Prestigehondoratu zenean sortu zen Nunca Mais plataforma. Orain, ia lau urte geroago, berriz hasi dira lanean, Galizian suteek eragindako kalteak salatzeko. Erakundeko eledun eta ADEGA Galiziako Ekologia Babesteko Elkarteko presidente Adela Figueroaren iritziz, gertatutakoa saihets zitekeen, Xuntak duela ia hamar urte onartutako hitzarmena indarrean jarri izan balu. Suteak salatzeko manifestazioa egingo dute bihar Santiagon: Lumes nunca mais. No al terrorismo ecoloxico. Todos contra el lume izango dira leloak.
Zein da Nunca Mais erakundearen iritzia azken egunetako gertakarien inguruan?
Aurten suak ez du ezer errespetatu, ez mendiak eta ezta auzokoen komunitateak ere. Oso egun gutxian, autobideetatik eta aireportuetatik gertuen zeuden inguruetan piztu dira suak, salbamendu lanak zailduz. Horren guztiaren atzean nolabaiteko antolakuntza zegoela ikusten da. Ekintza kriminala izan da, eta guk badakigu hori. Halakorik gehiago gerta ez dadin ari gara neurriak eskatzen.
Tartean interes politikoak izan direla ere esan da.
Nik ezin dut halakorik berretsi. Guk dakigun bakarra da hiruko gobernua egon zenean, alegia, PP agintean ez zegoenean, sute handiak egon zirela, eta orain, PP agintean ez dagoenean, berriz ere sute handiak izan direla. PPrekin ere izan ziren suteak. Baina oraingoan, aurrekoetan ez bezala, argi dago suak probokatuak izan direla. Deitoratzen duguna da hildakoak izan direla, lau gutxienez. Inoiz ez da orain beste baliabide erabili suak itzaltzeko, eta, hala ere, hondamendia izugarria izan da. Eraso egin digute. Dena den, goraipatu beharrekoa da boluntarioek egindako lana. Boluntarioak mendiak zaintzen hasi zirenetik, ez dute su gehiago piztu.
Zer egin behar da halakorik gehiago gerta ez dadin?
Galizia aberatsenari eraso dio suak, jende gehien bizi den inguruari, herri inguruei. Orain arrantzaleak daude arriskuan; errautsak itsasora eta ibaietara heltzen badira, kalte handiak eragingo dituzte. Halakorik gehiago gerta ez dadin, beharrezkoa da neurriak hartzea. Besteak beste, garrantzitsua da mendiko suteak saihestuko dituzten taldeak izatea. Horretaz gain, basoen inguruko politika ere berritu behar da, zailagoa izan dadin suteak piztea. Bizilagunekin eta mendi elkarteekin hitz egin behar dute agintariek, erretakoa nola berreskuratu erabakitzeko.
Uste duzu politikariek konpromisoak beteko dituztela?
Ez gara oso baikorrak alde horretatik. 1989. urtean, esaterako,170.000 hektarea baino gehiago erre ziren, eta, horren ondoren, dokumentu batean adostu ziren Galiziako agintariak, baina PP agintean egon den 16 urteetan ez dute indarrean jarri. Hitzarmen horretan jasotzen ziren gaur guk egiten ditugun eskaerak.
############
arantxa elizegi
Urtero izaten dira suteak Galizian. Baina aurten inoiz baino indartsuagoak izan dira. Xuntako datuen arabera, bi aste inguruan 77.000 hektarea inguru erre eta 1.000 bat etxe arriskuan jarri ditu suak. Europako Batasunaren datuei kasu eginez gero, baina, erretako eremua handiagoa da: 86.232 hektarea. Zer esanik ez PP Alderdi Popularraren datuak kontuan hartuz gero: 180.000 hektarea.
Suak itzalita daude jada. Azkena O Sabiñaokoa (Lugo) asteazkenean amatatu zuten. Orain ondorioak aztertzeko garaia da. Galiziako Ingurumen Ministerioa beldur da errautsa itsasora iritsiz gero izaki bizidunei eragin diezaiekeen kalteaz. Adituen ustez, bestalde, eurite handiek okerragotu egin dezakete egoera. Santiagoko Unibertsitateko Nekazaritza Kimika eta Edafologiako katedradun Francisco Diaz-Fierros beldur da euriteek ez ote duten azkarrago higatuko suak bigundutako lurzorua.
DOZENAKA ATXILOTU. Suteak hasi zirenetik, 31 pertsona atxilotu dituzte; horietatik zortzi kartzelan daude, eta beste lau psikiatrikoetan. Erreakzio ugari eragin dituzte atxiloketa horiek. Talde antolatuei buruz hitz egin dute batzuek, arrazoi politikoekin piztutako suteez besteek, eta izan dira interes ekonomikoak aipatu dituztenak ere.
Bloke Nazionalista Galiziarreko eledun Francisco Rodriguezentzat argi dago interes politikoak izan direla tartean: «Argi dago. Ez du inork ukatu. Nabarmenegia izan da. Horregatik, galiziarrak ez dira Gobernuaren kontra agertu». Galiziako PPk, berriz, suteen zergatiak argitu eta erantzukizun politikoak eskatuko dituen batzorde berezi bat sortzeko eskatuko du Galiziako Legebiltzarrean.
Xuntako presidente Emilio Perez Touriñok ez du inolako hipotesirik aurreratu, ikerketen emaitzen berri izan aurretik. «Suteek izugarrizko kalteak eragin dituzte, bai lurrean eta baita ingurumenean ere. Argi dago sua eragin zutenek kalte egiteko asmoa zutela eta jakinaren gainean aritu zirela».
Ekologisten iritziz, suteak talde antolatuen eragina baino gehiago, mendiak zaindu ez izanaren ondorio dira. Verdegaia talde ekologistako arduradun Xan Duroren arabera, ez dute talde antolatu bateko kide den inor atxilotu, nahiz eta kalte egiteko asmoa argia izan. Haren ustez, pinuak eta eukalipto eremuak ugaritu direlako eta hirigintza kontrolatzeko neurririk hartu ez delako zabaldu dira asko suteak. Era berean, Durok nabarmendu du aurten ez dela egon aurreko urteetan baino sute gehiago.
ADEGA Galiziako Ekologia Babesteko Elkarteko idazkari Daniel Vesporen esanetan, suteak eragiteko arrazoi bat baino gehiago dago, baina eragileek ez dute zertan izan talde antolatuetako kide. Era berean, basoen eta nekazaritzaren inguruko politikak dituen hutsuneak betetzeko beharra nabarmendu du.
############
BESTE BATASUNA. GALIZIA. BESTE BATASUNA
GALIZIA. «Galizia aberatsenari eraso diote, jende gehien bizi den inguruari». ADELA FIGUEROA . Nunca Maiseko eleduna eta Galiziako Ekologia Babesteko Elkarteko burua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu