BESTE BATASUNA. Galesaren etorkizuna, arriskuan

Hamalau erakundek gutun irekia bidali diote Kultura ministroari Hizkuntza Legea aldatzeko eskatuz

arantxa elizegi egilegor
2010eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
XIX. mendean, Galesa ez idatzia zeukan egur zatia jartzen zieten eskoletan ikasgelan galesez hitz egiten zuten haurrei; gero, haiek beste kideren bat galesez hitz egiten entzunez gero hari eman behar zioten egur zatia. Astearen amaieran egur zatia zuenak jipoia jasotzen zuen. Garai hartan ingelesez soilik irakasten zen Galesko ikastetxeetan. Urteak joan ahala, ordea, Londresen hizkuntza politikak leunduz joan dira. Gaur egun galeseraz irakasten da eskoletan, eta hizkuntza horretan irakasten dira unibertsitateko zenbait gai ere. Hizkuntza, baina, ahuldua dago oraindik. Nazio hartako 2,9 milioi biztanletatik %21,7 dira gales hiztunak -iparraldean eta ekialdean bizi dira gehienak-.

Datu ofizialen arabera, hiztun kopuruak gora egin du azken hogei urtean; 1991n, esaterako, %18,5 ziren. Hori, ordea, ez da nahikoa, galesaren aldeko erakundeen iritziz. Horregatik, gutun irekia bidali diote hamalau taldek Galesko Kultura ministro Alun Ffred Jonesi. Bertan exijitzen diote galesa hizkuntza ofizial egiteko eta hura eskoletan nahiz kalean bultzatzeko neurriak hartzeko. «Hizkuntza mehatxatuta dago alor guztietan: murrizketak S4C telebista publikoko aurrekontuan [galesez dagoen bakarra]; hizkuntzaren erabilera gero eta eskasagoa Legebiltzarrean; eta hiriburuko eskoletako galesaren irakaskuntza kolokan. Beharrezkoa da argi eta garbi aldarrikatzea galesa dela Galesko hizkuntza ofiziala. Orain da urratsak egiteko unea», dio testuak. Oharra sinatzen dutenen artean daude UCAC irakasleen elkartea, Cymru Lurraren Lagunak eta Colin Williams hizkuntzalaria. Horien guztien esanetan, Gobernuak ahaleginak egin ditu hizkuntza indartzeko, baina, hala ere, aurkeztu berri duten lege egitasmoa ez da hasieran hitzemandakoa.

Lege proposamena

Ez da lehen aldia Carwyn Jones lehen ministroaren gobernuari halako eskaera bat egiten diotena. Oraingoan, ordea, Hizkuntza Legea eztabaidatzear daudenean etorri da galdera. Hain zuzen ere, joan den martxoan egin zuten lege proposamenaren arabera, Galesa Hizkuntzaren Mahaia ordezkatuko duen ministerio bat osatuko dute. Horretaz gain, hizkuntza eskakizunak betetzen ez dituzten telekomunikazio eta energia alorreko enpresak zigortu egingo dituzte.

Gutuna sinatzen duten hamalau erakundeen iritziz, haatik, hori ez da aski. Hainbat legegilek ere kritikatu dute egitasmoa, nabarmenduz ez duela galesaren ofizialtasuna aipatzen eta hizkuntza ordezkaria Gobernuaren menpekoa izango dela eta, beraz, ez erabat independentea. Gobernuak, aldiz, lasaitasuna eskatu die erakundeei, argudiatuz proposamena eztabaidatzeke dagoela oraindik, eta unea iristen denean beharrezko aldaketak egingo dizkiotela.

Aldiz, hizkuntzaren arloan lan egiten duten hainbat taldek txalotu egin dute gutuna. «Argi dago bat baino gehiago garela pentsatzen dugunak agintariek proposatu duten Hizkuntza Legea ez dela nahikoa eta Gobernuak hitzemandakoak ez dituela betetzen. Nabarmentzekoa da horrenbeste erakunde eta lagun bat etortzea galesa hizkuntza ofizialtzat aldarrikatzea beharrezkoa dela», adierazi du Catrin Dafydd idazleak.

Giroa are gehiago berotu du jakiteak Bangorreko unibertsitateko errektoreorde berriak ez duela galesa hitz egiten. John Hughes, egun oraindik Irlandako Unibertsitateko Nazionaleko presidentea, atzo aukeratu zuten kargurako, eta udazkenean hasiko da lanean. Cymdeithas yr Iaith Gymraeg hizkuntza eskubideen aldeko taldeak atzera egiteko eskatu dio unibertsitateari. «Oinarrizkoa da errektoreorde berriak galesez hitz egiteko gai izatea, kontuan hartuta ikasle asko direla hizkuntza horretan komunikatzen direnak», adierazi du taldeko kide Rhys Llwydek.



Udazkenean egitekoa duten autonomiari buruzko galdeketa prestatzeko betarik ez

Oraindik egun jakinik jarri ez zuten arren, udazken honetan zuten egitekoa Galesen hainbat eskumen berreskuratzeari buruzko erreferenduma. Aste honetan, ordea, galdeketa antolatzeaz arduratzen den batzordeak ohartarazi du ez dagoela nahikoa denborarik prestakizun guztiak egiteko eta oso litekeena dela bozketa atzeratu behar izatea. Keith Bush batzordeko kide eta Gobernuko lege aholkulariaren arabera, erreferendumean egin beharreko galderak erabakitzeko prozesuak luze joko du eta udako oporrek bidea oztopatuko dute. «Konstituzioan jasotzen diren urrats guztiak jarraitzen ez baditugu, erabakiak indarra galduko du, eta gure kalterako izango da». Zenbaitek Erresuma Batuaren Galeserako idazkari izandakoari, Peter Haini, egotzi diote atzerapenen errua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.