Aurreko bi aldietako galdera bera egingo diete bihar katalanei, alegia, ados dauden Katalunia herri subirano eta independentea izatearekin. Oraingoan, baina, jauzi kuantitatiboa egingo dute, izan ere, aurreko biak baino nabarmen handiagoa izango da gaurko galdeketa. Orotara, 211 herritan egingo dituzte bihar bozketak-tartean bi hiriburutan, Lleidan eta Gironan-, eta 1,2 milioi lagun daude parte hartzera deituak. Esparreguera herrian, berriz, gaur egingo dute galdeketa. Hilabete luzeetako lana eta milaka boluntarioren laguntza behar izan dute dena prest uzteko, baina azkenean heldu da egun handia. Generalitateko presidente izandako Jordi Pujolen iritziz, Espainiaren jarreraren «ondorio logikoa» dira kontsultak. «Espainiak aukeratu duen eredua, izatez, Frantziako bera da, muturreko zentralizazioa eta homogeneizazioa», adierazi du CiU Convergencia i Unioko kideak.
Nazioarteko begiraleek ere hartuko dute parte biharko bozketan. Aurreko erreferendumetan baino dezente gehiago izango dira nazioarteko begiraleak; izan ere, orotara munduko bazter ezberdinetatik joandako 50 lagun ariko dira begirale lanetan. Edgardo Vazquez Barack Obamaren kanpainako kidea izango da tartean. Eta Jean Jambon politikari flandriarra ere. Euskal Herritik eta Eskoziatik ere hainbat lagun joango dira. Iragan ostegunean, Donostian egindako prentsaurrekoan EA Eusko Alkartasuneko eta ezker abertzaleko ordezkarien sostengua jaso zuen Uriel Bertranek, Independentziari buruzko Kontsultarako Nazio Koordinakundeko buruak. Bertan galdeketen garrantzia nabarmendu zuen Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak. Aste honetan, Eskozian agintean dagoen SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko kideen babesa ere jaso dute erreferendumen antolatzaileek.
Baina prozesua hasi besterik ez dute egin. Izan ere, dagoeneko jarri dituzte hurrengo galdeketetarako egunak. Bartzelonakoa, esaterako, datorren urteko apirilaren 10erako deitu dute. Aurretik, baina, izango dira gehiago. Maiatzaren 30ean, adibidez, beste hainbat herritan egingo dituzte galdeketak.
Bartzelonatik Genevara
Herri galdeketek irekitako bidea baliatuta, Kataluniako Parlamentuari nazio mailako erreferenduma egiteko eskatuko diote. Bertranen esanetan, 220.000 sinadura bilduko dituzte eskakizunari babesa emateko. Lan horretan lagunduko dute 300 bat herri batzordek. «Orain zehaztu dugu herri kontsulten ostean jarraitu beharreko estrategia».
Bestetik, baina, beste urrats bat ere egingo dute galdeketen antolatzaileek. Maiatzaren 8an, Genevara, Nazio Batuen Erakundearen egoitzara eramango dituzte orain arte egindako galdeketen emaitzak, «Katalunia eta Espainiako estatuaren arteko gatazka» nazioartera eramateko asmoz.
10Mila Autodeterminazioaren Aldeko Sarea plataforma da egitasmoaren bultzatzaileetako bat. Bertako eledun Enric Canelaren arabera, NBEk herrien autodeterminazio eskubidea onartzea, eta erakundeari gatazkaren berri ematea da ekimenaren azken helburua. Egitasmoarekin bat egin dute Kataluniaren independentziaren aldeko talde nagusiek, besteak beste, Subirania i Progres, Plataforma pel Dret de Decidir, Decidim.cat eta Sobirania i Justiciak. Horien arabera, ekintzak balioko du katalanek «beren kabuz eta Frantzia eta Espainiaren inposaketarik gabe» erabaki nahi dutela erakusteko.
Parte-hartzea
Kontsulten antolatzaileek uste dute Kataluniako Estatutuaren auziak eragindako eztabaidak mesede egingo diela erreferendumei eta parte-hartzea handituko duela. Lau urte beteko dira uztailean Espainiako Auzitegi Konstituzionala PPk jarritako helegitea aztertzen hasi zela, eta oraindik ez dute sententzia bat emateko adinako adostasunik lortu. Gainera, Konstituzionaleko hamar epaileetatik lauk -tartean presidenteak eta sententzia proposamena egiteaz arduratzen denak- duela hiru urte amaitu zuten agintaldia. Baina Espainiako bi alderdi nagusiek, PPk etaPSOEk, horiek ordezkatzeko hitzarmenik lortu ez dutenez, lanean jarraitzen dute laurek. Horrek guztiak eztabaida gogorra eragin du Katalunian.
Iazko irailaren 13an egin zuten lehen erreferendumak, Arenys de Muntekoak, polemika handia eragin zuen, antolatzaileek udalak erabili ohi zituen aretoak baliatu asmo zituztelako bozketak egiteko. Azkenean, baina, arrakastatsua izan zen ekimena. 6.500 lagunetatik %40k hartu zuten parte, eta horietatik %95ek independentziaren alde bozkatu zuten.
BESTE BATASUNA. Hirugarrena eta handiena
Katalunian orain arteko galdeketa handiena egingo dute bihar; 1,2 milioi lagun daude bozkatzera deituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu