Dekretu horren arabera, udalerri batean gertatzen diren andeatzeen erantzule dira udal agintariak, salbu eta gertakari horiek eragozteko neurriak hartuak badituzte. Hortaz, Wezembeek-Oppemgo alkateak erabaki du «tolerantziarik ez» izateko politikak aplikatuko direla bere udalerrian kalte egite ekintzetan harrapatzen dituztenen kontra. Van Hoobroucken asmoa, haatik, neurri hori Flandriaren aldeko pintaketak egiten dituztenak zigortzeko baliatzea da.
Flandriarrak jomuga
Napoleonen garaiko dekretuan oinarrituz, BHV barrutiko gehiengo frantses hiztuneko udalhonek aldi oro auzitara eramango ditu pintaketak egiten harrapatzen dituztenak, eta seinale edo bestelako edozeren garbiketarako zein berriztatzeko gastuak osoki haien bizkar jartzeko eskaria egingo die epaileei. «Azken garaiotan, gaizkile batzuk, kasu gehienetan herritik kanpokoak eta, beraz, hizkuntza alorrean hemen ditugun eskubide bereziekin zerikusirik ez dutenak, etortzen dira bazterrak zikintzera, eta garaia bada egitate hauei oldartzeko; hortaz, tolerantziarik gabeko politikak aplikatuko ditugu», ohartarazi du alkateak.
Alkateak hartutako erabakiaren ildotik, Flandriaren elebakartasunaren aldeko pintaketak egiten harrapatu zituzten bi gazte hilaren 21ean eta atxilotu zituzten. Vooporst flandriar ekintzaile taldeko kide dira bi gazteak, eta hiriko seinale elebidunetako frantsesezko idatziak tinda beltzez tapatzen ari ziren Poliziak atxilotu zituelarik. «Udalak auzitara eramango ditu, eta errudun izanez gero, garbiketa eta berritze gastu guztiak ordaindu beharko dituzte», adierazi du Van Hoobrouckek.
Wezembeek-Oppemgo alkateak gaineratu du herritarrak «gogaituta» daudela kanpotik etorritako «flandriar ekintzaile separatisten» eraso hauetaz. Iragan astean bi ekintzaile flandriar pintaketak egiten harrapatu aurretik, Wezembeek Vlams -Wezembeek Flandria da- zioten pintaketak agertu ziren BHV barrutiko hiri honetako kaleetan. Arduradun politiko frantses-hiztunen iritzian, Flandriako ekintzaileak dira halako ekintzen erantzuleak, hizkuntz eskubide bereziak dituzten Belgikako beste 21 udaletan -frantses zein aleman hiztun erkidegoan- flandriar hizkuntzaren aurkako ezer ez delarik gertatzen.
Wezembeek-Oppemgo auziaz gain, beste gertakari batek gatazka giroa areagotu du berriki frantses hiztunak gehiengoan diren BHV barrutiko sei udalerritan. Ezen datorren ekainaren 13an Belgikan egitekoak dituzten legebiltzar federalerako hauteskundeen harira Flandriako Gobernuak zabaldutako bozetarako argibide ohar ofizialak flandriera hutsez etorri dira Drogenbos, Kraainem, Likebeek, Rhode-Saint-Genese, Wemmel eta Wezembeek-Oppemgo herritarren etxeetara. Udal horietako agintari frantses-hiztunek gogor salatu dute jokaera hori, legez kanpokoa dela nabarmenduta. Izan ere, 1962ko azaroaren 8ko lege batek eskubide bereziak bermatzen dizkie gutxiengoan den hizkuntza herritarren %30ek baino gehiagok hitz egiten duten kasuetan. Eta hori da kasua BHVko sei udalerrietan.
BHVren banaketa
BHVko auziak, beraz, flandriar eta frantses hiztunen arteko giroa sumintzen jarraitzen du. Bruselak eta inguruko hemeretzi udalerrik eta Flandriako lurralde esparruan diren beste 35 herrik osatzen dute barrutia. Flandriar indar politiko guztiek, baita burujabetzaren kontra daudenek ere, BHV barrutia zatitzea nahi dute. Zehazki, Bruselako hemeretzi udalerriak Bruselako Hiriburu Eskualdeari lotzea eta beste 35 herriak Flandriari erabat lotuta egotea nahi dute flandriarrek. Arazoa da, haatik, Flandriaren legeen pean egonda, frantses hiztunak gehiengoan diren udalerrietako biztanleek hizkuntza eskubide bereziak galduko lituzketela eta ez luketela zilegi izango frantses hiztunen indar politikoen alde boto ematea ere. Hori dela eta, BHV zatitzearen kasuan, barrutiko hiru udalerrik jakinarazi dute Bruselari lotuta geratzearen alde bozkatuko luketela.
Inkestek N-VA alderdi subiranistari ematen diote garaipena bozetan
Gatazka giro honen erdian, inkesta batek agerian jarri du ekainaren 13ko Legebiltzarrerako bozetan garaile izan daitekeela N-VA, burujabetzaren aldeko alderdia.TNS-Dimarso iritzi azterketaren arabera, N-VA subiranistak bozen %26 lortuko ditu; CD&Vko kristau-demokratek, botoen %19,5; SPAko sozialistek, bozen %16; Open-VLDko liberalek, %12,4; Vlams Belangeko eskuin-muturrekoek, %10,3; Groen! ekologistek, %7,8; eta LDDko independenteek, doi-doi %5,4. Inkestak iragarritakoa beteko balitz, lehen aldiz gailenduko litzaieke burujabetzaren aldeko Flandriako alderdia denei.