Oferko atxikitze zentro baten inguruan egindako manifestazioan izan da tiroketa, Jerusalem eta Ramallahen artean. Atxikitze zentroan diren hainbat laguni elkartasuna adierazteko egin dute manifestazioa —22 egunez gose greban ziren—. Israelgo indarrek, baina, tiro egin eta manifestarietako bi hil ditu; 15 urte zituen batek, eta 17 besteak.
Nakba 1948ko okupazioa da, "hondamendia", palestinarrentzat: urte horretan konkistatu zuen Israelek Palestina historikoaren %80 inguru, 500 herri inguru suntsituz. Haietan bizi ziren 800.000 palestinarrek ihes egin behar izan zuten, edo zuzenean kanporatu zituzten. Gaur egun, bost milioi inguru dira. Hirutik bat errefuxiatu guneren batean bizi da; gainontzekoak, hirietan edo atzerrian, baina iheslari estatusa dute.
PAN Palestinako Aginte Nazionalak atzo zabaldu zituen datu batzuk. PANen arabera, 800.000 palestinar atxilotu ditu Israelek 1967tik 2013ra arte; horietatik 15.000 emakumeak izan dira, eta dozenaka milaka, adingabeak. Gaur-gaurkoz, 5.000 bat palestinar daude Israelgo espetxeetan, eta bizi guztiko espetxe zigorra dute 476k. Halaber, 1.400 inguru dira gaixo dauden presoak.
Bizi guztiko zigorra duenetako bat da Marwan Barguti, Al-Fatahen idazkari nagusia zena Zisjordanian. Atzo, ohar baten bidez, Bargutik txalotu egin zuen Al-Fatah eta Hamasek Palestinako Gobernua osatzeko negoziazioa, eta gaineratu zuen errefuxiatuak itzultzeko eskubidea ukaezina dela.
Elkarrizketa horiek "giro onean" bukatu zituzten atzo bi alderdiek, Azzam al-Ahmad Al-Fataheko ordezkariaren arabera. Mousa Abu Marzouq Hamasekoak esan du datorren astean jakinaraziko dutela gobernuaren osaketa.