Kataluniak funtzionamendu administratibo berria izan dezan proiektua aurkeztu du estatutu berria ontzen ari den lan taldeak. Horri jarraiki, zazpi vegueria edo eskualdetan funtzionatuko du, proposamena onartzen bada. Generalitateak proiektua sostengatzen du, baina oraindik bide luzea geratzen da hura hezurmamitzeko.
Vegueria deituek egungo probintzien lekua hartuko dute, eta diputazioen funtzioa ordezkatuko. Hala, Kataluniako probintzien ordez (Lleida, Girona, Bartzelona eta Tarragona), bizitza administratiboa honako zazpi eskualdeotan oinarritzea da asmoa: Pirinio Garaia eta Aran, Katalunia Erdialdea, Girona, Bartzelona, Camp de Tarragona, Terres d l'Ebre (Ebro ibaiaren bukaera aldea eta delta) eta Lleida. Eskualdeei indar eta autonomia gehiago emateaz gain, Bartzelonako eremu metropolitanoari ere bizkortasuna ematea da Generalitatean agintean den hirukoaren xedea (PSC alderdi sozialista, ERC Esquerra Republicana de Catalunya eta ICV-EA Iniciativa per Catalunya).Joan Saura, Joaquim Nadal eta Joan Carretero kontseilariek osatutako batzordeak atondu du proiektuaren zirriborroa. Halere, oraindik ez dago erabat bukatua, zenbait eskualdek leku gehiago eman diezaietela eskatzen baitute.
Orain baino azpieskualde gehiago
Vegueria horietan 53 azpieskualde egongo dira, orain arte baino 12 gehiago. Udalerriei dagokienez, bere horretan segituko dute, bat-egiterik edo kopuru murrizketarik gabe.
Proiektuak duen beste atal garrantzitsu bat zera da, alkateen kontseiluek izango dutela ordezkaritza azpieskualdeetako kontseiluetan. Orain arte azpieskualdeetako kontseiluak zeharka hautatzen zituzten, azpieskualde bakoitzean alderdi bakoitzak lortutako boto eta zinegotzi kopuruaren arabera. Proiektua onartuz gero, ordea, alderdiek ez dute ordezkaritzarik izango kontseiluetan; haatik, udalek izango dute ordezkaritza, beren alkateen bitartez.1987an Parlamentek, CiUren eta ERCren botoekin onartutako lurralde-antolaketa legeek, moldaketa batzuekin, leheneratu egin zuten 1936an, errepublika garaian, finkatu zuten eskualdeen mapa. Udalerrri askok, bereziki Bartzelonako gune metropolitanokoek, orduan galdutako autonomia lortuko dute orain.
Diputazioak eta bozak
Egunez eguneko funtzionamendu administratibo eta politikotik kanpo, ostera, vegueri-en sistema soilik udal eta hauteskunde autonomikoetan egongo da indarrean. Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan, aldiz, orain arteko banaketa administratiboaren arabera bozkatuko dute katalanek, eta diputatu eta senatariak horri jarraiki banatuko dituzte.
Bestalde, vegueria-ren sistema abian jartzean egungo lau diputazioak desagertuko dira, eta horrek tirabira franko eragin ditu proiektua aurkeztu zenetik. Alderdi nagusi guztiei komeni zaie mapa politiko berrirako trantsizioa traumatikoa gerta ez dadin. Bartzelonako Diputazioa PSCren gotorlekua da hiriburuko alkatetza ere berea da, Gironakoa CiUren esku sendoetan dago (Convergencia i Unio alderdi nazionalista, eskuinekoa).Espainiako Estatuak finantzatzen ditu zuzenki diputazioak, autonomia erkidegoetatik pasatu gabe. Madrilgo gobernuak tinko mantendu zuen diputazioen sistema, autonomien estatua garatzerakoan. Hori argi ikus daiteke Kataluniako gaur egungo estatutuan, non probintzietako diputazioak mantentzera behartzen duen artikulu bat dagoen. Hain zuzen ere, estatutua negoziatu zutenean (1979) Espainiako Gobernuak ezarritako artikulu bakanetakoa izan zen. Urteekin diputazioak udalerrien babes sare garrantzitsu bilakatu dira, eta zenbaitetan gobernu autonomoaren babesa eta laguntza gainditu dute. Horrenbestez, zaila izango da diputazioen desagertzea negoziaziorik gabe gertatzea. Bartzelonako Diputazioko presidente eta Hospitalet hiriko alkate Celestino Corbachok joan den abenduaren hasieran argi utzi zuen «diputazioek eta udaletxeek negoziazioetan egon nahi» zutela. Izan ere, diputazioek ez dute galdu nahi autonomia politikoa eta finantza arlokoa.
BESTE BATASUNA. HERRIALDE KATALANAK. 'Vegueria'-k, Katalunia zazpi eskualdetan banatzeko proiektua
Generalitateak sustatu du egitasmoa, eta estatutu berria onartzen denean jarri nahi dute indarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu