Atzo goizean hil zuten, Ciudad Juarezen (Mexiko), Isabel Cabanillas ekintzaile feminista, buruan tiro eginda. Chihuahua estatuko fiskaltzaren arabera, goizeko hiruretan aurkitu zuten 26 urteko emakumearen gorpua, hiriaren erdigunean. Poliziak hasi du ikerketa jada, «krimena genero arrazoiengatik egindakoa izan ote den argitzeko».
Cabanillas arropa diseinatzailea, margolaria eta Hijas de Su Maquilera Madre kolektiboko kidea zen, Mexiko eta AEBen arteko mugan emakumeen eskubideak defendatzen dituen talde bat —AEBekin muga egiten du Ciudad Juarezek—. Atzo, hainbat emakumek manifestazio bat egin zuten hilketa salatzeko, baita emakumeek Mexikon eta bereziki Ciudad Juarezen jasaten duten egoera arbuiatzeko ere. Datu ofizialen arabera, 2019ko urtarril eta abuztu artean hamasei emakume hil zituzten genero arrazoiengatik hirian, baina hainbat erakundek 109 direla defendatu dute.
Nazio Batuen Erakundeak dioenez, Mexiko Latinoamerikako herrialderik arriskutsuena da emakumeentzat. 2018an 3.752 feminizidio erregistratu zituzten, azken 29 urteetako gehien.