Indarkeria matxista

Bi emakumek salatu dute Damien Abad Frantziako Elkartasun ministro berriak bortxatu egin zituela

Politikaren esparruko indarkeria matxistaren eta sexu indarkeriaren Frantziako behatokiak orain dela astebete eman zion Parisi salaketen berri. Ordea, entzungor egin die Frantziako Gobernuak, eta ministro izendatu dute Abad. Ministroen Kontseilua gaur bilduko da lehenbizikoz.

Damien Abad Frantziako Gobernuko Elkartasun ministro berria, artxiboko irudi batean. DAVID NIVIERE / POOL, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko maiatzaren 23a
12:38
Entzun

Emmanuel Macronek Damien Abad izendatu du Frantziako Gobernuko Elkartasuneko, Autonomiako eta Desgaituen arloko ministro. Izendapena ez da bestela bezala ailegatu; kargua hark hartuko zuelako susmoa bazen lehendik ere, eta, behin erabakia baieztaturik, lehertu egin da polemika. Izan ere, politikaren esparruko indarkeria matxistaren eta sexu indarkeriaren Frantziako behatokiak jakinarazi duenez, Abadek bi salaketa ditu bere kontra. Bi andrek salatu dute ministro berriak bortxatu egin zituela; 2010ean bata, 2011n bestea. Mediapart hedabideak zabaldu du notizia.

Bortxaketa salatu duten andreetako batek maiatzaren 13an bidali zion gutuna behatokiari, erasoa jakinarazteko. Ordurako, susmoa zegoen Damien Abad izendatuko zutela Elkartasun ministro. Biktimaren esanetan, gizonezkoak egindakoez ohartarazi nahi zuen kontakizunaren bidez; xehe kontatu du gertatutakoa, eta neurriak har daitezela eskatu du. «Emakumeak hitz egitera animatzea ez da aski jazarpen egoerei kontra egiteko», nabarmendu du.

Gainera, andre horrek, Abadek bortxatu egin zuela salatu ez ezik, nabarmendu zuen beste emakumezko batek ere delitu bera leporatu ziola politikariari; bera ere bortxatu zuela, alegia –biktimek zehaztu dutenez, bi emakumeek ez zuten elkar ezagutzen–. Hain zuzen, beste biktima horren kasuari buruzko informazioa eman du Mediapart-ek. Hedabideak zabaldu duenez, andreak 2017an jarri zion salaketa Abadi.

Bortxaketari buruzko lekukotasunak jaso ondotik, behatokiak errepublikanoei eta La Republique en marche alderdiei bidali zizkien mezuok, anonimoki; hain zuzen, Abadek berriki utzi du errepublikanoena, eta LREM alderdiari lotu zaio orain, behin-behineko gobernuan izateko. Halaber, prokuradoreari ere igorri zion mezua behatokiak. Hori aintzat harturik, nabarmendu dute Parisek bazuela Abadi egotzitako delituen berri, eta, beraz, gogor gaitzetsi dute hala eta guztiz ere ministro izendatu izana.

Salaketek apenas lohitu duten Abaden bidea. Egotzitakoak gezurtatu baizik ez du egin politikariak. Ukatu egin du andre horiek bortxatu dituela. Dioenez, izandako sexu harremanak «beti» oinarritu dira «aldebiko borondatean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.