Mende laurden bat itxaron behar izan dute Bhopalgo (India) hondamendiaren erantzuleetako batzuk zigortuta ikusi ahal izateko. Gas isuri baten ondorioz, 25.000 lagun inguruk bizia galdu dute tarte horretan, eta 100.000tik gora gaixo edo ezinduta geratu dira. Bhopalgo plantaren jabea zen Union Carbide India Limited enpresa ohiko buruzagitzako zazpi kideri bina urteko espetxe zigorra eta 1.770 euroko isuna ezarri zien atzo Bhopalgo auzitegiak. Entitate moral modura, sozietate ohiari berari, berriz, 8.900 euroko isuna jarri zioten.
Kondena jaso dutenetako bat da Union Carbide India Limitedko zuzendari izandakoa, Kershub Mahindra. Egun, Mahindra & Mahindra auto fabrikaren jabea da. Epaileen erabakiaren berri hartu ondoren, baina, akusatuak aske geratu dira. Haien abokatuek iragarri dute helegitea jarriko diotela erabakiari. Epaitegiek zigortu dituztenetatik sei 60 urtetik gorakoak dira, eta epaiketa hasi aurretik zendu zen zazpigarrena.
Ostera, istripua gertatu zelarik Union Carbide multinazionaleko buruzagi gorena zen Warren Anderson estatubatuarra ez dute zigortu ahal izan. Hura hondamendia gertatu eta berehala atxilotu zuten, baina laster aske geratu zen. Anderson New Yorken bizi da geroztik. Indiako Justiziak hura estraditatzeko eskatu die AEBei, alferretan baina. Bhopalgo auzitegiak berak Anderson atxilotzeko agindu zuen iazko uztailean, baina orduan ere ez zuen ezer lortu.
Industria arloan gertatutako hondamendi larrienetako bat izan zen Bhopalgoa. 1984ko abenduaren 2tik 3rako gauean gertatu zen. Leherketa baten ostean, 40 tona gas toxiko isuri ziren airera, egundoko ondorioak eraginez. Egun hartan bertan zein ondorengo asteetan 3.500 eta 4.000 lagun bitartean hil ziren; geroztik 15.000 dira hildakoak. Horiek, baina, datu ofizialak dira.
Ur pozoitua
Hildakoen kopurua aldatu egiten da batetik bestera. Hala, Indiako Medikuntza Ikerketa Publikoko Zentroak eginiko zenbaketaren arabera, Bhopalgo gas isuriak 8.000 eta 10.000 lagun bitartean hil ditu urteotan. Gobernuz kanpoko erakundeek eta biktimen elkarteek zabaldutako datuen arabera, berriz, 22.000 eta 25.000 pertsona bitartean hil dira hondamendiaren ondorioz. Horretaz gain, 100.000 herritar gaixo edo ezinduta daude istripuaren ondorioz.
Union Carbide sozietatearen Bhopalgo plantak pestizidak egiten zituen. Gas isuriak airea kutsatzeaz gain, eraikina garbitu gabe uzteak lurpeko urak pozoitu ditu. Fabrikaren inguruan, ordea, dozenaka mila lagun bizi dira auzune oso pobreetan.
Indiako Poliziak garai hartan egin zuen ikerketak agerian utzi zuen Union Carbidek ez zituela segurtasun neurriak betetzen eta arduragabekeria handiak egin zituztela. Hargatik, multinazionalaren AEBetako agintaritza nagusiak ez du gertatutakoa garestiegi ordaindu. Indiako Gobernuarekin hitzartutako akordio baten ondotik, 392,5 milioi euro eman zituen kalte-ordain gisa. 2001ean, berriz, Dow Chemical sozietateak erosi zuen Union Carbide, eta horrek dio ez duela zerikusirik aurretik gertatutakoarekin.
Horiek hala, Bhopalgo istripuaren biktimen senide eta ingurukoek gogor gaitzetsi dute epaia. «Zigor lotsagarri hauek ez dituzte beldurtuko gai arriskutsuak egiten dituzten sozietateak», adierazi du Rachna Dhingrak. «Kondena iraingarri hauei, gainerat, helegitea jarriko diete», gehitu du biktimen elkarte bateko kide Sadhna Karnikek. 25 urtez zain egon behar izateak ere biktimen haserrea eragin du. Hauekin bat etorri da Indiako Lege ministro M. Veerappa: «Epaia hartu arteko epe oso luze hori bidegabekeriatzat har daiteke».
Bhopalgo hondamendiaren epaia «lotsagarritzat» jo dute biktimek
Isurketa toxikoaren zazpi erantzuleri bina urteko kartzela zigorrak eta 1.770 euroko isunak ezarri dizkie Indiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu