BESTE BATASUNA. Okzitaniera legeztatzea aldarrikatuko dute manifestazio batean Carcasonan

Hamar mila lagun bildu ziren lelo berarekin duela lau urte; 2007an, berriz, hogei mila lagun elkartu ziren Beziersen

2009ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Baionako kaleetan euskararekin bezala, gaur okzitanieraren hizkuntz eskubideak bermatzea eta okzitaniera legeztatzea galdeginen dute Carcasonan. Anem Oc - Per la lenga occitana leloa lau haizeetara zabaltzeko, jendetza espero dute hiri eder horretako kaleetan ere. Okzitania herrialde zabala da, eta leku batean edo bestean okzitanierari begirune handiagoa egiten bazaio ere -Akitanian eta Midi-Pyrenees eskualdeetan, esaterako-, aspaldidanik bazterketa jasaten du Erdi Aroan oso indartsua izaniko hizkuntza horrek. Euskarak, bretoierak, korsikerak, katalanak, alsazierak, pikardieraketa -hau ez da ahaztu behar- Oil hizkuntza askok eta askok jasaniko debekua eta zokoratzea nozitu ditu trobadoreek Europa osora ezagutarazi egin zuten mintzaira horrek ere.

Zapalketa sistematiko horren ondorioak guztiz latzak dira, jatorrizko hizkuntza egunero erabiltzen eta ondo menderatzen dutenak aski gutxi baitira Okzitanian -hamabost milioi lagun inguru bizi dira han-. Haatik, zaintzaileak eta sustatzaileak egon dira beti, baita ordurik goibelenetan ere. Egun, okzitaniera mintzatzearen lotsa ia desagertu da, baina, hala ere, arnasa gutxirekiko bizian atxikia da. Ipar Euskal Herrian, Bretainian eta Korsikan baino urriagoak dira han berezko hizkuntzan bizitzeko esparruak. Irakaskuntza elebiduna ez da asko garatu, okzitanierazko afixa gutxi ikus daitezke eremu publiko zein pribatuetan, eta hedabideetan oso bakanetan mintzatzen da... Ezin bizian dagoela guztiz nabaria da.

Ukazio eta zapalkuntza egoera horri aurre egin diotenak beti egon badira ere, azken hamarkadetan gero eta gehiagooldartu dira, adorez eta kemenez. Okzitaniaren zabaltasunak eta giza egoera ezberdinek batera jokatzeko garaian nekeak eragiten badituzte ere, okzitanieraren defendatzaileek lortu dute elkartze eta indarren metatze bide bat abian jartzea. Horrela, okzitanieraren eskubideak onartzearen eta legeztatzearen eskakizuna plazaratu zen lehen aldiz 2005ean, Carcasonan. Batasun zabal baten isla izaniko lehen elkarretaratze hartan, hamar mila lagunetik gora ibili ziren hirian barrena. Handik bi urtera, halako bi izan ziren Bezierseko kaleetan eskari bera aldarrikatu zutenak.

Carcasonan ezarri dute, berriz ere, hirugarren ekitaldia, eta Anem Oc' antolaketarako kolektiboak espero du okzitanieraren sustatzaileak are gehiago izatea. Antolatzaileek manifestazioaren berri zabaldutako oharrean, honela irakur daiteke: «Oc hizkuntzak eskubide guztiak berreskura ditzan da okzitanieraren aldekoen nahia; komunikaziorako eguneroko baliabidea bilaka dadin; Okzitaniako eskola orotan irakatsia izan dadin, ama-eskolatik unibertsitateraino; instituzio guztietan bere lekua har dezan».

Jai giroko elkarretaratze bat

Antolatzaileek salatu dute Okzitaniak egun ez duela bere eskuetan hizkuntzaren etorkizuna. Hortaz, PNC Okzitaniako Nazioaren Alderdiak -gaurko elkarretaratzera deitu du- nabarmendu du gauza bera dela «hizkuntza bat defendatzea eta ekintza politikoa». Andre Chenier plazatik 14:30ean abiatu, eta hiriko kaleak zeharkatuko ditu manifestazioak. Amaieran, jai giroak hartuko du lekukoa, kantari eta musikari ugari tartekatuko direlarik, okzitanieraren defentsarekin bat eginda.



David Grosclaude.IEO Institut d'Estudis Occitanseko presidentea

«Okzitaniera egunero milioi bat lagunek erabiltzen dugu»

A.S.

David Grosclaude biarnotarra Institut d'Estudis Occitans erakundeko presidentea da (IEO, Okzitanieraren Ikerketetarako Institutua). Okzitaniera zaintzeko eta hazteko jardunetan buru-belarri sartuta dago aspalditik. 1983. urtean, okzitanierazko Raio Pais irratiaren sustatzaileetako bat izan zen, eta 1994an okzitanierazko lehendabiziko astekariaren sortzaileetako bat; La Setmana. BERRIAren galderei erantzun die.

Zenbat lagunek hitz egiten dute okzitaniera?

Datu zehatzak badaude, eskualde batentzat behintzat: Akitania. Orain dela sei hilabete plazaratu zen ikerketa soziolinguistikoaren arabera, herritarren %10 eta %15 artean okzitanieraz mintzatzen dira egunero. Midi-Pyrenees eskualdean antzeko datuak daudela uste da, baina zehazki aurki jakinen dugu; ikerketa soziolinguistiko bat egingo da laster.

Zenbatera iristen da, beraz, okzitaniera hiztun kopuruan?

Esan daiteke milioi bat lagunek baino gehiagok eguneroko harremanetan erabiltzen dutela, eta okzitaniera ulertzen duten baina erabiltzen ez duten hiztun pasiboak aintzat hartuz gero, zehaztu daiteke bi milioi eta bi milioi eta erdi artean badirela.

Esparru publikoan, baina, zokoratuta dago hizkuntza, ezta?

Telebistan, astero sei minutukoa da okzitanierak duen lekua Akitanian,25 minutu Midi-Pyrenees eta Languedoc-Rosello eskualdeetan, eta beste horrenbeste Provence-Alpes-Cote-d'Azurren. Auvernia eta Limousin eskualdeetan, ez dago ezta minutu bakar bat ere. Irakaskuntzari dagokionez, Biarnoa da aurreratuena,sare elebiduna eta murgiltze sistema duena (Calandreta) aintzat hartuta, hamabost ikastetxetan irakasten da orain okzitanieraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.