Berriro ere, Israelek Gazari eraso egin dio airez. Hala, bi aste egin ditu Gazak bonbapean, ia egunero Israelgo militarren erasoak jasanez. Armadak zabaldu duenez, Hamasen lur azpiko tunelak eta hainbat kontrol postu izan dira bonbardaketen helburu. Haien hitzetan, Hamasek bidalitako suziri eta puxika lehergarriei emandako erantzuna dira bonbardaketak.
Gaurko erasoa Twitter bidez zabaldu dute Israelgo indar armatuek. «Israelgo zibilen eta haien subiranotasunaren aurkako edonolako mehatxu terroristari modu erabakigarrian erantzuteko prest gaude», ohartarazi dute.
Aire erasoez gain, duela bi aste ezarritako blokeoa pairatzen ari dira Gazako herritarrak. Abuztuaren 6an erregaiak eremura sartzea debekatu zuen Israelek, eta mugako pasabideak itxi. Ondorioz, Gazako zentral bakarrak energia sortzeari utzi dio; egunean 4 orduz dute argindarra. Arrantza egitea ere debekatu zuten.
Israelen aurkako erasoak areagotuko dituela esan zuen Hamasek larunbatean, Israelgo armadak hilketa «selektiboak» gauzatzen jarraitzen badu, Al-Akhbar egunkariak jasotakoaren arabera. Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroak Hamasi «kolpe larri» bat emateko mehatxua egin zuen. Hamasek hilketa politiken berrabiaratze moduan ulertu zituen adierazpenak, eta Palestinako erresistentziak modu «argi eta sendoan» erantzungo zuela erantzun zuten. Hamasek «gerra deklarazio» modura ulertuko luke hilketa politika horiek berriro abiaraztea, egunkariaren arabera.
Israelek egindako azken erasoak Mike Pompeo Ameriketako Estatu Batuetako idazkaria Tel Aviven lurreratu baino lehen gertatu dira. Israel da Pompeok Ekialde Hurbilean aurreikusita duen bost eguneko bidaiaren lehen geldialdia.