«Bide autonomistak ezin du gehiago eman, eta ez diogu eutsiko fartsa honi»

Kataluniak hurrengo legealdian bere gisa independentzia aldarrika dezan sartu da politikagintzan Laporta; igandeko bozetan helburu hori lortzeko aukera guztiak dituztela dio

Joan Canela i Barrull
Girona
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Joan Laporta (Bartzelona, 1962) hutsetik hasi da politikagintzan, baina haren asmoak ez dira xumeak; sasoi batean oasi katalana esaten zitzaionaren ur lasaiak indarrez astinduko dituela dirudi. Solidaritat Catalana per la Independenciak gogor eragin nahi du Katalunian heldu den igandean egingo dituzten hauteskundeetan. Haren programa oso soila da: Parlamentuak hurrengo legealdian bere kasa independentzia aldarrikatzea. Ilusioz ari dela aitortu dio BERRIAri.

Solidaritat Catalana per la Independencia proiektu politikoa aurkezten buru-belarri zabiltza orain. Nolako harrera ari zara jasotzen?

Oso ona. Ilusioa sortzen ari garela ikusten dugu. Kanpainako aldaketa proposamen bakarra eskaintzen dugu, eta hori igarri egiten da; izan ere, gainerako proposamenek, aldaketa baino gehiago, autonomiaren bideari segitzeko moldaketak eskaintzen dituzte. Gure proiektuan argi diogu datorren legealdian independentzia aldarrikatuko dugula Europako Batasunaren barneko estatu katalana sortzeko, eta horrek sortzen duen ilusio kolektiboa herritarren artean zabaltzen ari da.

Helburu hori lortzeko dituzuen aukeren inguruko kalkulurik egin al duzue?

Aukera guztiak ditugu. Gure proposamena handizalea da, eta emaitzei dagokienez ere asmo handikoak gara.

Baina zeintzuk izan daitezke emaitzak?

Nik batez ere mezuaren zabalkundean daukat jarrita gogoa. Bostehun lagunetik gorako taldea daukagu, eta inkestez eta azterketez arduratzen direnek bide onean goazela diote.

Hauteskunde hauetan, independentziaren alde argi egiten duten hiru aukera daude, gutxienez, eta CiU inoiz baino subiranistago ageri da. Horrek aukerak murrizten dizkizue?

Hasieran, estatu propio baten alde egiten zuten alderdi guztien arteko koalizio bat sortzen ahalegindu nintzen, eta ezin izan nuen lortu. CiUk baztertu egin du aukera hori, eta ERCk boterera iritsi zenetik albo batera utzi du independentismoa. Hortaz, gurea da independentzia argi proposatuz Parlamentura sartzeko aukera erreala duen alderdi bakarra.

Bere hartan eusten diozu soilik independentzia aldarrikapenaren inguruan koalizioak eratzeko eman zenuen hitzari?

Kataluniaren independentzia aldarrikatzea onartzen duten alderdiekin baino ez dugu itunik egingo. Nahi izanez gero, alderantziz esango dut: Kataluniako independentzia aldarrikatzea ezinbestekoa da guretzat alderdi batekin itunik sinatzeko.

Ez da posible bitarteko etapa bat onartzea, azken zazpi urteotan ERCk esan duen bezala?

Guk ez diogu eutsiko gaur egungo politikariek duten eta Auzitegi Konstituzionalak berak behin betiko amaitutzat eman duen fartsa honi. Bide autonomistak ezin du gehiago eman, eta orain aukerak honako hauek dira: erabaki eskubiderik gabeko erregimen komuneko komunitate autonomoa izatea, zerga ugari ordainduz, edo, bestela, EBko estatu bat izatea.

Demagun oposizioan geratzen zaretela. Zer egingo duzue lau urtean?

Kasu horretan, independentziaren abantailak zabaltzeaz arduratuko gara, eta bide autonomista agerian uzteaz. Egungo sistemaren barruan sortzen diren itxaropen hauei guztiei aurrea hartzen ahaleginduko gara, bideragarritasun politikorik eta legezkorik ez baitute eta frustrazioa besterik ez baitute eragiten. Bestalde, lan egingo dugu klase politikoa biziberritzeko ere, eta erabaki politikoen kasuan jendearen ongizatea hobetzeko politikei emango diegu lehentasuna.

Demagun independentziaren aldarrikapena aurrera eramateko aukera sortzen dela. Zer dator horren ostean?

Independentziaren aldarrikapen alde bakarrekoak eta demokratikoak ez du atzerabiderik, eta EBrekin eta nazioarteko komunitatearekin negoziatzea ekarriko du bete-betean. Nazioarteko Zuzenbide Publikoaren arabera, legezko jarduera bat da, eta oraintsu aitortu du Hagako Auzitegiak Kosovoren kasuan. Azkenean, EBko kide gisa eskubide guztiak izango dituen Katalunia batera garamatza prozesu honek, horrelaxe baitagokio bere historiagatik, bere kulturagatik baina, batez ere, bere herritar gehienek demokratikoki adierazitako borondateagatik. Barneko ikuspegitik, gobernu berriak trantsizioa kudeatzeaz arduratuko den Lehen Kontseilaritza sortu beharko du, eta zerga agentzia propio bat, banku zentral propio bat eta gizarte segurantzako agentzia propio bat egituratu beharko ditu. Bestalde, Espainiako Estatuarekin ondasunak eta aktiboak likidatzeko irizpideak ezarri beharko ditu gobernuak.

Pentsatu duzu nolako erreakzioa izango lukeen Madrilgo gobernuak independentzia egoera hori ikusirik?

Hori bere garaian ikusiko da. Baina ezingo da indarkeriazko erantzuna izan; seguru nago horretaz. Eskubide eta askatasun demokratikoen printzipioek zuzendutako esparru ekonomiko, kultural eta politiko batean gaude. Eta adibide argi bat emango dut. 2005ean, Kataluniako Estatutuaren negoziazioen garaian, armadako buru [Jose] Mena jeneralak esan zuen Estatutuak Espainiaren batasuna arriskuan jarriko balu armadak esku hartu beharko lukeela. Horrek The New York Times egunkariak Troglodytes izenburuko editoriala argitaratzea eragin zuen, Santander eta BBVA bankuen akzioak segituan jaitsi ziren Wall Streeteko burtsan eta Mena jenerala berehala ordezkatu zuten. Lehen erabili ziren konponbide jakin batzuek ez dute lekurik gaur egun. Badakit haitzulo mediatikotik erreakzio oso gogorra etorriko dela, baina haien kanpaina partzial, interesatu eta gaiztoa indargabetzeko adina argudio ditugu. Gure xedea eraikitzea izan behar du, horrelako erronka handi baten aurrean haztea eta Madrilen esaten dutenaz ez arduratzea. Gainera, pentsatzen dut espainiarrek eboluzio demokratikoa izan dutela azken 30 urteetan eta oraintxe dutela aukera hori frogatzeko.

Katalunian botere handia duten eta independentziaren guztiz kontra dauden sektore jakin batzuek zer egingo duten ere hor dago...

Zalantzarik gabe, badaude espainolismoan guztiz ainguratutako sektore politiko, ekonomiko eta mediatikoak, abantaila handiak ematen dizkien statu quo-a mantentzea asko interesatzen zaienak. Urteak dira gustuko ez nautela adierazten hasi zirenetik, hain zuzen ere nire katalanismoagatik. Lehenago ere egin diet aurre presio eta kanpaina mediatikoei, eta niretzat ez da egoera berria. Baina aurkari gisa izaten ahal diedan errespetuaz haratago, ez diet beldurrik. Nire proposamena baketsua da, demokratikoa da, eta ni burua tente eramanda eta ezkutatu gabe noa.

Kataluniako prozesuak uste duzu eraginik izan duela Euskal Herriko ziklo aldaketan eta bake prozesuaren abiatzean?

Ez dut uste inori ikasgairik eman diezaiokegunik. Gu Kataluniaz eta Herrialde Katalanez arduratzen gara, eta gainontzekoek konpon ditzatela beren arazoak, eta defendatuko ditut konponbiderako hautatzen dituzten moduak. Jakina, pozten naiz Euskal Herrian bake prozesu bat zabaltzeaz, eta uste dut haren eskubide eta askatasunak errespetatu egin behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.