. mendearen amaieran sortu zenetik beti egon da kolokan bere egonkortasuna; eta bereziki flandriar eta frantses hiztunen arteko gatazka biziek eragin dute katramila hori. Garaien arabera, motelagoa edo biziagoa, baina liskar giro hori barruti baten zatiketaren inguruko eztabaida minberak eragin du; Brusela Halle-Vilvoorde hauteskunde barrutia izan da etengabe orain artean askatu ezin izan den korapiloaren azken erantzulea.
Flandria eta Belgika federaleko hiriburuko eta haren inguruan kokatutako Flandriako beste 35 udalerrik osatzen dute BHV barrutia. Azken horietan, flandriera da hizkuntza ofizial bakarra, Bruselan elebiduna delarik, nahiz eta frantses hiztunak gehiengoan diren han. Flandriak 40 urte daramatza eskatzen hauteskunde barrutia zatitu dadin, hartara, euren eskualdearen hizkuntz batasuna aintzat har dadin. Valoniarrek, aitzitik, ez dute horrelakorik entzun nahi ere; izan ere barrutia zatituko balute frantses hiztunek alderdi valoniarrei botoa emateko aukera galduko lukete.
Boto kalapitatsua
Legebiltzar Federaleko lege batzordean gehiengoan ziren flandiarrek bozkatu zuten barrutia zatitzearen alde 2007. urteko azaroan. Alabaina, lege proposamenhau ez da orain artean behin ere batzar nagusian eztabaidatuta izatera iritsi, frantses hiztunek legezko eragozpen bideak baliatu baitituzte orain artean. Legebiltzar Federalera zen iristekoa berriz ere auzia aste honetan bertan -astelehenean-, etaflandriarren eta valoniarren boto kontrajarriek oraindik konpondu ez den krisi politikoaren zauria are gehiago zabaltzea eragingo lukete; Herman Van Rompouy buru duen gobernu federalaren egonkortasuna berriro ere hautsiz.
Horrelakorik gerta ez zedin, auzian zerikusirik ez duen aleman hiztun erkidegoak saihestu du orain krisia sakontzea, gai gatazkatsuak bideratzea eragozten duen lege prozesua indarrean jarriz. Aleman hiztun erkidegoko 25 hautetsietatik 22k Interes Gatazkaprozedura indarrean jartzea erabaki zuten urriaren 26an. BHV barrutiaren auzia, hartara, ezin izango da legez bideratu hurrengo lau hilabeteetan. Van Rompouy gobernuburuari auziari konponbide bat aurkitzeko epea emango lioke epe berri horrek edo, bederen, bi urtez luzatu zen krisia berriz gerta ez dadin ahalegintzeko.
Yves Leterme Belgikako lehen ministroak iazko abenduan eman zuen dimisioa -bederatzi hilabete behar izan zituen gobernu koalizioa osatzeko, eta hirutan eman zuen dimisioa-. Letermeren CD&V Flandriako Kristau-demokrata alderdiarekin zuen koalizioa hautsi zuen hiru hilabete lehenago -iazko irailean- N-VA Flandriako Aliantza Berria alderdi independentistak.
BESTE BATASUNA. Estatu federal baten ibilera nekeza
Brusela Halle-Vilvoorde barrutiaren gatazka konpontzeko beste lau hilabete izango dute Flandrian eta Valonian; auzian zerikusirik ez duen aleman hiztun erkidegoak krisia berriz piztea eragotzi du Legebiltzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu