Beste mehatxu batzuei aurre egiteko utzi du Etiopiako armadak Tigray

Abiy Ahmedek azaldu du Mekelek ez duela «garrantzi militarrik». Tigrayko hiriburuaz gain, beste lau hiri ere bereganatu ditu TPLFk

Emakume etiopiar bat, Um Rakuba errefuxiatu kanpalekuan, Sudanen. ALA KHEIR / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak Mekele hartu izanari garrantzia kendu dio Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmedek. Haren esanetan, eskualdeko hiriburuak ez du «garrantzi militarrik». Herrialdeko armadak eremua utzi eta «aldebakarreko su-eten humanitarioa» aldarrikatu izana ere justifikatu du, argudiatuta «atzerriko mehatxuetatik» babestu beharraren ondorio dela.

Addis Abebak bertsio ugari eman ditu asteleheneko erabakia argudiatzeko. Abiyen arabera, eremua uztearen arrazoietako bat da Etiopiako armadako militarren «mendeku nahiak» etetea eta zibilen kontrako erasoak eragoztea. Hori arrazoitzeko, azaldu du TDF Tigrayko Defentsa Indarrek —TPLFko kideez osatua dago— «bizkarretik» eraso dietela militarrei; salatu du, besteak beste, «zibil armatuek» militar ugari hil dituztela, eta hiletak erabili dituztela «armak ezkutatzeko».

«Iazko mehatxurik ez da existitzen jada», gehitu du Abiyek. Hala, euren helburuak lortu dituztela azaldu nahi izan du:TPLFren junta «neutralizatzea» eta Mekelen zeuden armadako kideak «askatzea». Errealitateak, baina, bestelakoa adierazten du. Izan ere, Mekele soilik ez, Adwa, Shire, Axum eta Adigrat hiriak ere bereganatu ditu TPLFk, Efe agentziaren arabera.

Etiopiako Gobernuak garrantzia kendu nahi izan dio egoera horri, eta beste gatazka batzuetan zentratu behar dela nabarmendu. Redwan Hussein Atzerri ministroaren esanetan, «berehalako segurtasun nazionaleko beste mehatxu bat» izan da Tigraytik ateratzera behartu dituena. Nilo Urdinean egiten ari den presa izan daiteke hori. Izan ere, Egiptoko eta Sudango gobernuen haserrea eragin du azpiegiturak, eta hiruren arteko negoziazioek ez dute oraingoz fruiturik eman.

Bi milioi desplazatu

Etiopiako armadaren etaTPLFren arteko gatazkak ez dira berriak, baina tentsioak nabarmen egin zuen gora iazko azaroan, gatazka armatu bat lehertzeraino. Addis Abebak Mekeleko base militarrari erasotzeaz akusatu zuen alderdi independentista, eta hilaren 4an ofentsiba militarrari ekitea erabaki zuen. Armadak Mekele hiria bereganatu zuen hilabete haren amaieran, eta gerra irabazitzat jotzera ere ausartu zen Abiy. Ez da, baina, halakorik pasatu, eta ondorio latzak utzi ditu bi aldeen arteko borrokak: milaka hildako, bi milioi barne desplazatu baino gehiago, eta 75.000 lagun inguruk Sudanera ihes egitea. Nazioarteko hainbat erakundek, gainera, «gerra krimenak» egiteaz akusatu dituzte Etiopiako eta Eritreako armadak —Addis Abebari laguntzen ari da—.

Bide horretatik, EB Europako Batasunak, menia ontzat jo arren, beste pauso emateko eskatu dio Etiopiari. Egin beharrekoen artean aipatu ditu Eritreako tropek herrialdea uztea eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.