Iragan larunbatean Siriako Halab hiriaren kontrola berreskuratzeko armadak erasoaldia hasi zuenetik, bi egunean bi milioi biztanle ingurutik 200.000k ihes egin dute hiritik, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. Valerie Amos Giza Gaietarako eta Larrialdietarako Laguntzarako idazkariordeak erran du ez dakitela hirian zenbat herritar dauden borroken ondorioz ihes egin ezinik, eta bi aldeei eskatu die baliabideak jartzeko zibilengana giza laguntza helarazteko. Gobernuak adierazi du Halaben hainbat auzotan kontrola berreskuratzen hasi dela, baina oposizioko iturriek diote milizianoak oraindik borrokan ari direla. Agintariek, gainera, Damasko hiriburuan oposizioko talde armatuak garaitu dituztela aldarrikatu zuten herenegun. Nazioartean, Frantziak NBEren Segurtasun Kontseiluaren larrialdiko bilkura bat egiteko eskatu du, «trantsizio politikoa prestatzeko».
Halabeko borroka garrantzi estrategiko handikoa da. Oposizioak herrialdeko hiririk handiena izanen luke kontrolpean, hiriburu ekonomikoa dena gainera, baina, horrez gain, Turkiako mugarekin zuzenean lotzeko aukera izanen luke, horrek berebiziko abantaila ekarriko liokeelarik laguntza jasotzeko, hornitzeko eta mugitzeko. Siriako armadak, beraz, airez ez ezik lurretik ere ekin dio hiria berreskuratzeko borrokari. Militarrek arma astunak erabili dituztela-eta «hagitz kezkatuta» dagoela adierazi du Amosek. «Jende anitzek eskoletan eta bertzelako eraikin publikoetan bilatu du babesa. Jende horrek janaria, koltxoiak, mantak, botikak eta ura behar ditu». Egoeraren berri Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen eta Ilargi Gorriaren bidez duela erran du Amosek. Horiek dira Siriako gatazkan hasieratik jardun duten gobernuz kanpoko erakunde nagusiak. Iragan ortziralean Ilargi Gorriak bertan behera utzi zituen Halabeko operazioak, egoera arriskutsuegia zela argudiatuta. Amosek adierazi du egoera lasaituz gero Ilargi Gorriak berriz ekinen diela laguntza helarazteko operazioei.
Erasoa NBEren konboiari
NBEko kasko urdinen misioko buruak adierazi du, ordea, Halaben borrokak «areagotu» egin direla. Babacar Gaye teniente jeneralak gaineratu du Homs hirian (mendebaldean) bonbardaketa gogorrak zuzenean ikusi dituela eta handik gertu, Al-Rastanen, bonbardaketen eta borroken ondoriozko «kalte larriak» ikusi dituela. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak salatu du Siriako armadak Gayeren konboiari tankeekin eraso ziola igandean baina «zorionez» ez zutela inor zauritu. Misioko buruak, baina, atzo ez zuen gertaera hori aipatu.
Halaben bertan, borroka gogorrenen berri hego-mendebaldeko Salah al-Din auzotik eman zuten bai gobernuak, bai oposizioak. Siriako telebistak karrikan ageri ziren soldaduen irudiak erakutsi zituen, igandean azken orduan auzune horren kontrola eskuratu zutela aldarrikatuz. Sana agentzia publikoak argitaratu duenez, armadak igandean Salah al-Din auzunea «terroristez garbitu» zuen. «Egun batzuen buruan segurtasuna berrezarriko da Halab hirian», gaineratu du oharrean. Siriako Armada Askeak, baina, ukatu egin du Salah al-Din auzoaren kontrola galdu dutela. «Militarrek ez dute metro bakar bat ere aitzinera egin», erran dio matxinoen Abdel Jabbar al-Oqaidi koronelak AFP agentziari.
Siriako Gobernuak salatu duenez, Halaben atxilotu dituen miliziano anitz atzerritarrak dira. Damaskok gatazkaren hasieratik egindako salaketa izan da atzerritarren presentzia, eta Mendebaldeko gobernuek ere onartu dute Baxar al-Assad presidentearen aurka borrokan ari direnen artean atzerritik antolatutako milizia islamistak ere badaudela. Jeroen Oerlemans Herbehereetako argazkilariak kontatu duenez, joan den astean Al-Assaden aurkako miliziano talde batek bahituta eduki zuen bertze argazkilari batekin batera Turkiatik Siriara sartu zirenean. «Denek zioten Pakistandik, Bangladeshtik eta Txetxeniatik etorri zirela eta emir moduko bat zutela taldeko buruzagi». Bahitzaileetako batzuek «hizkera britainiarra» zutela adierazi du Oerlemansek. Russia Today telebistaren arabera, argazkilariaren testigantza oinarri hartuta, Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak ikerketa bat abiarazi du.
«Ez da barne arazo bat»
Frantziako Atzerri ministro Laurent Fabiusek, berriz, jakinarazi du Saudi Arabiak, Qatarrek eta «agian bertze batzuek» armak bidaltzen dizkietela matxinoei, baina Parisek horretan zerikusia duela ukatu du. Bihar hartuko du Frantziak NBEko Segurtasun Kontseiluaren aldizkako presidentetza, eta astea bukatu baino lehen deitu nahi du organo gorenaren bilkurara. Siriako gatazka jada ez dela «barne arazo bat» erran du Fabiusek, eta hori gelditzeko «behar den guztia» eginen dutela.
Siriako gatazka
Bi egunetan 200.000 lagunek utzi dute Halab hiria, NBEren arabera
Gobernuak adierazi du Siriako bigarren hirian aitzinera egin duela, baina oposizioak dio ez duela «metro bakar bat» gibelera eginFrantziak Segurtasun Kontseiluaren larrialdiko bilkura bat egiteko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu