BESTE BATASUNA. SAMI HERRIA. «Samiak beren lurren jabe ez izatea da arazo nagusia»

STOCKHOLM
2005eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Finlandiako Laponiako Unibertsitateko Arctic Centre saileko ikertzailea da Elina Helander. Samiska rättsuppfattningar (Samien Ohitura Zuzenbidea) liburua argitaratu berri du, suedieraz, Norvegiako Justizia Sailak samien eskubideen inguruan abiatutako ikerketa programan.

Zer da Samien Ohitura Zuzenbidea?

Sami herriak bere arauez duen ikuspuntua da. Norvegiako Finnmark eskualdean bizi diren kostaldeko eta barneko samien arau tradizionalak aztertu ditut, elur orein eta bestelako animalien ehiztariak, arrantzaleak eta nekazariak elkarrizketatuta.

Zer oinarri dute lege tradizionalek?

Jakituria eta pentsamendu ekologikoarekin lotuta dagoen bizimodu tradizionalean, samien gizarte harreman eta arauetan eta lurralde eta baliabide naturalen epe luzeko erabileran oinarritzen dira, oro har, lege horiek.

Liburuan diozu eskualde berean bi arau sorta ezberdin (samiak eta samiak ez direnak) daudenean arazoak agertzen direla. Zeintzuk?

Estatuaren legeak eta samien arau tradizionalak lege alor zein sozial berean indarrean daudenean sortzen da gatazka. Norvegian, adibidez, arazo nagusiak arrantzarekin dute zerikusia. Esaterako, sare bidezko arrantza antolatzeko eremuetan banatu dute Tana ibaia (Finlandia eta Norvegiako mugan). Hala, sareekin arrantza egiteko eskubidea duen arrantzale bakoitzari eremu bat egokitu zaio. Hainbat eremu, ordea, ez dira arrantzarako onak. Samien ohituren arabera, sare bidezko arrantza beste eremuetan egitea posible da. Hala, askotan egokitu ez zaizkien eremuetara joaten dira arrantzan, eta horrek gaizkile bihurtzen ditu, Norvegiako legeriaren arabera.

Nola zehazten da, beraz, zein lege bete behar den?

Hor dago arazo nagusia. Zein araudi bete behar dute samiek, Estatuak ezarritakoa ala beraiena? Estatuarenari jarraitzean beren ohituren aurka ari dira, eta arau tradizionalak kasu askotan legez kontrakoak dira.

Harreman zuzena dago, beraz, samien arau tradizionalen eta lur jabetzarako aldarrikapenen artean.

Bai, noski. Samiek eguneroko bizitzan beren arau tradizionalei jarraitzen diete. Herrixka sami bakoitzak lurrak banatzen ditu, familia bakoitzak arrantza, ehiza edo nekazaritzarako erabil ditzan. Banaketa hori aintzat hartuta, herrixka bateko ehiztaria ez da beste bati dagokion eremura ehizara joango. Eskualde jakin bateko ur, lur eta baliabide naturalak behin eta berriz erabiltzeak indartu egiten du arau hauen lege eragina. Beraz, samiek berezko arauak dituztenez, normala eta beharrezkoa da inguruko gizarteekin arazorik izan ez dezaten gobernuek arau horiek kontuan hartzea estatu osorako legeak ezartzerakoan.

Hori ez da gertatu, ordea, Suediaren kasuan. Izan ere, nazioarteko hainbat erakundek salatu egin dute Gobernua, samien lur jabetzarako eskubidea kontuan ez hartzeagatik.

Samiak beren arauak indarrean jartzen dituzten lurren jabe ez izateak dakar arazo nagusia. Eta oker handia da Gobernuak jabetza hori eman nahi ez arren beren legeak behintzat arau tradizional horietara ez moldatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.